Lorategiak

Arrazoi ugari dago Iruñera etortzean bertako hamaika lorategitatik paseo bat emateko. Izan ere, Iruña da hiri barruan berdegune gehien duen Espainiako hiria, bere azaleraren % 20 lorategiak eta parkeak baitira. Berdegune horiek eta zuhaitzak hiri-bilbe osoan zehar daude banatuta, eta hurbileko sare bizi bat sortzen dute hiriko edozer lekutan. Guztira 3.000.000 m2 udal-gune daude, eta 1.500.000 m2 berdegune pribatu eta publiko; 4.500.000 m2-ko berdeguneen multzo hori erabilera publikokoa da.

Aipatzekoa da, halaber, espezieen aniztasuna: 428 zuhaitz-espezie, eta zuhaixka eta bizikorren artean 200 baino gehiago. Guztira, 60.000 inguru udal-zuhaitz daude, eta hiri osoan, 140.000 berdegune baino gehiago. Ondorioz, bioaniztasun-nitxoak sortzen dira hiri osoan barrena banatuta dauden beste animalia- eta landare-espezieentzat.

Baina, hiriko ingurumenaren eta bioaniztasunaren aldeko apustuan erreferente izateaz gain, Iruñeko lorategiek nabarmentzeko moduko beste ezaugarri bat dute: izaera historikoa eta hiritarren eguneroko bizitzan duten presentzia.
 

Parkeak

Argako ibai-parkea

Argako Ibai Parkeak milioi bat metro koadro ditu, eta hiriko berdegune garrantzitsuenetako bat da. Uraren ibilguarekiko paraleloa den gune horrek zubi historiko garrantzitsuenak hartzen ditu bere baitan: Magdalena, San Pedro (Iruñeko zaharrena), Arrotxapea eta Santa Engrazia. Meandroak hiritik urrundu eta hari hurbiltzen zaizkio, paisaia-balio handiko paseoa sortuz ibiltarientzat, txirrindularientzat, baita arraun-kirolak egiten dituztenentzat ere.
Harresi barneko hiri-giroak kontrastea egiten du berreskuraturiko bertako florarekin eta landa-ingurunearekin. Bidean zehar, Nafarroako hiriburutik metro gutxira, inguruneari edertasun paregabea ematen dioten lizarrak, sahatsak, alisioak, ezkiak, elorri beltzak eta bestelako zuhaitzak ikusiko ditugu.
Paseoa hiriari kanpotik begiratzeko modu bikaina da. Oinez edo bizikletaz egin daiteke, osorik edo zatika. Askaldegiak ezin egokiagoak dira etxetik kanpo egun zoragarrik bat igarotzeko, hiritik gehiegi urrundu gabe.
Gune interesgarri nagusiak:

CAPARROSOREN ERROTA:

Hiriko eraikin industrial zaharrenetako bat da. 1848. urtera arte alea ehotzea zuen jarduera nagusi; garai horretatik aurrera, burdina galdatzeko labe bilakatu zen, eta materiala nekazaritzarako makinak eraikitzeko bakarrik erabiltzen zen ia esklusiboki. Urteek aurrera egin ahala, energia hidroelektrikoa sortzeko erabiltzen hasi zen.
Gaur egun, honako instalazio hauek osatzen dute: errota zaharra, uharka, XIX. mendearen amaierako tximinia, eta berriki ezarritako egitura bat, zeinean gaur egun funtzio nagusi duen jatetxea dagoen kokatuta. Horretaz gain, Piraguismoko Udal Eskolaren multzoaren egoitza da.

Magdalena zubia:

Hiriko zubi ederrenetako bat da, XII. mendekoa, eta Kultur Intereseko Ondasun eta Monumentu Historiko Artistiko izendatu dute. 
Magdalena zubia Donejakue Biderako sarrera-atea da Iruñean, eta horregatik, muturretako batean, erromesak hartzen dituen apostoluaren irudia duen gurutzadura bat dauka.

San Pedro zubia:

Hiriko zubi zaharrena da, eta erromatar garaikoa izan liteke, nahiz eta itxuragatik Erdi Arokoa dirudien. Puntu-erdiko hiru begi ditu, eta alboan harrizko gurutze bat, Santa Engrazia zubiaren ondoan dagoenaren berdina.


