Memoria del Ayuntamiento de Pamplona 2019

HOLKULARITZA JURIDIKOA

Iruñeko Udaleko Aholkularitza Juridikoa Alkatetzari, Tokiko Gobernu Batzarrari eta zuzendaritza-organoei aholkularitza juridikoa emateaz arduratzen den administrazio-organoa da. Eginkizun hauek ditu esleiturik: aholkularitza juridikoa ematea, bai eta Iruñeko Udala eta haren erakunde autonomoak epaiketetan defendatu eta ordezkatzea ere.

2020. urtean, honako langile hauek izan zituen: 2 administrari, zeinak lanean aritu baitziren dela Osoko Bilkuraren Idazkaritzarako dela Gobernu Estrategikoko Alorrerako –kasu horretan informazio publikoa eskuratzeko aurkeztutako eskabideen tramitazioan–, 8 lizentziadun Zuzenbidean eta 10 legelari, eta horiez gain, Tokiko Gobernu Batzarrari Laguntzeko Organoaren titularra, Alorreko zinegotzi ordezkaria eta Aholkularitza Juridikoko zuzendaria –bi organo horiek beharrezkoak baitira Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 130.1.B.d) artikuluaren arabera–. Hirigintza Gerentziaren aholkularitza juridikoak, gainera, 3 legelari eta Zuzenbideko lizentziadun bat ditu, baita zuzendaria ere.

Epaiketetako ordezkaritza laguntza teknikoko kontratuaren prokuradore esleipendunak egiten du, gehienbat.

Aholkularitza juridikoak zeregin nagusi hauek izan ditu 2020an:

  1. Iruñeko Udalak eta haren organismo autonomoek esleitutako kontratuei buruzko nahitaezko legezkotasun-txostenak egitea; kontratuen ezaugarriak idaztea; parte hartzea, idazkari-lanak eginez, prozedura negoziatuetako kasuan kasuko kontratazio-mahaietan eta negoziazio-batzordeetan.
  2. Iruñeko Udalaren besterentzeak, administrazio-emakidak, erabilera-lizentziak eta ondasunen errentamenduak arautu zituzten baldintza-plegu eta kontratuak prestatzea eta txosten juridikoak egitea, eta, gainera, kontratazio-mahaietan parte hartzea idazkaritza-eginkizunetan.
  3. Dirulaguntzetarako deialdien oinarriak idazteko lanetan parte hartzea, dirulaguntzetarako deialdien gaineko legezkotasun-txostenak prestatzea eta balorazio-batzorde batzuetan parte hartzea dirulaguntzak emateko proposamenak egiteko.
  4. Lankidetza-hitzarmenen prestaketan parte hartzea, eta Iruñeko Udalak onetsi zituen hitzarmenen gaineko legezkotasun-txostenak egitea.
  5. Herritarrendako lege-aholkularitzaz arduratzea Emakumeendako Udal Arreta Zerbitzuan.
  6. Hirigintza-lizentzien espedienteetan txosten juridikoak egitea, hirigintza-legezkotasuna babestea eta arlo horretako zehapen-espedienteak egitea.
  7. Iruñeko Udaleko Hiria Birgaitzeko Bulegoak kudeatu zituen birgaitzeko laguntzen espedienteetan aholkularitza juridikoa ematea.
  8. Herritarrei aholku ematea eraikinak zaharberritzearekin lotutako alderdi juridikoen gainean, jabeen erkidegoen akordioek eraikinak zaharberritzeari dagokionez izan behar duten edukiaren gainean, bai eta akordio horiek baliozkoak izateko izan behar dituzten betebehar juridikoen gainean ere. Bestalde, Hiria Birgaitzeko Bulegoan bertan egindako jabeen erkidegoen batzarretan ere parte hartzen du.
  9. Txosten juridikoak egitea, plangintza- zein birpartzelazio-dokumentuak eta urbanizazio-proiektuak onesteko, bai eta Iruñeko Udalak onetsitako hirigintza-plangintzako eta -kudeaketako hitzarmenetan ere.
  10. Txosten juridikoak egitea zirkulazioko, ingurumeneko, hiri-ekologiako eta osasuneko zehapen-espedienteetan.
  11. Txosten juridikoak egitea langileekin zerikusia duten gaietan, eta langileak hautatzeko prozeduretan parte hartzea.
  12. Txosten juridikoak egitea ondarezko erantzukizuneko espedienteetan eta udal-ondasunei egindako kalteak erreklamatzeko espedienteetan.
  13. Teknikariekin elkarlanean ordenantzak idaztea, eta horiei buruzko legezkotasun-txostenak egitea.
  14. Aholkularitza juridikoa ematea erroldatze, udal-erregistro, ezkontza zibil eta izatezko bikoteen gaineko espedienteekin lotuta.
  15. Udal-alorretako idazkari teknikoen eta Osoko Bilkuren idazkariaren ordezkapen-lana egitea, haiek oporretan, baimen-egoeretan eta aldi baterako lanerako ezintasun-egoeretan daudenean. 
  16. Aholkularitza juridikoa eta idazkaritza-eginkizunak egitea Haur Eskolen erakunde autonomoarentzat, Gayarre Antzokia udal-fundazioan eta Emakumearen Kontseiluan.
  17. Laguntza ematea, idazkari- eta mahaikide-eginkizunak betez, honako merkataritza-sozietate hauetako akziodunen batzarretan eta administrazio-kontseiluetan: Iruña Biziberritzen SA (PCH), ASIMEC SA, Comiruña SA, Mercairuña SA eta Asociación Navarra de Informática Municipal SA (ANIMSA).
  18. Zinegotzigoek, alorretako zuzendaritzek, idazkaritza teknikoek eta Iruñeko Udaleko langileek hitzez egindako hainbat kontsultari erantzun zitzaien.
  19. Iruñeko Udala defendatzea jurisdikzio-ordena guztietako epaitegi eta auzitegietan.

