[EUS] Kontsulta publikoa, Iruñeko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen ordenantza aldatzeari buruz

[EUS] Kontsulta publikoa, Iruñeko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen ordenantza aldatzeari buruz
Moderation state
Publicado

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen 133. artikuluan ezarritakoarekin bat, kontsulta publikoa bideratu behar da erregelamendu-arauen proiektuak egin baino lehen. Hori horrela, honako hau erabakitzen da: 

Kontsulta publikoa egitea, aurrez, Iruñeko Udalaren webgunearen bitartez, jasotzeko zer iritzi duten Iruñeko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen ordenantzari etorkizunean eginen zaion aldaketak uki ditzakeen herritarrek eta antolakunderik esanguratsuenek; aldaketa jarraian azaltzen diren zioengatik eta ezaugarri hauekin bat jarri da mahai gainean, betiere bat etorrita aipatu 39/2015 Legeak ezarritakoarekin:


1.- EKIMENAREN BITARTEZ KONPONDU NAHI DIREN ARAZOAK

Nahiz eta 18/1986 Foru Legeak argiro bereizten dituen eremu mistoa eta eremu euskalduna, indarrean den Ordenantzak eremuok lausotzen ditu Iruña eremu euskalduneko hiri bihurtzen amaitzeko, eta, are, alderdi batzuetan eremu horretako araubidea ere gainditzen du. Hori horrela, esate baterako, Ordenantzak nahitaezko elebitasuna orokorra inposatzen du komunikazioetan (3. artikulua) eta Udalaren irudian (7. artikulua). Aitzitik, Foru Legeak ez du alderdi horiei buruz ezer esaten eremu mistoa arautzean; are, eremu euskaldunean ez du nahitaezkotzat jotzen komunikazio elebiduna, baizik eta ezartzen herritarrek bi hizkuntzetako bat hauta dezatela (11. eta 12. artikuluak) Gauza bera gertatzen da Udalaren irudiarekin, non, besterik gabe, Ordenantzak beretzat hartu baitu errotulazio orokor eta erabat elebiduna, zeina Foru Legeak eremu euskaldunerako ezartzen baitu, baina ez Iruña dagoen eremu mistorako.

Langileen arloan, Ordenantza berriro doa Foru Legean eremu mistorako araututakoaz harago; izan ere, lege-xedapenak eremu euskaldunerako aitortzen duen eskubidea hartzen du abiapuntu, hau da, herritarrek arreta bi hizkuntzetan jasotzeko eskubidea. Eremu mistoan, baina, eskubide hori ez dago legez aitorturik, eta hortaz, Iruñeko herritarrek eskubidea dute Udalari bi hizkuntzetan zuzentzeko, baina ez hautatutako hizkuntzan harrera edukitzeko eskubidea. Arauaren desegokitasun horrek bide ematen dio indarrean den Ordenantzari aurreikusteko lanpostu ugari bete behar direnean euskarazko titulazioa dutenen artean eginen dela, eta, baita ere, lan-deialdi guztietan ezartzeko euskararen ezagutzaren balorazioa, merezimenduen % 14 izatera iris daitekeena. Are, euskara aurretik jakiteko betekizun hori zabaltzen da Udalak kontratatutako enpresetako lanpostuetara.


2.- ONESPENAREN BEHARRA ETA EGOKITASUNA

Aldaketa beharrezkoa da ezin delako mantendu funtzio publikorako sarbidearen esparruko araubide bat non eta hori Espainiako konstituzioak aukera-berdintasunerako berme gisa ezarritako berdintasun-printzipioarekin nekez bateragarria baita. Halaber, aldaketa beharrezkoa da oraingo sistema ez datorrelako bat Iruñeko errealitate soziolinguistikoarekin, eta horixe delako Euskararen Foru Legean ezarritako zonakatzearen oinarria. 
 

3.- ARAUAREN HELBURUAK

Aldaketarekin lortu nahi da elebitasun osoa ez inposatzea administrazioen arteko harremanetan, eta, ostera, hizkuntza baten edo bestearen erabilera hartzailearen nahien arabera erabil dadin; halaber, Udalari euskaraz zuzentzeko eta erantzuna hizkuntza horretan jasotzeko eskubidearen bermea defendatzen da, baina horrek ezinen du berekin ekarri hizkuntza dakitenentzat bakarrik mugatutako ezin konta ahala lanpostu sortzea; orobat, Udalaren irudian arautu nahi da elebitasuna, modu orekatuan eta bereizketa eginez informazioaren jomugaren arabera, eta ez inolako bereizketarik egin gabe, indarreko arauak egiten duen bezala; era berean, asmoa da euskararen presentzia doitzea publizitate-iragarkietan, guztizkoaren % 25era bitarte, erabilera-ehunekoa gaindituta baina indarreko arauak ezartzen duen % 100eko presentzia nahitaezkoa saihesturik; halaber, lanpostuak betetzean euskararen balorazioa hautazkoa izan dadin defendatzen da, indarreko arauak ezartzen duenaren kontrara, horretan nahitaezkoa baita, eta, azkenik, euskararen ezagutza behar duten lanpostuak egonen direla aurreikusten da, bai, baina ez oro har.
 

4.- IZAN LITEZKEEN BESTELAKO AUKERA ERREGULATZAILE ETA EZ-ERREGULATZAILEAK
Proposatutako helburuak lortzeko nahitaez aldatu behar da Ordenantza.


KONTSULTA PUBLIKORAKO EPEA: 10 egun balioduneko epea, erabaki hau onetsi eta biharamunetik aitzina.

BIDEA: Proposamenak helbide elektroniko honetara bidali beharko dira: ordenanzaeuskera@pamplona.es 

Documentos adjuntos