Donejakue bidea

ULTREIA INTERPRETAZIO-ZENTROA

Ultreia irisgarritasun unibertsaleko gune izateko sortu zuten, eta horregatik egokitzen zaie publiko guztiei. Zentroko edukien bitartez balioan jartzen da Donejakue Bidearekin loturiko Erdi Aroko aldi historikoa, oro har, eta Nafarroakoa, bereziki.

Hari eroale gisa, batez ere 5. esparruan, Arnaut Guillén de Ursua juglarea dago, “ciego de cítola y de vihuela de arco” gisa ezaguna. 1412 eta 1421 artean Karlos III.a Noblearen zerbitzura egon zen,  eta hark kontatuko dizkigu Erdi Aroko erromesek Pirinioetan, Iruñean eta Nafarroako gainerako etapetan izandako bizipenak. Gainera, Karlos III.a Noblea hainbat esparrutan aipatzen da, erregeak berak, infante zela, Donejakue Bidea egin baitzuen.

Horregatik, zentroko edukiak Erdi Aroko testuinguruan kokatzen dira, eta bereziki zentratzen dira Karlos III.a Noblearen erregealdian, Iruñearen bateratzailea izan baitzen. Horretarako garai hartako lanbideak, jantziak, jakiak eta gastronomia aztertu dira, baita Erregearen Ostatuaren egitura eta erregearen gortea osatzen zuten pertsonaiak, garai hartako gizartea eta antolamendua, medikuntza eta farmakopea, musika eta Donejakue Bidearekin zuen harremana, juglareen funtzioa, eta Donejakue Bidearen Erdi Aroko hamaika ibilbideak ere.

HISTORIA

Donejakue Bidearen jatorria Erdi Aroan dago. Orduan hasi ziren lehen erromesak Compostelara joaten Santiagoko Katedralaren kriptan zegoen Done Jakue Nagusiaren hilobira iristeko helburuarekin. XI. mendetik aurrera, Europako jendetsuenetako bat izaten hasi zen erromesaldia, baina ez zuen Aita Santuaren aintzatespen ofizialik jaso XVI. mendera arte, hau da, Alexandro VI.ak eman zion arte.

Donejakue Bidearen inguruan erromesen premiak asetzera zuzenduriko azpiegitura-multzo bat sortu zen: aterpeak, ospitaleak eta ondare-balio handiko elizak, batez ere estilo erromaniko eta gotikokoak. Era berean, Bidea merkataritza-ibilbide izugarria bilakatu zen, eta zeharkatzen zituen eskualdeen garapen ekonomikoa eta kultura-trukea ahalbidetu zituen.

Hurrengo mendeetan bideak ospea galdu bazuen ere, XX. mendeko bigarren erdialdean berpiztu egin zen erromesaldiarekiko interesa, eta gaur egun maila gorenean da. Kalkuluen arabera, urtero 200.000 erromesek baino gehiagok egiten dute Donejakue Bidea, espiritualtasunak, kirolak, kulturak eta turismoak bultzatuta.

Donejakue Bideak ez du ibilbide bakarra, hainbat bidek osatzen duteFrantziakoa, Jatorrizkoa, Kostaldekoa, euskal-errioxarra eta Liebanakoa, besteak beste. Guztiek jaso dute hainbat erakunderen eta elkarteren aintzatespena. Hala, Frantziako Donejakue Bidea, Iruñetik igarotzen dena, Gizateriaren Ondare izendatu zuen Unescok; Europako Kultura Ibilbide, Europako Kontseiluak, eta Elkartasunaren Sari, Asturiasko Printzea Fundazioak.

