Harresietako ibilbidea

Iruñeko harresiek bost kilometrora arteko luzera dute, eta haiek denak ezagut daitezke, xarma berezia duten lekuz betetako ibilbide bat sortzen baitute.

Ibilbidea Gotorlekuak Interpretatzeko Zentoan hasten da, San Bartolome gotorlekuan, Media Luna parkearen ondoan. Arabiar kutsuko lorategi horretatik Arga ibaia eta hiriaren iparraldeko auzoak ikusten dira. Ikuspegi aparta.

Gotorlekua bisitatu ondoren, Labriteko bastioira oinez joan eta harresiaren horma atalaren tarterik zaharrena bisitatu daiteke, Barbazana ingurabidean. Bertan dago Erdi Aroko harresitik gelditzen den arrasto bakanetako bat, katedralaren parte dena. Bidean aurrera eginda, monumentu garrantzitsuak daude: Artzapezpiku-jauregia edo Andre Maria katedrala, besteak beste. Lehenengoa, Iruñeko barrokoaren adibide onenetako bat, XVIII. mendekoa da, eta bigarrena, berriz, XIV.-XV. mendeetakoa.

Redingo bastioitik begiratuta, Zaldi Zuriaren txoko bitxiak eta Ezkaba mendiranzko begiratokiak iraganera bidaiatzen lagunduko digute zailtasun handirik gabe, eta Erdi Aroan hiriko bizimodua nolakoa zen imajinatu ahalko dugu. Oso gertu Frantziako portalea dago, harresiaren jatorrizko sei ateetatik bere lekuan gelditzen den bakarra; 1553an eraiki zuteneko itxura berari eusten dio. XVIII. mendean beste ate bat jarri zioten, bigarrena, eta oraindik ere mantentzen dira zubi altxagarria eta kate-sistema.

Aurrerago Nafarroako Errege-erreginen Jauregia dago, XII. mendekoa; 2003an Rafael Moneo arkitektoak berritu zuen, eta gaur egun Artxibo Nagusia dago bertan. Eraikinaren barruan erromanikoko ganga-formako areto bat eta patio arkupedun bat daude, eta baita maketa bat ere, Iruñeak 1900. urtean zer itxura zuen erakusten duena.

Ibilbidean aurrera eginda Nafarroako Museoa dago, garai bateko Andre Mari Errukizkoaren ospitalea izandakoan. Historiaurretik gaur egunera arteko pieza arkeologiko eta artistikoak daude bertako bilduman. Ondoren Ingurubidea dago, O-ko Andre Mariaren plaza lasairaino luzatzen dena; garita zaharrak mantentzen dira oraindik ere.

XVI. mendeko Portale Berri itzela, Víctor Eusak oso-osorik berreraiki zuena 1950ean, bi dorre dituen harlanduzko arku izugarri batez egina, Taconerako lorategietan barneratzeko gonbidapena dugu. Taconera hiriko parkerik zaharrena da, 1830ekoa. Bertan, parterre ederrak, iturriak eta estatuak ikusiko ditugu. Lorategiaren parte dira San Rokeko rebellina eta Taconerako bastioia, eta gaur egun, oreinak, ahateak eta hegazterrenak bizi dira erdi aske bertako lubanarroetan. Inguruetan beste bi portale mantentzen dira: Taconerakoa eta San Nikolasekoa, harriz harri eraman zutena bertara San Inazio etorbideko jatorrizko kokalekutik.

Azkenik, ibilbideari jarraituz Ziudadelara iritsiko gara. Europan dagoen defentsarako multzo handienetako bat da, eta Espainiako errenazimentuko arkitektura militarraren adibide onena dela jotzen da. Gaztelugibelaren inguruko lorategietan paseatzea edo kirola egitea ohiko denbora-pasa da iruindarrentzat, bai eta Ziudadelan dagoen Hiriartea Kultura Garaikideko Zentroan egiten diren erakusketa artistikoetara eta ekitaldietara joatea ere.

Adierazitako leku guztiak mugikorreko Pamplona-Iruña aplikazioaren bidez ere ezagut daitezke. Izan ere, aplikazioan ibilbide bat dago harresietan barrena, ibilbideko puntu interesgarriei buruzko informazio zehatz eta eskuragarriarekin.