Memoria del Ayuntamiento de Pamplona 2019

BERDINTASUNA ETA LGTBI

RUÑEKO III. BERDINTASUN PLANAREN GARAPENA

2020an berrikuntza batzuk abiatu dira, bai eta udal-alorrek lehengo programazioen esparruan egin ohi dituzten ekintzak mantendu ere. Gauzatutako aurrekontua 566.847 euro izan da.

Jardueren kudeaketa: 196.882 euro

Dirulaguntzak: 163.814 euro

Hainbat gastu: 7.198 euro

Publizitatea: 35.230 euro

Ikerketa eta lan teknikoen kontratazioa: 137.532 euro

Kalte-ordainak: 26.189 euro

GOBERNANTZA ETA KONPROMISO POLITIKOA

2020ko irailean, laguntza teknikoa lizitatu zen, 2020. urteko Plan Operatiboaren jarraipena eta balorazioa egiteko eta Iruñeko III. Berdintasun Planaren 2021eko Plan Operatiboa diseinatzeko. ENRED Consultoría enpresari adjudikatu zitzaion, azaroaren 5ean.

Azaroaren 25ean onlineko saio bat egin zen Berdintasuneko Batzorde Teknikoa aurkezteko, eta epe-proposamen baten berri eman zen 2021eko Programa Operatiboa eratzeko, bai eta zereginak eta epeak ezarri ere 2020ko Jarraipen Txostena egiteko. Bertaratuei saioa jarraitzeko tresna eta erabilera-gida zein jarraipenak igorri zitzaizkien, eta ekintzen 113 jarraipen-fitxa jaso ziren. Abenduan, zenbait bilera ere egin ziren, online.

Berdintasuneko teknikariek parte hartu dute Nafarroako Toki Erakundeetako Teknikarien Sarearen jardueretan (azaroaren 25eko kanpaina eta zaintza-lanen gaineko balorazio-kanpaina).

Iruñeko Udalaren protokoloak eguneratu dira, hala sexu-jazarpenekoa nola sexuarengatik sortutakoa, arau-markoari doitzeko eta prozedurak hobetzeko. Zerbitzua elkarlanean aritu da Laneko Arriskuen Prebentzioko Zerbitzuarekin eta Kultura eta Berdintasuneko Alorrarekin, Lan Segurtasun eta Osasuneko Batzordearen parte-hartzearekin. Laneko Arriskuen Prebentzioko Zerbitzuak Protokoloaren hedapena egiten segitu du, liburuxken bidez eta Udalaren Intraneten. Arreta berezia jarri zaie kontratazio berriko langileei.

Gaitasun- eta aholkularitza-ekintzak

  1. Genero-ikuspegia txertatu da dirulaguntzen deialdietan (12 emakume eta 5 gizon).
  2. Jarraibideak eratu dira genero-inpaktuaren gaineko txostenak egiteko. Banakako aholkularitza-zerbitzua martxan jarri da, zeinak honako hauek egiten parte hartu duen: Animaliak Edukitzeari buruzko Ordenantza, Merkataritzari buruzko Ordenantza, Energia Trantsiziorako eta Klima Aldaketarako Estrategia, 2021eko aurrekontuak eta Emakumeen Udal Kontseiluaren Erregelamendu berriak eragindako genero-inpaktuaren gaineko txostena. Halaber, lehenbiziko prestakuntza-taldea sortu da eremu honetan (13 emakume eta gizon 1):
  3. “Gogoetak eta kontzeptuak berdintasunaren inguruan”. Prestakuntza-saioa Civivox sareko langileei eman zitzaien, genero-ikuspegia txertatu dezaten jendeari harrera egiterakoan.
  4. Prestakuntza UPASei (Iruñeko Udaltzaingoko Gizarte Babeseko eta Arretako Brigada). Prestakuntza eman da (Foruzaingoak antolatutako ikastaro batean) genero-indarkeriaren gainean eta sexu-erasoen biktimei arreta psikologikoa emateko, eta Genero-indarkeriari buruzko III. Jardunaldiak antolatu dira, online, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren bidez. UPASek eta Komunitate Poliziak parte hartu dute "Iruñeko Udalaren haurtzaro eta nerabezaroko diziplina arteko mahaian".