DONEJAKUE BIDEA IRUÑEAN

Donejakue Bidea Burlatatik sartzen da Iruñean, Arga ibaiaren ibilguari jarraituta, baratze eta lorategi artetik. Erromesek Magdalena zubia zeharkatu behar dute hirira iristeko. XII. mendeko zubi bat da, eta Kultur Intereseko Ondasun eta Monumentu Historiko Artistiko izendatuta dago. Alde Zaharrera sartzeko Iruñeko harresi-multzo errenazentista zeharkatu behar da, eta horixe da bide osoko sarrerarik dotoreenetako bat.

Behin harresiak zeharkatuta, Frantziako portaleko XVIII. mendeko zubi altxagarrian barrena, Alde Zaharrak harrera egiten dio erromesari, lasai eta abegikor. Donejakue bidea Carmen kalean gora igotzen da, Navarreria plaza zeharkatuz; bertatik, Andre Mariaren katedraleko dorreak ikusten dira. Katedralak fatxada neoklasikoa du, eta barruan hainbat altxor biltzen ditu; besteak beste, Nafarroako Karlos III.a erregearen mausoleoa, klaustro gotiko harrigarri bat edo Occidens arte sakratuaren erakusketa sariduna.

Donejakue bideak Mercaderes kale alaian barrena jarraitzen du, Udaletxe plazaraino. Bertan Iruñeko udaletxea gailentzen da, eta ezinbestekoa da haren fatxada barroko apartari eta lorez betetako balkoiei erreparatzea; urtero-urtero, uztailaren 6an, txupinazoa jaurtitzen da bertatik, sanferminei hasiera emateko.

Erromesek Kale Nagusian barrena jarraitu behar dute aurrera; antzina, hain zuzen ere Donejakue bidearen eraginagatik, hiriko bide nagusia izan zen Kale Nagusia. Kalearen alde banatan jauregi barrokoak eta errenazentistak daude, eta besteak beste, nabarmentzekoak dira Kondestablearen jauregia eta Ezpeleta jauregia. Lehenengoa, XVI. mendekoa, Kultur Intereseko Ondasun izendatuta dago eta Pablo Sarasate biolinistari eskainitako museoaren egoitza da gaur egun; bigarrena, berriz, Iruñeko jauntxoen eraikinetako arkitektura barrokoaren adibiderik onena da. Kalearen muturretan bi eliza garrantzitsu daude: San Zernin edo San Saturnino eliza, Erdi Aroan hiriko zaindariaren omenez eraikitako tenplua, eta San Lorentzo eliza, barruan San Fermin kapera duena.

Amaitzeko, Donejakue bidea Alde Zaharretik ateratzen da, alde batera utziz Taconerako 1888ko lorategiederrak, eta Gaztelugibela zeharkatzen du. Taconerako parke erraldoiak Ziudadela inguratzen du, XVI.-XVII. mendeetan eraiki zuten pentagono-formako gotorlekua. Jarraian, bideak Iturrama auzoa zeharkatzen du, eta atzean uzten du hiria, Nafarroako Unibertsitateko Campuseko lorategi eder eta biodibertsitate handikoetan barrena.

ZERBITZUAK

Hain zuzen Donejakue Bideko lehenengo hiria delako ditu Iruñeak erromesei zuzenduriko horrenbeste zerbitzu. Bertatik, autobus bat har daiteke Orreagara edo Donibane Garazira joateko, baita Donejakue Bidean kokaturiko beste edozer udalerritara ere. Eskaintzen dituen lotura guztiei esker, erromes-bideari ekiteko abiapuntu egokia da.

Hiriak bi udal aterpetxe eta beste sei turismo-aterpetxe ditu erromesentzat, baita hainbat kategoriatako hotelak, ostatuak eta pentsioak ere, Donejakue Bidearen ibilbide osoan zehar banatuta. Ibilbidean zehar erromesentzat menu bereziak eskaintzen dituzten jatetxeak eta tabernak daude.

Bestalde, beren jarduera Donejakue Bidean oinarritzen duten hainbat enpresa ere badira; adibidez, jantzi- eta kirol-dendak, masaje- eta fisioterapia-zentroak, ekipajea eramateko enpresak edo bizikletak konpondu eta saltzeko tailerrak.

