Plano orokorra

Frentes

San Bartolome gotorlekua / Magdalena-Frantziako aurrealdeak

Katedralaren ondoan dago; harresiko horma-atal zaharrena da, eta bertako ingurabideko pasealekua hiriko ederrenetakoa da. Gotorlekuen hiru zatitan zabalena da, eta garai bateko Navarreria hirian du jatorria. Labriten eta Redingo bastioiak 1530ekoak dira gutxi gorabehera, eta kanpoaldeko defentsak 1750ekoak.

1960. urtearen aldera ingurabide zaharra ireki zen jendearentzat, eta pixkana-pixkana pasealekua, defentsak, garita eta harresiko horma-atalak lehengoratu direnez, gaur egun Iruña berriz ere gailentzen zaio altueratik Arga ibaiari harro antzean, garai batean izan zen hiri-gotorlekuaren antzera.

Arrotxapea-Taconerako aurrealdeak

Iruñeko lorategi zaharrena hiriaren kanpoaldean zegoen soroa zen hasiera batean. San Zernin burguaren harresi zaharraren ondo-ondoan zegoen, eta bertan egiten zen merkatua; San Frantzisko eta Santa Eulaliaren monasterioak ere bertan ziren.

Ziudadela eraikitzeko bi aurrealde berri egin behar izan ziren ezinbestez (Taconera eta San Nikolas); hartara, barruti berriaren barnean gelditu ziren Erdi Aroko harresi zaharrak eta Taconera.

XVII. mendearen bukaeran bete-betean erabiltzen ari ziren Gonzaga bastioia, Taconerakoa, San Rokeko rebellina eta Gonzaga kontragoardia.

Ziudadela

Nafarroako Erresumaren leialtasuna eta hiriko defentsa ziurtatze aldera, Felipe II.ak gotorleku moderno bat eraikitzeko agindua eman zuen: Ziudadela.

Bere ingeniari onenetako batek, Giacomo Palearok (Fratín), egin zuen proiektua.

1571n, Vespasiano Gonzaga erregeordeak paratu zuen lehenbiziko harria: gerraren kontzeptu berrian funtsezko eginkizuna zuen artilleriak, eta ingeniaritza militarrak ez zuen atzerago gelditzerik.

Jatorrizko itxura mantendu zen –bastioi bana angelu bakoitzean zuen pentagonoa–, nahiz eta XVII. mendean kontragoardiak erantsi ziren.

Planoak