Kultura, ekitaldiak eta jaialdiak

Iruñean hainbat ekitaldi eta jaialdi egiten dira urtean zehar. Bereziki ezagunak dira San Fermin jaiak, uztailero mundu osoko milioi bat pertsona erakartzen baitituzte, baina hiriko kultura- eta aisia-bizitza askoz ere aberatsagoa eta anitzagoa da. 

Iruñean izugarri maite dugu musika ona; horren seinale, hainbat estilo musikaletako jaialdiak egiten dira: Iruña in blues, Turmalina Fest, Ciudadela Tierra de Rock, Flamenco On Fire, Iruña Jazz Festival eta Iruña Rock, baita erlijio-musikako edo organoko ohiko zikloak ere.

Bestalde, iruindarrek gastronomiarekiko duten pasioa ere aski ezaguna da. Horregatik, urte osoan zehar sukaldaritzarekin loturiko hainbat ekitaldi izaten dira, bertako produktuekin lotura estua dutenak gainera: Pintxoaren Astea, Vinofest, Kazuelatxoaren eta Ardoaren Astea, Barazkien Jardunaldiak edo Tokiko Produktuaren Astea, besteak beste.

Bestelako arte-adierazpenek ere badute beren lekua hirian. Kultura-guneetako ohiko programazioaz gain, hainbat ekitaldi egiten dira urte osoan zehar; esaterako, Antzerki Aroa euskarazko antzerki-zikloa, Harresietako Jaialdia (musika, dantza, zirko eta bestelako arte-adierazpenetako ikuskizunekin) edo Hemengo Antzerki Erakusketa/Muestra de Teatro de Aquí.

Era berean, Iruñeko tradizioak berak hainbat data markatzen ditu egutegian. Honako hauek dira ospakizun garrantzitsuenetako batzuk. 

San Blas. Otsailak 3

Santuaren irudia gurtzen da San Nikolas elizan; fededunek jakiak eramaten dituzte bertara santuak bedeinka ditzan. Egun horretan bertan, eliza inguratzen duten aterpeetan, erroskak, karameluzko figuratxoak eta txantxigorri-opil bedeinkatuak saltzen dituzten hainbat postu jartzen dituzte. Hiriko tradizioan oso errotuta dagoen azoka da.

Santa Ageda. Otsailak 4

Otsailaren 4an Santa Ageda bezpera ospatzen da. Egun horretan, gazteak kalerik kale joaten dira Santa Agedaren bizitzari buruzko euskarazko koplak kantatzen, eskuan dituzten makilekin lurra kolpatu eta erritmoa eramaten duten bitartean.

Aste Santua

Ostegun Santua

Ostegun Santuan bost zaurien botoaren oroitzapena egiten da. Ospakizunaren jatorria 1599. urtean dago, izurriak hiria hartuta zuenean. Garai hartan, iruindarren ezintasunaren aurrean, Kristoren bost zaurien sinboloa eta arantzazko koroa hiriko kaleetatik prozesioan ateratzea erabaki zuten. Prozesioaren ostean, izurria desagertu egin zen.

Gertakizun hori gogoratzeko, Udalbatzako kideak festa jantzian joaten dira San Agustin elizara; han botoa berritzeko hotsandiko ekitaldi bat egiten da, eta gertakariaren oroitzapenezko irudia andetan eramaten da: bost zauriak eta arantza-koroa.

Ostiral Santua

Ostiral Santuko ekitaldi adierazgarriena Ehorzketa Santuaren prozesioa da. Bakardadearen Andre Mariaren irudia eramaten da, Nahigabetua edo "La Dolorosa" ezizenez ezagunagoa, katedraletik San Agustin elizaraino.
Ostiraletik larunbaterako goizaldean Dolorosaren Itzulera egiten da, San Agustin Elizatik San Lorenzo elizara.
Hermandad de la Pasión del Señor anaiarteak egiten ditu bi prozesioak.

Aralarko San Migel. Pazko ondorengo astelehena

Pazko ondorengo astelehenean San Migel arkanjeluaren irudia iristen da hirira. Jendetza batek itxaroten dio Errukiaren aingerutxoaren alboan, Antoniutti parkean. Irudia iristen denean, segizioak San Nikolas elizaraino eramaten du, gurtzera. Ondorengo egunetan, aingeruak hainbat eliza eta zentro ofizial bisitatzen ditu, igandera arte; egun horretan, agur esaten diote fededunek.

Batasunaren Pribilegioa. Irailak 8

Irailaren 8an Batasunaren Pribilegioa ospatzen da. Itun hori Karlos III.a erregeak sinatu zuen 1423. urtean, eta haren bitartez, ordura arte hirutan banatuta egon zen hiria batu egin zen, Udal bakar bat osatzeko; horrez gain harresiak, alkate desberdinak eta errenta bereziak izateari utzi zioten. Hiru burguen batasuna ospatzeko hotsandiko meza bat egiten da, lore eskaintzarekin eta errespontsuarekin, Karlos III.a Nobelaren eta Leonor Trastamarakoaren izenean, Iruñeko Katedralean, han baitaude bien hilobiak.

Aldapako San Fermin. Irailak 25

Jaieguna irailaren 25ean ospatzen da, San Ferminen martiria oroitzeko. Hori dela eta, aurreko astean, ostegunetik igandera, hainbat ospakizun egiten dira Navarreria auzoan, katedral inguruan. Hasteko, alkate txikiak (auzoko haur bat) suziri bat jaurtitzen du, eta hurrengo egunetan hamaika jarduera egiten dira; horien artean ez dira falta prozesioa eta “Gaixoa ni”.

San Saturnino. Azaroak 29

Azaroaren 29an San Saturnino patroia ohoratzeko festa egiten da Iruñean. San Saturninok bataiatu zituen Iruñeko lehenengo kristauak; horien artean, geroago apezpiku izango zen San Fermin. Egunean zehar hainbat ekitaldi instituzional egiten dira. Nabarmentzekoak dira Prozesioa eta izen bereko elizan egiten den meza; bertara joaten da udalbatza osoa, erraldoiekin, musika-bandarekin eta galazko segizioarekin.

Gabonak

Olentzero

Abenduaren 24an, arratsaldez, Olentzerori laguntzen dion desfilea ateratzen da. Olentzero ikazkina da, eta tradizioaren arabera, menditik jaisten da Gabon Gauean herrietan barrena paseatu eta haurrei opariak emateko. Pertsonaia mitiko horrekin batera, haurrak joaten dira segizioan, baserritarrez jantzita, baita abesbatzak, txistulariak, jaiotza bizidun bat, hainbat karroza eta zanpantzarrak ere.

Gabon zaharra

Abenduaren 31tik urtarrilaren 1erako gaua inauteri itxurako lehenengo maskara jaia-bilakatu da. Bai bakarka, bai taldean, iruindarrak mozorrotuta ateratzen dira kalera urte berria iritsi dela ospatzera, eta hala, Iruñeko Gabon zaharra herrialde osoko originalena bihurtu dute. Ez da ekitaldi ofizial bat, herriaren ekimenez sortutako ohitura hedatu bat baizik.

Errege Magoak

Ekialdeko Errege Magoen Desfilea Gabonetako jaien artean ezagunena da. Haurrak eta helduak biltzen dira hiriko kaleetan, Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeen karrozak pasatzen ikusteko. Desfileak Erruki Etxean hasten du ibilbidea eta kaleetan barrena ibiltzen da zezen plazara iritsi arte.