Iruñeko Turismo Bulegoak (San Saturnino kalea, 2) eta Turismo Informazio Guneak (Arrieta kalea, z.g.) bidaia antolatzeko eta hirian eginiko egonaldiari etekin handiena ateratzeko beharrezko informazio guztia eskaintzen dute.

KREDENTZIALAK

Donejakue Bidea egitera bazoaz, zure kredentziala eskuratu beharko duzu. Erromesa zarela dioen dokumentu pertsonal bat da, eta aterpetxe askotan edo beste motatako establezimenduetan eskatu egingo dizute hainbat onuraz gozatu ahal izateko. Gainera, kredentzialean zure ibilbidean zehar lorturiko zigiluak jarri ahalko dituzu. Gogoratu “La Compostela” dokumentua jasotzeko gutxienez zigilu bat lortu beharko duzula egunean (bi, Galiziako tartean, oinez bazoaz, edo azken 200 kilometroetan, bizikletaz joanez gero).

Iruñean Jesús y María udal aterpetxean lortu ahalko duzu kredentziala (Konpainia kalea, 4) edo Artzapezpikutzan (Andra Maria Erreginaren plaza, 1). 2 euro balio du.

AHOLKUAK

Donejakue Bideari ekin baino lehen, ondo informatu eta aintzat hartu hainbat alderdi. Gogoan izan honako aholku hauek:

  • Erabaki ibilbidea. Frantziako Bidea Donibane Garazin hasten da, nahiz eta erromes askok Orreagan hasten duten; bidea igarotzen den Nafarroako lehenengo herria. Iruñetik Artieda autobus-enpresarekin iritsi ahalko zara bertara.
  • Ondo antolatu zure ibilbidea. Banatu etapatan egin nahi duzun distantzia. Normalean eguneko 25 kilometro egiten ditugu, baina egokitu kopuru hori zure aukeren arabera.
  • Entrena zaitez. Ohitu zure gorputza oinez ibiltzera bideari ekin baino lehen, eta behin Bidean sartuta, joan etapa bakoitzean eginiko kilometro-kopurua pixkanaka handitzen. Ez ahaztu hainbat etapa egin ostean atseden hartzea.
  • Saihestu bero gehiegi egiten duen orduak. Bereziki Bidea udan egin behar baduzu. Hala izanez gero, goiz jaiki eguerdi inguruko orduetan ibiltzea saihesteko, orduan egiten baitu bero handien. Goiz jaikiz gero, lehenago iritsiko zara helmugara eta errazago aurkituko duzu lekua dagokion aterpetxean.
  • Jarraitu seinaleei. Bidea ondo seinaleztatuta dago uneoro gezi horiekin edo hondo urdinaren gainean margoturiko erromes maskorrekin. Errepidezko tarteetan, joan zaitez ezkerretik, zirkulazioari aurrez begiratuta.
  • Behar bezala jan ezazu eta ondo hidratatu. Oso garrantzitsua da ur asko edatea eta karbono-hidrato ugari dituzten jakiak jatea; esaterako, ogia, arroza, pasta, fruitu lehorrak, zerealak edo fruta.
  • Saihestu gehiegizko ekipajea eramatea. Gogoratu motxilaren pisuak ez duela inoiz erromesaren pisuaren % 10 gainditu behar. Horretarako, ez eraman behar ez duzun objekturik eta erabili jantzi arinak, anatomikoak eta transpiragarriak. Jarri objektu astunenak bertikalean eta bizkarretik gertu. Gorde gehien erabiltzen dituzun objektuak eskuragarrien dauden patriketan.
  • Ez ahaztu botikina. Bidean zehar, gerta liteke sendaketa txikiak egin edo botikaren bat hartu behar izatea. Eraman beti botikin bat eta ez ahaztu bertan eguzkitarako krema jartzea.