Erakarpenak

Nafarroak paisaia-aniztasun handia eskaintzen dio bisitariari. Bisitatzen gaituzten guztiek gurera iristean aire garbia arnastearen sentsazioa adierazi dute. Ura da Nafarroako benetako protagonista. Hark ematen die Erronkari, Zaraitzu, Aezkoa eta Baztan ibaien haranei kolore berdea. Guztiek eskaintzen dute edertasun izugarriko aurrepirinioetako paisaia. Iratiko basoa, Bertizko jaurerria eta Zugarramurdiko leizeak naturaren edertasunaren lagin bat baino ez dira.

Nafarroa Erdialdean nabarmentzekoak dira eliza eta ermita erromanikoak eta amestera gonbidatzen gaituzten gazteluak. Halaber, ardoa ekoizten da bertan, eta beraz, mahastien paisaiak gailentzen dira; udaberrian bitxilorez, mitxoletaz eta eguzki-lorez estaltzen dira, eta kolore paregabeak eskaintzen dituzte. Benetan merezi du Lizarra, Olite, Tafalla eta Zangoza bisitatzea. Andelos, Arellanoko villa erromatarra eta Ardoaren Museoa ezinbesteko hitzorduak dira.

Nafarroako Erriberak kontrastez beteriko edertasuna eskainiko digu Errege Bardeatan, adibidez. Bardeak biosfera-erreserba bat dira. Paisaia benetan malkarra izanagatik berdea eta hezea ere bada. Zenbait txokotan, esaterako Pitillasko aintziran, txoriak dira hondoko soinu bakarra.

Ebro ibaia da protagonista handiena, baina baita barazki gozoenak, Tuterako kukuluak, orburuak, Lodosako pikillo piperrak eta zainzuriak ureztatzen dituzten Aragoi eta Ega ibaiak ere. Nafarroako baratzea plastikotasun handiko paisaia da bere horretan.