Iruneko Udalaren 2016eko Memoria

Aurrekontuaren betetze-maila

Aurkezpena

3 aldagaik, batez ere, eragin dute 2016ko ekitaldiaren aurrekontuan:

  • 1) Aipatutako 2/2012 Lege Organikoaren aurrekontu-irizpideen aplikazioa da lehenengoa: aurrekontu-oreka, gastu-erregela eta finantza-jasangarritasuna.
  • 2) Bigarrena 2016ko aurrekontua zein plantilla organikoa Osoko Bilkurak onetsi zituela da, estreinako aldia izan baitzen hura, luzatu egin zirelako aurrekontuak aurreko lau urteetan.
  • 3) Eta hirugarrena zera izan zen, 2015eko hauteskundeen emaitzetatik ateratako gobernu-taldeak agindu duen estreinako ekitaldi osoa izan zela 2016koa.

Aurrekontu-esparru horretan, beraz, hauxe nabarmendu behar da Iruñeko Udalaren 2016ko ekitaldiko Kontu Orokorrari dagokionez:

  • Egindako gastu bateratuak 196,2 milioi euro jo zuen, hau da, % 1,5 handitu zen 2015eko likidazio bateratuaren aldean. Diru-sarrera bateratuek 209,8 milioi euro jo zuten guztira, hau da, aurreko urtean baino % 4,6 gehiago.
  • Jarduneko langileei zein langile pasiboei dagozkien ordainsarien gastuek 84,6 milioi euro jo zuten, hau da, gastu guztiaren % 43,12. % 0,9 handitu zen kapitulu hori 2015ekoarekin alderatuta, 2012an ordaindu ez zen aparteko sariaren % 50 eman bazen ere bi ekitaldietan.
  • Ondasun arrunten erosketak eta zerbitzuak emateak eragindako gastu arruntek 67,7 milioi euro jo zuten, hau da, gastu osoaren % 34,5. Kapitulu horretan, % 6,8 handitu zen kopurua, 2015eko gastuaren aldean.
  • Interesen finantza-gastuek 1,5 milioi euroko gastua eragin dute; 2015ean, berriz, 3,3 milioi euro izan ziren (% 54,4 gutxiago). 2015eko zenbatekoa epai bat betetzeko ordaindu diren berandutze-interesek eragin zuten. Maileguen amortizazioak 7,8 milioi euro jo zuen, hau da, 2015ean baino % 3,7 gutxiago. Guztizko finantza-zamak, interesak eta amortizazioa barne hartuta, 9,3 milioi euro jo zuen, hau da, aitortutako guztizko gastuaren % 4,7.
  • Transferentzia arruntek 12,9 milioi euro jo zuten, aurreko urtean baino % 12,7 gutxiago, eta betetako gastu guztiaren % 6,6 egin zuten.
  • Kapital-eraketa gordinerako zuzkidurak, hau da, Udalaren inbertsioetarako zuzkidurak zein hirugarrenek egindakoen finantzamenduan parte hartzekoak, 21,6 milioi euro izan ziren. Bere osoan 1,6 milioi euro gehiago izan ziren 2015ean baino. Zehazki, inbertsio errealei dagokien kapituluaren betetze-maila % 31,9 handitu zen aurreko urtekoaren aldean. Izan ere, 20,5 milioi euro izan zen, hau da, egindako guztizko gastuaren % 10,5. Eta kapital-transferentziak milioi bat euro izateraino murriztu ziren, hau da, 2015ean baino % 70,2 gutxiago.
  • Diru-sarrera bateratuetan zenbateko handiena, 96,7 milioi euro, 4. kapituluko transferentzia arruntei egokitu zitzaien. Kopuru horrek eta kapital-transferentziei dagokien 7,5. kapituluko 7 milioiek, batera hartuta, likidatutako guztizkoaren % 50,4 egin zuten.
  • Zuzeneko zergei dagozkien likidazioak % 5,9 igo ziren, 55,8 milioi euro bitarte, eta zeharkako zergen bidezko diru-sarrerak (eraikin, instalazio eta obren gaineko zerga) % 60,4 igo ziren 2015ekoen aldean, hau da, 8 milioi euro bitarte.
  • Diru-sarreren 3. kapitulua pixka bat igo zen (% 0,3), 31,1 milioi euro arte; 8. kapitulua, berriz, % 81,8 murriztu zen (0,7 milioi euro).
  • Diru-sarreren 5. kapitulua % 26,9 handitu zen, batez ere ondasun higiezinen errentetan eta emakidetan, 2,9 milioi jotzeraino.
  • Diru-sarreren 6. kapituluak –non ondare-besterentzeen zenbatekoa jasotzen baita– 6,8 milioi euroren betetze-maila izan zuen.
  • 2016an ez zen mailegu berririk kontratatu; beraz, finantza-pasiboen diru-sarreren 9. kapitulua zero da, 2015ean bezala.

