Iruñeko monumentu-ondarea oso aberatsa da. Ez da harritzekoa, erresuma baten hiriburu izan den hiri batentzat. Katedrala eta eliza gotorrak dotore gailentzen dira, Erdi Aroko aztarna gogoangarri gisa. Errenazimenduko harresia eta ziudadela, bestalde, XVI. mendetik aurrera Iruñak gotor-hiri gisa izan zuen garrantziaren erakusgarri dira. Donejakue Bidearen aztarna ere inoiz baino biziagoa da gaur, eta oso agerikoa da hiriaren konfigurazioan. Izkina bakoitzean, sanferminei hasiera emanez uztailaren 6an urtero bizi den emozioa senti daiteke. Hori guztia eta askoz gehiago da Iruña.

 

Elizak

Andre Maria katedrala: XIV. eta XV. mendeetan eraiki zuten, aurretik tenplu erromaniko bat zegoen lekuan. Ventura Rodriguezen lan gorena den fatxada neoklasikoaren atzean tenplu gotiko zoragarria dago. Haren erdiko nabeak 26,8 metroko garaiera du. Eraikinean soiltasuna nagusitzen da, eta argia XVI. mendeko beirateak eta beste beirate modernoagoak dituzten leihate zorrotzetatik sartzen da. Andre Mariaren irudia, zilarrez estalitako tailu erromanikoa, tenpluaren burualdean dago. Erdiko nabean, Karlos III.a Prestuaren eta haren emazte Leonor Trastamarakoaren hilobia dago, XV. mendeko eskultura gotikoaren adibide paregabea. Santo Tomasen edo Caparrosoren erretaula bereziki baliotsu eta interesgarria da. Klaustroa Katedraleko harribitxia da, eta mundu osoan gotiko estiloan aurkitu daitekeen eraikin gorenetako bat. Gingil-arkuak, mainelak, gangak eta era askotako eskultura-multzo dotoreez apaindutako ateak ditu. Katedralaren gainerako gelak kalonjeen sukalde gotikoa eta errefektorioa dira, estilo gotiko ingelesekoak, non Occidens arte sakroko bilduma garrantzitsua baitago.

San Saturnino edo San Zernin eliza: San Zernin eliza Erdi Aroko burgu zaharraren erdigune erlijiosoa izan zen, eta eginkizun militar eta defentsibo garrantzitsua bete izan zuen bertako biztanleendako. Tenplua XIII. eta XV. mendeetako eraikin gotiko sendoa da, arkupedun atariduna. Bi defentsa-dorre ditu, eta horietako batek oilar-itxurako haize-orratza du goialdean. Atariaren aurrean “putzua” dago. Bertan, tradizioak dioenaren arabera, Iruñeko zaindaria den Saturdi apezpikuak hiriko lehendabiziko kristauak bataiatu zituen; San Fermin tartean.

San Nikolas eliza: San Nikolas eliza izen bereko Erdi Aroko burguaren erdigune erlijiosoa izan zen, eta eginkizun militar eta defentsibo garrantzitsua bete izan zuen bertako biztanleendako. XII. mendeko gotorleku-eliza erromanikoa da, gotikorako trantsiziokoa. Barruko ganga eta absidea gotikoak dira. 1924an zaharberritu zuten. Barnealdean badu organo barroko handi bat, 1769. urtekoa, hiriko onena. 1888an eraikitako arkupeek inguratzen dute eliza. 

San Lorentzo eliza: Eliza honek balio sentimental handia du, bertan San Fermin kapera baitago. Egungo fatxada 1901ekoa da. Florencio Ansoleagak diseinatu zuen, eta aurretik zegoen fatxada barrokoa ordeztu zuen. Barnealdeak gurutze grekozko oinplanoa du, lauki batean sartua. Ikusgarriak dira kupulek osatzen duten irudi geometrikoa eta goialdeari buru ematen dion linterna.

Domingo Santuaren eliza: Eliza XVI. mendekoa da, eta fatxada, barrokoa, XVIII.ekoa. Barruan, Barrokoko eta Errenazimentuko erretaula ederrak daude, bai eta zenbait pintura interesgarri eta XVII. mendeko organo bikaina ere.