Arrotxapeako zubia:

Zubi hau Curtidores izenez ere ezagutzen da hantxe zintzilikatzen baitzituzten beren larruak artisau zaharrek. Historian zehar hainbat eraberritze-lan egin dizkiote, besteak beste, zabaltzekoak, ibilgailuak bertatik pasatu ahal izateko. XVIII. mendeko dokumentuetan aurkitu ditzakegu hari buruzko aipamen zaharrenak.


Santa Engrazia zubia:

Iruñeko zubi zaharrenetako bat da, XIII. mendea baino lehen eraiki baitzuten. Estilo gotikoko arkuak ditu, eta muturretako batean, San Pedro zubikoaren berdin-berdina den gurutze bat.

Media Luna parkea

Hirigunearen ingurunean, Bigarren Zabalgunean eta harresien muturretako batean dago Media Luna parkea, Iruñeko eder eta zaharrenetako bat. Izena bere itxurari zor dio, ilbeheran den ilargi-erdia baitirudi. 

Leku bukolikoa da, eta estilo erromantiko markatua du bere pergola, uraska, eskailera, iturri, hesi, eskultura txiki, zuhaitz handi, iturri eta bankuei esker. Horretaz gain, ikuspegi ezin hobeak eskaintzen ditu Arga ibaiaren gaineko behatokitik. Arrainak dituen urmael bat, patinatzeko pista eta zuhaitz ugari ditu (43 espezie inguru); horien artean, nabarmentzekoa da sekuoia erraldoi eta biziki eder bat. Hamaika lorategietako batean Pablo Sarasate biolin-jotzaile iruindarraren 1959ko monumentua ikusiko dugu.

Berdegune horren bihotzean, gainera, kafetegi dotore bat aurkituko dugu; haren kanpoko terraza handia bereziki animatuta egoten da udako arratsalde eta gau beroetan.
Media Luna parkea XX. mendeko Nafarroako arkitekto garrantzitsuenetako bat izandako Víctor Eusak eraiki zuen 1935ean. Guztira 67.000 metro koadro hartzen ditu, eta hiriaren barruti harresidun zaharraren muturretako batean kokatuta dago, San Bartolomeren baluartearen eta Nafarroa Beherea etorbidearen artean.

Taconera

Taconerako parkea 1830. urte inguruan eraiki zuten, eta, beraz, hiriko parke zahar eta ederrena da.

Hainbat lekutatik iritsiko gara Taconerara, eta edozer ordutan sartu ahalko gara bertan, ez baitu ez itxiturarik, ez ordutegirik. Dena dela, sarbiderik ikusgarriena Bosquecillo kalean kokaturiko San Nikolas Portalekoa da. Garaipen-arku baten birsorkuntza barroko bat da. Iraganean hiri harresituaren sei sarbideetako bat izan zen, eta 1915. urtera arte egungo San Ignazio elizatik gertu zegoen. Fatxada baino ez du gorde. Taconerako portale zaharra ere orduan eraitsi zuten, eta haren arrastoak Antoniuttiren pistaren alboan daude.

Zuhaitzen artean ezkutatuta, Mari Blancaren irudia aurkituko du bisitariak Taconeran. Luis Paretek diseinatu zuen Gazteluko Plazan jarrita egon zen Iruñeko iturri bat errematatzeko. XVIII. mende amaierako irudia hiriko ezagunenetako bat da.

Lorategien behealdean bisitariak zoo txiki bat aurkituko du harresien arteko lubanarro batean, eta bertan, oreinak, ahateak, untxiak eta paumak. Navas de Tolosa kaletik irekitzen den baranda edo behatokia hiriko haurren leku maiteenetako bat da.

Taconerako lorategien erdiguneko paseoa apaintzen duen monumenturik garrantzitsuena Julian Gayarrerena da, Fructuoso Ordunak eta Víctor Eusak 1950. urtean eraikia, Erronkariko tenorearen omenez. Gayarreren irudiak iturri bat inguratzen duten baxuerliebe alegorikoekin zizelkaturiko zilindro bat koroatzen du.

