Familian bidaiatzen dutenentzat, Iruñeak bertarako bisita esperientzia ahantzezin bilakatzen duten hamaika entretenimendu-aukera eskaintzen ditu.

Parkeak eta lorategiak

Iruñeak lorategi eta parke ugari ditu Alde Zaharretik oso gertu, eta erakargarri historiko eta monumental oso handiarekin. Horien artean, nabarmentzekoa da Taconerakoa, txikienek gehien maite duten guneetako bat; izan ere, zoo txiki bat du, eta bertan oreinak, paumak, zisneak eta erdi aske bizi diren bestelako hegazti-espezieak ikus ditzakete. Lorategietatik paseatzea eta apaintzen dituzten estatua eta iturri guztiak mirestea, eta ondoren Café Vienés kafetegi apainean atseden hartzea da familian egiteko planik onenetako bat. 

Taconeraren ondoan dago Antoniutti parkea, ezaguna skate pista bat duelako, baita soka-piramide bat ere; bertan izugarri ondo pasako dute gazteenek. Familia guztiarentzako paregabea den beste lorategi bat Media Luna parkea da, koloretako arrainez beteriko urmaelei eta harresiaren gaineko ikuspegi itzelei esker.

Jolasak eta bestelako jarduerak

Iruñeko autobus-geltoki zaharra hiriaren erdialdetik oso hurbil dago, eta gaur egun plaza estali bat da. Bertan, zabuak, txirristak eta bestelako jolasak aurkituko dituzte txikienek. Gazteentzat, aldiz, rokodromo bat, ping-pong mahaiak, futbolinak eta bestelako jarduerak daude. Leku paregabea da, batez ere egun euritsuetan. Gainera, dendak, taberna-kafetegia eta jarduera-programa zabala duen Geltoki gunea aurkituko dugu bertan.

Plan berezi bat nahi dutenentzat ez dago Iruñeko Planetarioa bezalakorik. Yamaguchi japoniar parkearen erdian dago eta zeruaren proiekzioak eskaintzen ditu, baita familia guztiari interesgarri suertatuko zaizkion erakusketak ere. Kanpoaldean Galaxiaren Lorategia dago, landareekin eta zuhaixkekin eginiko Esnebidearen eskalako erreprodukzio bat, zeinetan espazioko esploratzaile bihurtu ahalko garen mugikorretarako joko interaktibo baten bidez.

Iruñeak, bestalde, 2018an inauguraturiko pump-track pista bat du; hau da, patinajea edo bizikleta akrobatikoa bezalako kirolak egiteko gune bat. Pista Arga ibaiaren inguruan dago kokatuta, ibai-parkea leku bikaina baita, bai paseatzeko, bai kirola egiteko.Gainera, altxor-bilaketa edo geocaching ere egin ahalko dugu: hirian ezkutatuta dauden objektu txikiak bilatzea GPS gailuak erabiliz.

Museoak

Nork dio haurrek ezin dutela museoez gozatu? Iruñean familia osoarentzako kultura-aukerak ditugu.Andre Maria Erreginaren Katedralak, adibidez, "Occidens” erakusketa sariduna biltzen du, katedralean aurki daitezkeen elementu liturgikoak eta artistikoak txikienei hurbiltzea helburu duena.

Bestalde, Nafarroako Museoak ere baditu egokituriko materialak, bildumarako bisitan zehar haurrek ikasi eta goza dezaten lortzeko, eta egun batez gidari bilakatzeko.Era berean, Arrotxapea auzoan Ingurumen Heziketarako San Pedro Museoa dugu; hari esker, familia osoak sakonago ezagutuko ditu Iruñeko Arroak dituen baliabide naturalak.

Antzinako Nafarroako errege-erreginen jauregian kokaturiko Nafarroako Agiritegi Nagusia ere leku interesgarria da familiarekin bisitatzeko. Eraikinaren erakargarrien artean (XII. mendekoa da, nahiz eta 2003an zaharberritu, Rafael Moneo arkitektoaren eskutik) Iruñeak 1900. urtean zuen itxura erakusten duen maketa izugarri bat dago