EMAKUMEAK AHALDUNTZEA, ETA BALIO-ALDAKETA

Emakumeen Etxea finkatuta dago hala gogoetagune nola gizarte berdinzalea lortzeko banakako eta taldekako ahalduntze gune gisara. 2020an, 5 jarraipen-batzorde eta koordinazio-taldearen 8 bilera egin ziren.

Irailetik, saio eta ikastaroetan aurrez aurre eta online aritzearekin batera, proposamen batzuk gauzatu dira, hala nola bideo-sorkuntzako lantegi bat, bizikleta-mekanikakoa, komunikaziokoa, antsietatea kudetzekoa eta irakurketa-klub feminista bat. Feminismoen Eskolan, halaber, bi prestakuntza-maila eman dira.

EMATIC, emakume eta teknologia berriei buruzko Udalaren zentroa, 1.400 ordutik gora egon da zabalik 2020an, 294 erabiltzaileri eman die prestakuntza, eta bidea eman die 1.644 emakumeri zentroko baliabideak erabiltzeko, bere kabuz edo espezialisten laguntzaz. Bideo bat editatu da, zentroak 18 urte baino gehiagotan egin duen lana ezagutzera emateko. IKTen esparruan ere, Udalak otsailaren 11 ospatu du, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna, emakume beterano digitalen topaketa batez eta ziberfeminismoari buruzko hitzaldi batez.

2020ko abenduan, Emakumeen Dokumentazio Zentroa-Liburutegia berriz ere zabaldu ditu ateak Emakumeen Etxean, non 15.650 erregistro bibliografikotik gora egin baitira kontsulta eta mailegurako. Zentroa Ipes elkartearen eta Udalaren arteko hitzarmen batek arautzen du.

Emakumeen Udal Kontseilua urte osoan zehar aritu da jardunean eta funtzionamendu-araudi berria onetsi du.

Dirulaguntzetarako deia egin da Iruñeko emakumeen elkarteei, kolektibo feministei eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateei zuzenduta, proiektuak finantzatze aldera hala bizitzaren esparru guztietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen eta neskatoen ahalduntzea bultzatzeko sentsibilizazioa eta jarreren aldaketa progresiboa sustatzeari begira nola hori bultzatuko duten azterlanen eta dokumentazioaren ezagumendua, ikerketa eta zabalkundea babesteari begira. Deialdiak 19 entitateren proiektuak finantzatu ditu, 81.206 eurorekin.

Bizitza-pilulak. Saio honek emakumeen biografiak eta haien ekarpenak Iruñeko historiari bildu eta hedatzen ditu. 2020an, mikrodokumental bat gehitu zitzaion Jacoba Sanmiguel merkatari iruindarraren biografiari buruz, zeina oso ezaguna izan bitzen pasa den mendeko erdialdean.

Elkarlana beste udal-alorrekin

Kulturaren esparruan, “Zinemako emakume heroiak” zikloa Civivoxen egiten jarraitu da (otsailetik maiatzera eta urritik abendura bitarteko aldietan). Filmak Iturramako Civivoxean eta Sanduzelaiko Civivoxean eman dituzte. “Zinema eta sailetako emakume menderagaitzak eta arriskutsuak. Alde guztietara joan ziren neska gaiztoak” saioaren beste edizio bat egin da, bai eta “Jazza emakume izenaz” hitzaldia eta emakume artisten erakusketa batzuk edo emakumeen errealitate ezberdinak munduan islatzen dutenak ere ("Gu gara", "Sumangali, zapaldutako emakume indiarren drama” eta "Meraki, emakume-begiradak").