Gaztelugibel

HIRIAREN BIRIKA

Ziudadela eta Gaztelugibel —lehenengoa inguratzen duen gerrikoa— hiriaren berdegune nagusiak dira, baita hirigintzako erreferentzia nagusia ere. Zuhaitzez eta larrez beteriko 280.000 metro koadro dira, eta tartean Iruña babesteko 1571 eta 1645 artean altxatutako eraikina dago. Bertako pabilioiak, lubanarroak, baluarteak, rebellinak eta glazisak aisia, kirol eta kulturarako leku publikoak dira gaur egun.

GAZTELUGIBEL

Gaztelugibel kontserbatzeko arrazoia militarra da; berez, Ziudadelako glazisak ziren, lubanarroekiko eta harresiarekiko desnibel txiki bat zuen gunea; orain debekatuta dago bertan ezer eraikitzea. XVII. mendetik iruindarrek gehien maite duten pasealekuetako bat da. Berdegune handi eta zaindua da, eta bertan biltzen dira paseatzaileak zein futbol edo running zaleak. Lekua atsegin egiten duten bankuak, iturriak eta bideak ditu. Bideko lurzoruan Gaztelugibelek bi haize-arrosa ditu, bata Eraikin Singularraren ondoan, Pio XII.aren eta Armada etorbideen gurutzean, eta bestea Ziudadelarako sarbide batean, Laguntza atean.

ZIUDADELA

Ziudadelaren barnealdea oinezkoei bakarrik irekitako parke publiko atsegina da; zelai zabalak ditu, eta tartean hainbat bide, iturria duen plaza txiki bat erdialdean, atseden hartzeko bankuak, haurrentzako aisia-gune txiki bat eta 30 bat zuhaitz espezie.
Hiriartea Kultur Garaikideko Zentroa ere bertan da. Mistoen pabilioia, labea, arma-aretoa edo bolborategia arte-erakusketei eta ekitaldiei eskainitako guneak dira gaur egun.

  • Bolborategia: 1694an eraikia, bertako eraikuntza zaharrena da.
  • Arma aretoa: 1725. urtean eraikitakoa, Verboom ospetsuak Ziudadelarako eta Harresietarako eginiko zaharberritze-proiektuari jarraikiz. Lau solairu ditu, eta artilleria-biltegi gisa erabiltzen zuten.
  • Labea: Gotorlekuko ogi-labe zaharra da.
  • Lubanarroak: Armadaren etorbidetik edo Gaztelugibeleko hainbat gunetatik sar gaitezke lubanarroen labirinto txikian. Bide nagusi batek inguratzen du haren perimetro osoa, Armadaren etorbidetik Yanguas y Miranda kaleraino. Oinezkoak urmaelak eta jolaserako pistak aurkituko ditu bidean.
Yamaguchi

Iruña eta Yamaguchi hiri senidetuen arteko harreman bikainen ondorioz eraiki zen ekialdeko kutsuak dituen parke hau; haren diseinuan Japoniako paisajistek parte hartu zuten. Berdegunea 1997an eraiki zuten, guztira 85.000 metro koadro hartzen ditu eta Japoniako kulturaren berezko elementu apaingarriak ditu: geyser handi bat, palafito bat, zubia eta ur-jauzia dituen urmael bat, eta Japoniako hainbat zuhaixka eta zuhaitz-espezie. Lau urtaroei eginiko omenaldia da. Bertan dago kokatuta Iruñeko Planetarioa, eta haren ondoan Jooefe Orte-ren Momento Espiritual eskultura.