San Agustin eliza: Egungo eliza XVI. mendean eraiki zen. 

Agustindar Errekoleten basilika: Gortesau-arkitekturaren adierazpena da basilika hau, 1624. urtean eraikia.

Aldapako San Fermin basilika: Basilika hau bazegoen, jada, Erdi Aroan. Egungo egitura, baina, 1701ekoa da.

Jauregiak

Artzapezpiku-jauregia: Andre Maria Erreginaren plazan dago, eta XVIII. mendean eraiki zuten, Iruñeko apezpikuen egoitza izateko. Iruñean den barrokoaren adierazle nagusietako bat da. Zokaloa harlanduzkoa da, hormak, bistako adreiluzkoak, eta arku-galeria batek ematen dio buru eraikinari. Gaur egun, apezpikutzak egiten dituen jarduera guztien administrazio-egoitza da. Elizbarrutiko artxiboa eta artzapezpikuaren etxebizitza ere bertan daude.

Errege-erreginen jauregia eta Nafarroako artxibo nagusia: Maiatzaren Biaren kalean, Navarreriako leku pribilegiatu batean, Nafarroako errege-erreginen jauregi zaharra dago, zeina San Pedroren, Erregeordearen edo Kapitaniako jauregiaren izenak ere izan baititu. XII. mendekoa da, 1190. urte ingurukoa, garai hartan agindu baitzuen Antso VI.a Jakitunak jauregi hori eraikitzeko. Rafael Moneok 2003an egin zituen eraikina zaharberritzeko lanak, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren egoitza bihurtzeko.

Kondestablearen Jauregia eta Sarasate Museoa: Jauregi-etxe hau Iruñeko jauregi-arkitektura hiritarraren isla da. 1550. eta 1560. urteen artean eraiki zuten, Luis Beaumont Leringo IV. Konde eta Nafarroako Kondestablea izan zenaren aginduz. Jauregia apezpiku-egoitza izan zen 150 urtez, eta behin-behineko udaletxea zortzi urtez, 1752tik aurrera. Gaur egun, Iruñeko udalarena da, eta zaharberritu ondoren publiko orokorrarentzat ireki zuen, 2008an. Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuten 1997an. Lehen solairuan, Sarasate Museoa dugu, Pablo Sarasate biolinista gailenaren bizitza eta obra kontatzen diguten hainbat objekturen bilduma. Hona horien artean aipagarrienak: José Llaneces pintoreak 1894. urtean musikariari egin zion erretratua, Mariano Benlliurek brontzean egindako bustoa eta musikari nafarrak jotzen zituen bi biolin eta piano bat.

Nafarroako Jauregia: XIX. mendearen erdialdean eraiki zuten, eta bertan dute egoitza hala Gobernuko Lehendakaritzak nola hainbat administrazio-bulegok.

Baluarte Batzar Jauregia eta Nafarroako auditorioa: Iruña erdigunean dago. Eraikina granito gris ilunez estalita dago, eta Nafarroako kultura-jardueren eta biltzarren ezinbesteko erreferentzia bilakatu da.

Ezpeletaren jauregia: Iruñeko jauregi-arkitektura barrokoaren adierazpiderik bikainena da; pilastrak eta armarriz apaindutako ateburua dira horren erakusbidea.

Goyenechetarren jauregia: XVIII. mendean eraiki zuten, eta salbuespena da barrokoko arkitektura zibilean, kubikoa eta hiru fatxadakoa baita.

Gendulaingo Kondeen jauregia: XVIII. mendekoa da. Eraikina apaindura gutxikoa da, soila eta sendoa. Kontseiluko plazan dago. Plaza txiki bat da, zeinak fatxada barrokoak eta Neptunoren iturria baititu.

Navarro-Tafallaren jauregia: XVIII. mendeko bigarren erdialdean eraiki zuten, eta jauregi-arkitektura barrokoaren adierazpide ederra da. Ikusgarria da oso haren teilatu-hegal dotorea.

Redin eta Cruzatarren jauregia: Eraikin hau antzinako etxetzar errenazentista da, zeina XVII. mendean eraberritu baitzuten. Berrikuntzaren ondorioz, hainbat osagai barroko ditu eraikinak. Armarriari eutsi dio.

