TXANTREAKO ERRALDOIEN KONPARTSAREN 40. URTEURRENA

TXANTREAKO ERRALDOIEN KONPARTSAREN 40. URTEURRENA
-

Iruñeko Txantrea auzoko erraldoi eta kilikiek 40 urte bete dituzte. Urrats sendoz heldutasunera iritsita, nolabaiteko sustraitzearekin eta ilusio handiz, Txantreako Konpartsak 2024. urtea ospakizun-urte bihurtu du, atzera begiratzekoa eta egindako bidea ikustekoa. Horixe lortzen da Txantreako Erraldoien Konpartsaren 40. urteurrena erakusketarekin, zeina uztailaren 24ra bitarte bisitatzen ahalko baita Kondestablearen jauregiko ezkaratzean, patioan eta areto gotikoan.

Konpartsa 1983ko abenduan sortu zen. Armonía Txantreana peñaren Batzorde Txikiaren eskutik abiatu zen, auzoko txikienendako aisiako eta entretenimenduko alternatiba bat eskaintzea jomuga hartuta. Horrela sortu zen Txantreako Konpartsa, zeinak errege eta erreginak eduki ordez, euskal mitologiako pertsonaiak aukeratu zituen figura gisa, hala nola Tartalo, Sorgiñe, Basajaun eta Mari. 1984ko apirilaren 29an aurkeztu zituzten jendaurrean lau erraldoiak, Cotilla, Japi, Profe eta Piripi kilikiekin batera. Kasu horretan, auzoarekin lotura handiagoa zuten figurak aukeratu zituzten. ‘Segizioa’ urte batzuk geroago osatu zen Aker pare batekin.

Erakusketan hainbat bitxikeria ikusteko aukera egonen da: konpartsaren jantziak, figuren diseinua eta erraldoiei eta kilikiei bizia eman zieten moldeen fabrikazio-prozesua. Hala, ikusgai daude erraldoi handien eta txikien gorputzen tamaina handiko moldeak –baita haien buruenak ere–, poliesterra lantzeko tresnak, astoak, lehenengo Akerren jatorrizko adarrak eta jatorrizko erraldoien gorputz eta buru bana. Erakusketak, halaber, konpartsaren 80 argazki inguru biltzen ditu, sortu zenetik gaur egunera artekoak, bai eta denbora tarte honetan bisitatu dituen eta dantzan egin duen tokiei buruzko informazioa duten panelak ere. Era berean, aukera egonen da hainbat konpartsak eta udalek Txantreako Konpartsari emandako opariak ikusteko, konpartsak ehun toki baino gehiagotara –Katalunia, Aragoi, Gaztela eta Leon, Errioxa eta Asturias, besteak beste– egindako bisitetan jasoak. 

Erakusketan honako hauek ikusten ahalko dira: lau erraldoi handiak –Tartalo, Sorgiñe, Basajaun eta Mari–; sei erraldoi txikiak –Amaia de Butrón, Eudon, Amagoia, García Ximenez, Amaia eta Teodosio de Goñi–; lau kilikiak –Cotilla, Piripi, Profe eta Japi– eta bi Aker.  Baita Konpartsa Txikiko sei figurak ere, 1992an sortuak Axular Ikastolaren lankidetzari esker. 

Jatorrian Iruñeko Udalaren eta Iruñeko erraldoien eta buruhandien konpartsaren laguntza funtsezkoa izan zen aurrera ateratzeko, baina baita dantzatzen eta desfilatzen ikasteko ere. Urteak igaro ahala, Txantreako Konpartsa hazi egin da auzoaren eta hainbat kolektiboren babesari esker, haiekin garatu baitu alderdi kulturala, dantza- eta antzerki-ikuskizunen bidez, eta lortu du auzo guztia haiekin identifikatuta sentitzea. 40 urte hauetan, 150 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute konpartsan, eta gaur egun bertan parte hartzen dute Konpartsa Txikian hasitako neska-mutilek.

Webgune hau onuragarria izan zaizu?

Agenda