Aurrekontuaren betetze-maila eta herritarrak

Guztizko gastutik, % 39,3, hau da, 454 euro biztanleko, erabili zuen Iruñeak oinarrizko zerbitzu publikoekin lotutako gastuetarako (hirigintza, ingurumena eta herritarren segurtasuna). Haren atzetik dator gizarte-babes eta -sustapenean egindako gastua, zeina osoaren % 23 izan baitzen, hots, 250 euro pertsona bakoitzeko.

Udalaren aurrekontuaren betetze-maila bateratua herritarrak kontuan harturik aztertuz gero, ikus daiteke 2016ko diru-sarrerek 1.072 euro jo zutela biztanle bakoitzeko; gastua, aldiz, 1.003 eurokoa izan zen, eta 110 € inbertsioetara bideratu ziren (6, eta 7. kapituluak, batera aztertuta).

Diru-sarrera guztien % 30,4 udal-eskumeneko zergetatik etorri zen, eta horrek esan nahi du pertsona bakoitzak, batez beste, 326 euro jarri zituela

Bestetik, modu bateratu batean hartuta, zerbitzuak eman, jarduerak egin eta jabari publikoa erabiltzeagatik kobratutako tasa eta prezio publikoen, ondasun higigarri eta higiezinen salmentaren, ondareko diru-sarreren eta aurrerakin zein maileguen itzuleren bitartez, 209 euro eskuratu ziren biztanleko. Transferentzia arruntek (Hiriburutza Agiria, Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetako partaidetza eta beste zenbait ekarpen) biztanle bakoitzeko eragindako diru-sarrera 498 euro izan ziren. Biztanleko beste 38 euro jaso ziren, kapital-transferentziak eta kapitaleko bestelako diru-sarrerak zirela medio.

Gastuen aurrekontuaren betetze-maila

2016ko ekitaldian aitortutako betebehar bateratuak 196,2 milioi euro izan ziren, hau da, behin betiko aurrekontu bateratuaren (219 milioi euro) % 89,6. Hau izan da, zehazki, bateratutako entitate bakoitzaren betetze-maila:

Udala

91,60%

Hirigintza Gerentzia

59,24%

Haur Eskolak

96,40%

Gastua kapituluka sailkatuta, parterik handiena langileria-gastuak biltzen dituen 1. kapituluari egokitu zitzaion: gastuaren % 43,1 (84,6 milioi euro). Horren ostean, 2. kapitulua dator, ondasun arruntei eta zerbitzuei dagozkien gastuak, osoaren % 34,5rekin (67,7 milioi euro), eta 6. kapitulua, inbertsio errealei dagokiena, % 10,5arekin (20,5 milioi euro).

2016an, ekitaldi arrunteko ordainketek 171,6 milioi euro jo zuten, 24,6 milioi euro ordaintzeko gelditu zirelarik. Horrenbestez, betebeharren edo ordainketen betetze-maila % 87,5ekoa izan zen (% 93koa, 2015ean).

Gastu-alorren arabera aztertuz gero, oinarrizko zerbitzu publikoak (hirigintza, bide publikoa, ekologia eta segurtasuna) ekoizteak ekarri zuen gastu-portzentaje handiena, gastu osoaren % 47 hain zuzen. Horren ostean, gizarte-babesari eta -sustapenari dagozkien zerbitzuak (gizarte-zerbitzuak) datoz, % 22rekin, eta babes zibilari eta herritarren segurtasunari dagozkienak, % 15,60rekin.

Diru-sarreren aurrekontuaren betetze-maila

Aitortutako eskubide bateratu garbiak 209,8 milioi euro izan ziren, hau da, behin betiko aurreikuspenen % 95,8. Hala ere, kontuan hartuta Diruzaintzako geldikinari dagokion 87. artikuluko aurreikuspenak ez direla likidatutako zenbateko bilakatzen, adierazgarriagoa da behin betiko aurrekontuari artikulu horretako aurreikuspenen zenbatekoa kenduta kalkulatutako ratioa: izan ere, kasu horretan, % 101,2ra iristen da aurrekontuaren betetze-maila.

Bateratutako entitate bakoitzaren aurrekontuaren betetze-maila, betiere guztizko aurreikuspenetan diruzaintzako geldikinari dagozkionak sartu gabe, hau izan zen:

Udala

101,96 %

Hirigintza Gerentzia

77,84 %

Haur Eskolak

98,36 %

Diru-sarreren osaerari dagokionez, transferentzia arruntek izan zuten parterik handiena, diru-sarrera guztien % 46,5arekin, eta, gero, zuzeneko zergek, % 26,6arekin.

Zergek, zuzenekoek nahiz zeharkakoek, Udalak eskuratutako guztizko diru-sarrera likidatuen % 30,4 egin zuten.

Betetze-mailari dagokionez, diru-sarreren 1., 2., 3., 5. eta 7. kapituluen aurreikuspenak gainditu ziren.

Aurrekontu arrunteko diru-bilketa likido bateratua 198,8 milioi euro izan zen, eta 11,1 milioi kobratzeko gelditu ziren. Horrenbestez, eskubideen gauzatze-portzentajeak eta kobrantzen betetzearenak, likidatutako zenbatekoen gainean, % 94,73 jo zuten (% 92,59, 2015ean).