Kirolari dagokionez, Areto Futboleko Udal Eskola Ligaren Erregelamendua, 2019-2020rako, eratzeko lanean aritu da, eta talde mistoak sustatzeko jarduketa-protokolo bat gehitu da jakiteko nola jokatu behar den sexu-bazterketarik, sexu-erasorik edo desgaitasunik gertatzen bada. 

Enplegagarritasuna sustatzeko neurriei dagokienez, emakume prestatzaileen kontratazioa sustatu da eta emakumeak gehiengoa dira “Iruña ekintzaile” programan (19 emakume eta 3 gizon) eta “Pentsatu eta ekin” proiektuaren saioetan.

Hezkuntzako Alorrak neurri batzuk hartu ditu genero-berdintasuna bultzatzeko “Irakur dezagun” irakurtzera animatzeko programan; Guraso Elkarteei zuzendutako jardueretan, genero-ikuspegia txertatu da gurasotasun positiboko taldeetan eta eskolaz kanpo jarduerak antolatzeko eta egiteko gastuen % 85era bitarte estali da, familia eta laneko bizitza bateragarriak egiteko.

Euskara Zerbitzuan, emakume euskaldunen lana ikusgai jarri da, DBHko 1. mailako ikasleen eta arte munduan erreferente diren euskaldunen arteko topaketetan, eta Lehen Hezkuntzako 2. mailan egiten diren ipuin-kontalaritzako saioak aprobetxatu dira istorioen bidez estereotipoak hausteko edota maskulinitate eta feminitate berdinzaleak eta era askotakoak eraikitzeko.

ZAINKETA-LANAK ETA ERANTZUNKIDETASUNA FUNTSEZKO ELEMENTUTZAT AITORTZEA

“Elkarrekin ibilita kideak egin” ikus-entzunezko kanpaina garatu da abenduaren 1ean ospatzen den GIB-HIESaren kontrako borrokaren Mundu Egunaren karietara. Kanpainak emakume-taldeen zaintza-lanak eta ahalduntzea balioesten ditu eta aitortza egiten die GIBak kutsatu eta erasotako pertsonen ibilbideari eta aktibismoari.

Zerbitzua “Hirigintza-gida, Iruñean ardurakidetzaz eta jasangarritasunez jokatzeko” agiria egiten hasi da beste batzuekin elkarlanean, ikuspegi feminista hiriko hirigintza-antolamenduan txertatzeko.

EMAKUMEEN AURKAKO INDARKERIARIK GABEKO BIZITZA HIRI SEGURUAN

  • Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Iruñeko Udalak bat egin zuen egunarekin “Izan zirelako izanen gara!” lelopeko kanpaina baten bidez. Hura koordinazioan gauzatu zen Nafarroako toki-entitateekin, eta berezko kultura- eta sentsibilizazio-programazioa bultzatu zuen: antzerki-saioak (horietako bat dramatizaturik), lantegi bat, film laburren saio bat eta politika publikoei buruzko mahai-inguru bat.

Ekitaldi instituzional batek omenaldia egin zien bost emakumeri: Ekaterina Bukareva enpresaria, Celia Pinedo GKEen Koordinakundeko lehendakaria, Palmira Salinero ONCEko kidea, Eugenia Echarren bere izena daraman kantu-eskolako zuzendari eta kantaria eta Maider Irisarri Osasunako jokalaria.

Bezperan, morez argiztatu zen Udaletxeko fatxada. Kanpaina udal-mupien bidez hedatu zen. Hilabete honetan, zabalik dago, Kondestablearen Jauregian, “Titiak. Bidaia bat jazarpenera”erakusketa. Bertan, pintura, ilustrazio eta Street Art eremuetako 29 emakume sortzailek beren ikuspegia helarazten dute emakumearen gorputzaren errespetuaz.