2020an, zerbitzu juridikoak administrazio-fasean honako errekurtso hauek defendatzeaz arduratu ziren:

Berraztertze-errekurtsoak. 1.086 errekurtso izapidetu dira, eta 1.078 ebatzi.

Ebatzitako errekurtsoen emaitzei dagokienez: 43 ez dira onartu (% 3,98), 1ek atzera egin du (% 0,09), 662 gaitzetsi dira (% 61,41), 355 baietsi dira (% 32,93), 11 partzialki baietsi dira (% 1,02) eta 1 artxibatu da(% 0,09).

Ebazteko: 8.

Gora jotzeko errekurtsoak. 823 errekurtso berri izapidetu dira, eta guztira 372 ebatzi.

Ebatzitako errekurtsoen emaitzei dagokienez: 32 ez dira onartu (% 8,60), 16 artxibatu dira (% 4,3), 2k atzera egin dute (% 0,06), 215 gaitzetsi dira (% 57,79), 100 baietsi dira (% 26,88), 33 partzialki baietsi dira (% 8,87) eta 28tan nahiak onartu dira (% 7,52).

Ebazteko: 524.

2020an, zerbitzu juridikoak Iruñeko Udala eta haren erakunde autonomoak defendatzeaz arduratu ziren administrazioarekiko auzien ordenako, ordena zibileko, merkataritza-ordenako, zigor-ordenako eta lan-ordenako epaitegi eta auzitegietan jarraitutako 269 prozeduratan (184 auto nagusi eta 85 intzidental zenbatu dira).

Prozedura motaren arabera, auto nagusi eta intzidentaletako defentsa egin zen administrazioarekiko 193 auzitan, ordena zibileko 41etan, zigor-ordenako 33tan eta lan arloko 71tan. Gainera, legelari-laguntza ere eman du udal-langileek zigor-prozeduretan ikertu gisa emandako deklarazioetan.

Defendatutako administrazioarekiko auzien prozeduretatik, prozedura zibiletatik eta zigor-prozeduretatik 192k zenbateko zehaztugabea zuten. Beste 77 prozedurek zenbateko zehaztua zuten; orotara, 12.399.972,75 euro.

2020an, administrazioarekiko auzien arloan, arlo zibilean eta zigor-arloan 133 prozedura amaitu dira (administrazioarekiko auzietako 86 prozedura, 20 prozedura zibil, 14 zigor-prozedura eta lan arloko 10 prozedura), eta horietatik 64 prozedura nagusiak izan dira. Amaitutako prozeduretatik, 87 (% 65,4) udal-interesen aldekoak izan dira, 45 (% 3,8) aurkakoak eta bat hein batean baietsita.

Kostuei dagokienez, Iruñeko Udalak eta haren erakunde autonomoek 12.688,39 euro jaso dituzte, eta 30.967,88 euro ordaindu.