Rozalejoko markesaren jauregia: Fatxada diseinu barrokokoa da, harri noblean egindakoa eta hiru mailatan antolatua.

Harresiak eta gotorlekuak

Portale Berria: Harresiari 1571n ireki zitzaion gune hau Filipe II.ak aginduta, eta 1950ean berreraiki zuen Víctor Eusak. Portalearen arkua inguratzen duten dorre bikietako batean Karlos V.aren inperio-armarria ikus daiteke.

Ziudadela: Harresiz inguratutako gotorlekua da, Filipe II.aren aginduz 1571. eta 1645. urteen artean eraikia, Anberesko gotorlekuaren ereduari jarraituz: angeluetan bost bastioi dituen pentagono erregularra da. Hauxe bide dugu Errenazimentu espainiarraren arkitektura militarraren eredurik onena. Errenazimentu estiloaren soiltasuna agerikoa da portada nagusian, non inskripzio batek gogora baitakarkigu obren hasiera. 1808. urtean, Frantziako tropek hartu zuten ziudadela. 1888an, bastioietako batzuk bota zituzten, hiri berria eraikitzen hasteko. Egun, Ziudadela hiriko aire garbiaren hausporik handiena da, eta bere lubanarro, bastioi eta pabilioietan hala aisialdi eta kirol-jarduerak nola erakusketak eta kultura-jarduerak egiten dira.

Frantziako portalea: Harresiaren jatorrizko sei ateetatik bere lekuan gelditzen den bakarra da, eta 1553an eraiki zuteneko itxura berari eusten dio. XVIII. mendean beste ate bat jarri zioten, bigarrena, eta oraindik ere mantentzen dira zubi altxagarria eta kate-sistema.

San Bartolome Gotorlekua: XVIII. mendean eraikia, hauxe da, dudarik gabe, abiapunturik onena harresietan barnako ibilbidea hasteko. Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa dago bertan.

Museoak

Nafarroako Museoa: Iruñeko museorik garrantzitsuena da. Andre Mari Errukizkoaren Ospitalea izandakoan dago, eta oraindik dirau ospitale haren fatxadak. Nafarroako historiarekin erlazionatutako bilduma arkeologiko eta artistikoak daude bertan. Aipagarrienen artean, Iruñeko katedral erromanikoaren klaustroko kapitelak eta Leireko kutxeta daude, zeina Leireko monasteriotik ekarritako boli hispano-musulmanaren ale paregabea baita. Erromatarren garaiko mosaiko garrantzitsuak ere badira. Pinturari dagokionez, merezi du bisita egitea museoko artelanik gorenari, hau da, Goyak sinatutako San Adriango markesaren erretratuari.

Nafarroako Unibertsitateko Museoa: Rafael Moneok diseinatu zuen, eta hauek ditu, besteak beste: arte garaikideko bilduma bat, María Josefa Huartek emana, eta argazki-bilduma bat, besteak beste José Ortiz Echagüe, Pere Català Pic eta Robert Caparen obrena.

Miguel Echauri Fundazioa: XVII. mendeko eraikin dotore batean, Miguel Echauri pintore nafarrak (Iruña, 1927) sortutako margolanen bilduma zabal eta aukeratu bat dago, hamaika artelan eta elementu apaingarriz lagundua, ordubeteko bisita gidatuen bidez ezagut daitekeena. 

Monumentuak

Entzierroaren monumentua: Rafael Huerta eskultoreak egindakoa da. Eskulturak bere horretan atxiki du mutilen eta haien atzetik segika dauden zezenen lasterketaren unea.