  • Festaguneak. Sanferminak Berdintasunean lan-taldeak “Ez festekin, ez festarik gabe” kanpaina abiatu du emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko eta emakumeek gune libre segurutzat bizi dezaten hiria. Halaber, 2020an segitu izan da ezartzen Festaguneetan eta gaueko aisialdi pribatuko guneetan indarkeria sexistari aurrea hartzeko eta hari erantzuteko Protokoloa, gau-aisialdiko lokaletako langileei emandako prestakuntza bidez Ostalaritza Elkarteen eskutik. Zentral, El Terminal, La Antigua Farmacia, Herriko Taberna eta Nicolette atxiki zaizkio protokoloari.
  • Azaroak 25, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Eguna. Tokiko entitateekin koordinazioan, “Haiengatik, guztiongatik” sentsibilizazio-kanpaina diseinatu da eta genero-indarkeriaren biktimak ekarri dira gogora Udaletxe plazan minutu bateko isiluneaz. Kanpaina udal-mupien bidez hedatu zen. 76.000 txartel-ale editatu dira 6 hizkuntzatan (gaztelania, euskara, ingelesa, frantsesa, arabiera eta errusiera), non informazioa ematen baita emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko baliabideei buruz.

Bestalde, Gaztediaren Etxeak musika- eta poesia-lantegi bat antolatu zuen genero-indarkeriaren kontra, bai eta zineforum bat ere "Jusqu'à la garde" film frantziarraren bidez.

  • “Aske, ni beti aske. Indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidearen alde” lelopean, informazio orokorra zabaldu da indarkeria-arazoetan zerbitzu publikoetara sartzeko doako sarbideaz. Informazioa etxez etxe banatu da postontzietan, bai eta EUAZen eta auzo-unitateetan zein beste udal-zentro batzuetan ere, hala nola, Emakumeen Etxean eta Gaztediaren Etxean.
  • Adingabeak. 2020ko genero-indarkeriaren kontrako Estatuko Itunaren markoan, jarduketa batzuk egin dira genero-indarkeriazko testuinguruetan adingabeen egoerari heltzeko Iruñean. Alde batetik, ikerkuntza bultzatu da beren amek jasandako indarkeriarengatik arriskuan dauden adingabeei buruz eta proposamen batzuk abiatu dira profesionalen eta erakundeen aldetik arazoari hobeki heltzeko, eta, bestalde,"Adingabeak genero-indarkeriazko testuinguruetan" jardunaldiak antolatu dira irailean, Baluarten. Ekitaldi horretan, ‘Beldurrean hazi’ marrazkien erakusketa ibiltaria bisitatu zen: bere amen kontra erabilitako indarkeriaren eraginpean dauden haurrek egindako 60 jatorrizko marrazkiren erakusketa bat.

Testuinguru horretan, talde pilotu bat sortu da Udaleko Gizarte Ekintzako, Herritarren Segurtasuneko eta Berdintasuneko alorretako profesionalekin, genero-indarkeriako testuinguruetan dauden adingabeen errealitateak eta beharrak atzemateko, arazoa detektatzeko eta esku hartzeko koordinazioa hobetze aldera.

LGTBI

Udalak LGTBI kolektiboendako dirulaguntzetarako deialdiak egin ditu, herritarrei eta/edo LGTBI populazioari zuzendutako proiektuak egite aldera, haien parte-hartzea eta ahalduntzea sustatzeko eta gizarte-eskubideak lortzearen alde aritzeko. Hiru entitatek jaso dute laguntza, guztira 20.000 euro.

Harrotuk, Sexu- eta genero-aniztasunari buruzko informazioa eta arta emateko Iruñeko Udalaren zerbitzu publikoak, jardunean jarraitu zuen hala informazioa eta aholkularitza juridikoa eta sexologikoa emateko LGTBI gaietan nola urteko programazioa gauzatzeko -LGTBI populazioaren ahalduntze pertsonala eta kolektiboa lortze aldera- eta herritarrei zuzendutako sentsibilizazio-jarduerak egiteko.