PLANETARIOA

Iruñeko Planetarioa 1993. urtean inauguratu zuten eta munduko kupula handiena du, 20 metroko diametrokoa. Urtero 100.000 pertsona baino gehiago etortzen dira kulturaren, zientziaren, turismoaren eta hezkuntzaren arloko nahitaezko erreferentzia bilakatu den gune hau ezagutzera.
Eraikinean nabarmendu egiten da leihorik gabeko eta adreilu gorriz estalitako dorre zilindrikoa; Egiptoko Erregeen Haraneko panteoi batean dago inspiratuta, Mizenasko Atreroren altxorrean eta Mekneseko hilobietan (Maroko). Tornamira proiekzio-aretoak XVI. mendeko Tuterako astronomoagandik hartu zuen izena, eta huraxe da eraikinaren zatirik ikusgarriena. Gunean 220 ibilgailu aparkatu daitezke.
Planetarioak bi erakusketa-areto ditu, eta bertan egiten dira gure hiriko garrantzitsuenetako batzuk. Lehenengo solairuan azpimarratzekoa da Alberto Chuecak zodiakoaren motiboekin eginiko beirate handia.

Galaxiaren lorategia (BERRIDATZITA)
Yamaguchi parkearen barruan dugu Galaxiaren lorategia, zientzia- eta ingurumen-dibulgazioko proiektu bat. Espiral-forma du lorategiak, eta 1.000 metro koadroko azalera. Udal Lorategi Zerbitzuak hautaturiko 500 zuhaixkak baino gehiagok osatzen dute, eta landarez eginiko Esnebidearen erreplika bat da. 
Bostehun zuhaixka horiek izarrez beteriko zerua irudikatzen dute beren itxurarekin eta koloreekin, baita nebulosak, hauts kosmikoa, kumulu globularrak eta abar ere. Gainera, erdialdean, Esnebideak erdian duen zulo beltza irudikatzen duen iturri bat dauka. 

Azpimarratu beharra dago bertan diren zuhaixken aitabitxi edo amabitxi izateko aukera dugula, eta lehenengo landatze-fasean 300 hezkuntza-erakunde, kolektibo eta elkartek baino gehiago bihurtu zirela zuhaixka horien babesle, eta ondorioz, kosmoseko lorezain.

Unibertsitate-campusak

NAFARROAKO UNIBERTSITATEA

Nafarroako Unibertsitatea 1952. urtean sortu zuen Opus Deik obra korporatiboa gisa, eta urtero-urtero Espainia osotik etorritako 15.000 ikasle biltzen ditu Iruñean, ia 30 espezialitatetan banatuta. Ospe izugarria du herrialde osoko komunitate akademikoaren artean egiten duen lan akademikoagatik eta ikerketarengatik. Hezkuntza-zentro gisa duen izen onaz gain, haren erakargarri nagusietako bat hiriari irekitako ia metro koadroko milioi bat campus zoragarria da.

Nafarroako Unibertsitatea fakultatetan dago banatuta. Bestalde, campusak hainbat eraikin ditu: liburutegiak, ikastetxe nagusiak eta unibertsitateko jangela. Guztira, 24. Eraikin Nagusia 1960koa da, campuseko zaharrena eta enblematikoena, eta errektoretzaren, areto nagusiaren (Aula Magna) eta zerbitzu orokorren egoitza da. Estilo klasiko eta soila du, eta bere barne-patio beiraztatua eta solairu nagusia nabarmentzen dira.

Campusari dagokionez, 400.000 metro koadro zelai ditu, 43.000 zuhaitz eta zuhaixka, eta 37 hegazti-espezie finko eta migratzaile, eta horregatik da hiriko berdegune nagusia. Diseinuak Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitateena imitatzen du, eta Sadar ibaiak ekialdetik mendebaldera zeharkatzen du. Bertako floraren artean sekuoia, astigarra, otsalizarra, ezkia, makal italiarra, Judeako arbola, izeia, tuia, zedroa, sahatsa, panpa lezka eta ginkgo biloba espezieak dira azpimarratzekoak.

UNIBERTSITATE PUBLIKOA

Nafarroako Unibertsitate Publikoa 1987an sortu zen. Ordutik, bizi-bizi hazi da. Guztira 10.000 ikasle inguru biltzen ditu Francisco Javier Sáenz de Oiza arkitekto nafarrak hiriaren hegoaldean diseinaturiko campus batean.

Unibertsitate Publikoaren campusak 300.000 metro koadro inguru ditu. Sáenz de Oizak Sarasate pasealekuaren egitura imitatu nahi izan zuen, baita haren dimentsioak ere: Liburutegia Nafarroako Jauregia litzateke, eta Errektoregoa Justizia Jauregi zaharra. Sei departamentu-eraikin, ikasgelategi bat, kafetegia, jangelak, eta administrazioko eta kudeaketako langileen egoitza eta Errektoregoa ditu.