Foruen monumentua: Herri-harpidetza bitartez jasotako diruaz eraiki zuten Nafarroako Foru Eraentzaren alde sortutako defentsa-mugimenduaren omenez. Manuel Martínez de Ubago arkitektoak egin zuen. Obrak 1903an amaitu ziren. Monumentuaren bost aldeetan, Nafarroako Erresumako bost merindadeetako armarriak daude irudikaturik: Iruña, Tutera, Lizarra, Erriberri eta Zangoza.  Merindadeen armarri handien azpian eta monumentuaren perimetroan, hogei armarri heraldiko daude –Nafarroako beste horrenbeste hiribildu eta herritakoak–, eta bost plaka, foruei buruzko inskripzioekin. Angeluetan, marmolezko bost irudi alegoriko daude: Justizia, Historia, Autonomia, Bakea eta Lanaren alegoriak, hain zuzen. Monumentuari buru emanez, Nafarroaren alegoria den brontzezko emakume-irudi bat dago. Eskuineko eskuan, Nafarroako armarriaren kateen puska bat darama, eta ezkerrekoan, pergamino bat, Foru Legea hitzekin.

Beste leku interesgarriak

Labrit pilotalekua: Pilotaleku estali hau euskal pilotan aritzeko tokia da, hau da, Nafarroan gehien errotutako kiroletako batean.

Udaletxea: Hiru burguak (Navarreria, San Saturnino eta San Nikolas) elkartzen ziren tokian ezarri zen. Gune horiek erabat elkartu ziren Karlos III.a Prestuak Batasunaren Pribilegioa delakoa aldarrikatu zuenean, 1423an. Fatxadan estilo barroko berantiarra eta neoklasikoa (XVIII. mendea) nahasten dira; eraikinaren gainerakoa XX. mendekoa da. Balkoi nagusitik jaurtitzen dute sanferminak iragartzen dituen suziria, eta festari ere hor ematen zaio amaiera, “Gaixoa ni” ospetsuarekin.

Kontuen Ganbera. Ansoleaga kalean dagoen egoitza hau jauregi bat izan zen, harik eta 1524an Erresumako Kontuen Auzitegiaren egoitza bihurtu zen arte, eta hala izaten jarraitu zuen 1836ra arte.  Urte horretan erabilerarik gabe geratu arren, 1980an atzera berriz erabiltzen hasi ziren kontu publikoen kontrolerako organo autonomiko gisa. XIII. mendeko Erdi Aroko eraikin hau dugu, hain zuzen, Iruñeko gotiko zibilaren adibide bakarra. Kanpoaldean, nabarmenak dira sarrera nagusiko arku zorrotza, leiho zorrotz txikiak eta XVIII. mendearen erdialdean jarritako armarria, non Espainiako errege-armak agertzen baitira. Barrualdean, Nafarroako erregealdien txanponak daude gordeta, bai eta finantzen inguruko kontsultak egiteko errege-erreginek sinatutako zenbait agiri ere. Kanoi zorrotzeko gangaz estalitako pasabide txiki batek lorategi eder batera garamatza. Lorategiak putzu bat du erdian.

Gazteluko Plaza: Iruñearen bihotza dela esan daiteke, erdigune nagusia. Izan ere, funtsezko gunea izan da Iruñeko historian. Haren izenak Xabier kalearen aldean kokagunea zuen gaztelua du jatorri. 1405. urteaz geroztik bertan egin ziren errege-erreginek edo hiriko jauntxoek antolatutako ospakizunak. Halaber, plaza honetan egiten ziren zezenketak 1385. eta 1844. urteen artean, harik eta zezen-plaza finkoa eraiki zuten arte.

Zezen-plaza: Bisitatu zezen-plazaren egoitza guztiak, eta ezagutu gertutik zezenaren bizitza, entzierroa eta zezenketak, grabazio, maketa eta informazio-panelen bidez.

Parlamentua: Auzitegi ohia edo Justizia Jauregi zaharra ere deritzote Parlamentuaren eraikinari. 1892an eraiki zuten, Nafarroako Jauregiarekin aurrez aurre, Sarasate pasealekuari, hirigintzaz bezainbatean, buru emateko. XIX. mendearen amaieraz geroztik bertan garatu zen Nafarroako goi-mailako jardun judiziala. Egun, Nafarroako Parlamentuaren egoitza da.

San Joan apaizgaitegia eta udal artxiboa: Eraikinak harlanduzkoak ditu basamenduak. Fatxadan, eraikina egin zenean ohikoak ziren apaingarri barrokoak ikus daitezke, bai eta San Joanen estatua ere, zeinaren izena eman baitzioten apaizgaitegiari.