Gaylesbotrans zinemari buruzko Zinegoak jaialdia Iruñean izango da martxoaren 19tik 22ra, eta hiru film proiektatuko dira Golem Baiona zinema-aretoeta

Gaylesbotrans zinemari buruzko Zinegoak jaialdia Iruñean izango da martxoaren 19tik 22ra, eta hiru film proiektatuko dira Golem Baiona zinema-aretoeta
Iruñeko Udalak eta Kattalingorri elkarteak era horretako edukiak ekarri nahi dituzte hiriko aretoetara

Zinegoak, Nazioarteko gaylesbotrans Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdia Iruñean izango da aurten, martxoaren 19tik 22ra. Golem Baiona zinema-aretoetan 3 emanaldi izango dira, gay, lesbiana eta transexualen gaiak hirira helarazteko asmoz. Iruñeko Udalak eta Kattalingorri elkarteak ekimen horren bidez bilatzen dute era horretako edukiak hiriko aretoetara ekartzea, LGTBIQ pertsonen errealitatea ikusarazteko eta arlo publikoan zein pribatuan horren inguruko eztabaida pizteko.

LGTBI eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkari Laura Berrok, Alorreko teknikari Vanesa Eguíluzek eta Kattalingorri elkarteko ordezkari Xabi Sanchezek ekimena aurkeztu dute gaur goizean, prentsaurrekoan.

Zinegoak 2004. urtean jaio zen Bilbon, kultura, zinema eta arte eszenikoen bidez sentsibilizazioa bultatzeko tresna gisa. Jaialdi hau urtero otsailean egin ohi da, Bilbon, eta martxoan Euskal Herriko herri ugaritan barna bira egiten du, nazioartean LGTB jaialdien erreferente bihurtu delarik. Zinegoaken ikus-entzunezko 100 lan eszeniko baino gehiago proiektatzen dira (film luzeak, film laburrak, dokumentalak, etab.), gehienak nazioarteko jaialdietan sarituak izan direnak. Aurreko edizioetan 10.000 lagunetik gora parte hartu izan dute Zinegoaken.

Zinegoak Hedapenak, bigarren urtez jarraian, jarduerak egingo ditu Nafarroan. Hain zuzen ere martxoaren 19tik 23ra, Iruñean, Lizarran eta Tuteran. Iruñearen kasuan, hiru saio egingo dira jendeari zabalik Golem Baiona zinema-aretoetan, martxoaren 19an, 21ean eta 22an, 19:30ean, 1. aretoan (300 lagunendako tokia du).

Zinegoak Hedapena Nafarroara ekartzearekin batera, Iruñeko Udalak bilatzen du ekintzak eta aliantzak sortzea arlo politikoan, kultur arloan, gizartearen zein ekonomiaren arloan eta arlo juridikoan, sexu- zein genero-aniztasunaren eskubideei balioa emateko eta horiek errespetatzeko asmoarekin. Beste helburuetako bat da LGTBIQ pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko sentsibilizazio-jarduerak proposatu zein gauzatzea, eta kolektibo horien auto-adierazpena eta autonomia sustatzea. Halaber, bilatzen du sexu- zein genero-orientazioa dela medio jasandako diskriminazioak, bidegabekeriak eta gehiegikeriak murriztu eta deuseztatzea.

Obrak

Martxoaren 19an, astelehenarekin, Nadie nos mira film luzea proiektatuko da, eta Pau Guillén Zinegoak jaialdiko zuzendariak aurkeztuko du. Julia Solomonoffen drama bat da, Argentinan, Espainian, Kolonbian, Brasilen eta Estatu Batuetan filmatua, 2017an. Merezi al du dena uztea gure buruarekin zintzo izateko? Zalantza horri buruzko hausnarketa egiten du filmak.

Martxoaren 21ean, asteazkenarekin, Myriam Fougèreren Feminista (Kanada, 2017) proiektatuko da, road movie feminista bat, zeina jatorrizko bertsioan ikusi ahal izango baita -portuges, frantses, italiera, ingeles eta gaztelaniaz-, gaztelaniazko azpitituluekin. Feminismo globalaren bihotzerako bidaia da. Gazte aktibista talde batek karabana batean egindako ibilbidea kontatzen du, Europako hogei herrialdetan barna, Turkiatik hasi eta Portugaleraino, Balkanak, Italia eta Espainiatik igarota. Emakumeen Mundu Martxak egingo du filmaren aurkezpena.

Zinegoak Hedapenari buru emateko, martxoaren 22an, film labur sorta hautatu bat ikusi ahal izango da. Transkolorek egingo du aurkezpena.

Jaialdiaren kartela Ane Pikaza euskal artistaren ilustrazio bat da. Maitasun lesbikoa eta gorputz anitz ez estereotipatuak irudikatzen ditu: bi emakume uretan flotatzen daude eta elkarri musu emateko gerturatzen ari dira.

¿Te ha sido útil esta página?