Campuseko eraikin ikusgarriena liburutegia da. Irakurtzeko 746 gune ditu, eta 225.000 ale. Gangak irakurketa eta kontsultarako barneko nabe osoari zuzendutako argia iragazten du. Gainerako eraikinak alboetan daude. Campuseko lorategietan kontinente guztietako ehun zuhaitz-espezie aurkituko ditugu. Ikasgelategitik irtenda, Errektoregorako bidean, Amerikako lorategia (sekuoia, akazia, magnoliak), Afrikakoa (palmondoa, izei zuria, Atlaseko zedroa) eta Ozeaniakoa (eukaliptoa) aurkituko ditugu hiru departamentu-eraikinen artean. Pare-parean, liburutegiaren bestaldean, Asiako (Japoniar sofora, Turkiako hurritza) eta Europako zuhaitzak gailentzen dira. Horretaz gain, badira Nafarroako gune klimatiko desberdinetako floraren adibideak ere.

Campusa, bestalde, aire zabaleko eskultura museoa da, eta egungo nafar egileen piezak biltzen ditu. Barnealdean eginiko hiru instalazioz gain, gainerakoek eraikinen arteko lorategiak eta paseoak apaintzen dituzte, eta edozein bisitari etor daiteke haiek mirestera.

Lorategien ibilbidea

Arga ibaia da Iruñetik igarotzen diren hiru ibaietan nagusia, eta bere ibilguarekin hiriko ingurune natural handiena marrazten du. 12 kilometro inguru ditu, eta hainbat udalerritako errota, baratze eta parkeak zeharkatzen ditu. Iruñera Magalena zubitik sartzen da, eta Arantzadi parketik, San Pedro zubitik, Runako eta Trinitarioen parkeetatik igarotzen da, eta Santa Engrazia zubitik jarraitzen du. Zati batzuk beste ibilbide batzuekin elkartzen dira; Donejakue Bidearekin, adibidez.

BELLE EPOQUEkO LORATEGIAK. Iruñeko Gotorlekuak Interpretatzeko Zentroaren ondoan Media Luna parkea dago, estilo erromantikokoa: Arga ibaiaren gaineko ikuspegi bikainak daude handik. Harresian barrena paseo polit bat emanez, Portale Berritik Taconera parkera helduko gara; hiriko zaharrena da, eta, askoren ustez, ederrena; aipagarria da bere biodibertsitate handiarengatik. Harresiaren ingurunean dago kokatuta eta estilo frantziarreko lorategia da, iturriz eta estatuaz betea. 1850ean sortu zen, eta Gonzaga bastioia eta Taconerakoa eta San Rokeko rebellina ditu barnean. Lubanarroetan oreinak, ahateak, paumak eta, oilategietan, erdi aske bizi diren hainbat hegazti ikus daitezke. Inguruetan Antoniutti parkea dago, non patinetan ibiltzeko Roller pista bat baitago.

ZIUDADELA ETA GAZTELUGIBEL XVI-XVII. mendeetako defentsa-eraikuntzaren ondoan Gaztelugibeleko parkea sortu zen, Iruñeko bihotz-bihotzean dagoen lorategi-lautada. Multzoak 280.000 metro koadroko zelaiak ditu, lorategiz beteak, eta agertoki perfektua da kirola egiteko edo paseatzeko. Ziudadelako egitura gotortuek izaera berezia ematen diote lorategi handi horri; hain zuzen, handik ikusten ditu jendeak su artifizialak sanferminetan. Hiriartea Kultura Garaikideko Zentroa ere parke horretan dago.

DONEJAKUE BIDEA EDO IZARREN IBILBIDEA. Donejakue bideak Nafarroako Unibertsitateko Campuseko lorategietara garamatza, non museo zoragarri bat baitago. Ospitaleetatik oso gertu dago Yamaguchi japoniar estiloko parkea; bertan dago Iruñeko Planetarioa, eta haren ondoan, Galaxiako lorategia.