Irisgarritasuna

Autoz

Iruña Nafarroako Foru Komunitatearen erdian dago, Espainiako iparraldean, eta oso hurbil Frantziako mugatik. Erraza da hainbat tokitatik Iruñera errepidez iristea. 
Ordubete inguru kostatzen da bertara iristea zenbait hiri hurbiletatik, hala nola Donostia, Gasteiz edo Logroñotik. Lehendabiziko bietatik, ordainpekoa den AP-15 autopistan barna iristen da Iruñera, eta hirugarrenetik doaneko A-12 autobidean zehar.

Bi ordu baino gutxiagora daude Bilbo (AP-15 errepidearen bitartez) eta Zaragoza, zeina Iruñearekin konektatuta dagoen AP-68 eta AP-15 errepideen bitartez.
Madrildik Iruñera autoz etortzeko lau ordu pasatxo behar dira. Beste bide batzuk badaude ere, hauxe da erabiliena: A-2 autobian barna, Medinaceliraino; gero, N-111 errepidetik Soriaraino, eta jarraian N-122 hartu Tuteraraino. Tuteran AP-15 autopista har daiteke, nafar hiribururaino.
Bartzelonatik, AP-2 autopista da aukera erabiliena. Zaragozan AP-2 utzi eta AP-68 hartu behar da, eta gero AP-15, Iruñeraino.
Frantziatik datozen bisitariak Irunen barna sartu ohi dira Nafarroako Foru Komunitatera; bertatik N-121-A errepidea hartu behar da, Iruñeraino, ordubete baino gehixeagoko bidaia egiteko.

Autobusez

Iruñean, autobus-geltoki modernoa dago, 2007. urtean inauguratua. Bertatik irten eta bertara iristen dira linea guztiak. Terminala erdiguneko Yanguas y Miranda erdiko kalean dago, Gaztelugibeleko parkearen eta Ziudadelaren ondoan, eta lur azpian dago. Barruan, taberna-kafetegi bat dago, bai eta zenbait zerbitzu, opari- eta goxoki-denda, eta gimnasio bat ere. 
Era berean, kontsigna-zerbitzu bat ere badu, automatikoki irekita egoten dena 6:30etik 23:00etara. Eguneko prezioa 4 eurokoa da armairu ertainentzat, eta 5 eurokoa, handientzat. Sanferminetan, eskuzko kontsigna-zerbitzu bat jartzen da eguneko 24 orduetan. Prezioa fardeleko 5 eurokoa da.

Autobus-geltokitik Iruñeko beste tokietara oinez joan daiteke, edo, bestela, autobusez edo taxiz. Bi taxi-geraleku daude. Bat geltokiaren barruko aldean dago, -2 solairuan, eta haren ordutegia geltokiarenak mugatzen du. Beste geralekua kanpo aldean da, Yanguas y Miranda kalean. Hor bertan dago, baita ere, hiri-autobusaren geralekua (16. linea eta A linea berezia), autobus-geltokia tren-geltokiarekin eta aireportuarekin lotzen duena. Eskuratu informazio gehiago hiri-garraioari buruz, hemen.

Trenez

Zenbait bidek lotzen dute Iruña trenez Espainiako beste zenbait hirirekin. Madrildik trenez etorriz gero, bidaiak hiru ordu inguru irauten du. Bartzelonatik bazatoz, ibilbideak lau eta bederatzi ordu bitarte iraun dezake, hartzen duzun tren-motaren arabera. Argibide gehiago behar izanez gero, tren-bidaiei eta erreserbei buruz, kontsulta egin hemen.

Iruñeko tren-geltokia Sanduzelai auzoan dago, hiriaren ipar-mendebaldean. Oinez, ordu-erdi inguruko bidea dago geltokitik Alde Zaharrera, baina hiri-autobus bat hartzeko aukera dago. 9. lineak eta A linea bereziak lotzen dute tren-geltokia hiriko erdialdearekin. A linea bereziak tren-geltoki, autobus-geltoki eta aireportuaren arteko lotura egiten du. 7. lineak ospitaleen aldearekin lotzen du tren-geltokia.
Halaber, taxi bat har daiteke geltokiaren kanpoaldean. Informazio gehiago, hemen.

Geltokiak honako zerbitzu hauek ematen ditu: taberna-kafetegia, komunak, liburudenda-paperdenda eta maletategi-gurdiak. Halaber, geltokiak irisgarritasuna bermatzen die mugikortasun urriko pertsonei.
Nabarmentzekoa da Renfek zerbitzu gehiago jartzen dituela sanferminetako festetan. Nolanahi ere, txartela aldez aurretik erostea gomendatzen da, sanferminetan eskaera handia baitago eta gerta bailiteke zenbait trenetan eserlekurik gabe geratzea.

Hegazkinez

Iruñeko aireportua Noain udalerrian dago, hiritik sei kilometrora. Badauka terminal bat, 2010ean egindako eraikin batean, eta hegaldi erregularrak ditu Iruña eta Madrilen artean eta Iruña eta Frankfurten artean (Alemania). Sanferminetan, aireportuak txarter hegaldi ugari jasotzen ditu.

Aireportuan, honako zerbitzu hauek daude: gastronomia-produktuen denda bat, kafetegi bat, komunak eta ordainpeko aparkaleku bat. Kontuan hartu ez dagoela kontsigna-zerbitzurik.
Hiri-autobuseko A linea erabilita irits daiteke aireportura; linea horrek lotzen du terminala tren- eta autobus-geltokiekin. Honi lotutako informazio osoa eskura, hemen.
Taxiz ere irits daiteke aireportura. Argibide gehiago jasotzeko zerbitzu honi buruz, sakatu hemen.