Erakusketa VIRGINIA SANTOS

Erakusketa VIRGINIA SANTOS
-

Asteartetik larunbatera: 11.30 – 13.30 eta 18.00 – 20.30. Igandeak: 11.30 – 13.30.

Ziudadelako Bolborategia. Maiatzaren 9tik ekainaren 29ra. Berdeari Itsu. Virginia Santos.

Nahiz eta herritarrok ez ohartu, landareak hiriko txoko askotan daude: lauzen artean, balkoietan, zoko galduetan, baita parkeetan ere; baina azkarregi bizi gara, gutxitan begiesten dugu gure ingurua, eta ez dugu ingurumenaz gozatzen. Wandersee eta E.E. Schussler biologia irakasleek 1999an jada esan zuten “berdeari itsu” bizi garela, eta horri aurre egiteko xedez, Virginia Santos Itoiz artista iruindarrak izen bereko erakusketa sortu du; artistak hausnarketa eta gizon-emakumeen eta naturaren arteko bizikidetza bultzatzen ditu erakusketaren bidez.

Berdeari itsu erakusketak paperaren gainean grafitoz egindako 53 marrazki biltzen ditu. Gehienak, 29, zuri-beltzezko marrazki handiak dira (1×1 metrokoak, 4 metro guztira). Santos Itoizek azaldu duenez, apropos kendu die kolorea landareei. Natura kolorearen eta bizitzaren isla da, baina erakusketak tonu txuri, beltz eta grisekin irudikatzen du natura hori, gizakion garunak kolore berdea eta landareen izaera hautemateko gaitasuna galdu balu bezala.

Marrazki handi horiek Bolborategiko hormetan jarri dituzte ikusgai, eta modu linealean antolatu dituzte ikuslea erakusketan murgildu dadin. Artistak pikor xeheko Fabriano markako papera erabili du, eta hala, inguratzen gaituen naturaren hauskortasuna irudikatzen saiatu da, eta aldi berean, gizakiok lehengai naturalekiko dugun menpekotasuna islatzeko saiakera egin du. Artistak hiriko landareei egindako argazkiak izan dira marrazkien abiapuntua. Izan ere, argazki horiek oinarri hartuta konposizio propioak sortu ditu, eta landare batzuen tamaina aldatu du, baina haien egituraren eta ezaugarrien xehetasunak bere horretan mantendu ditu. Funtsean, zuhaixkak, adarrak, hostoak eta lore eta landareak uztartzen ditu Virginia Santos Itoizek; osagai horiek guztiak, ordea, ez dira elkarrekin hazten, eta artistaren erabakia izan da landareak modu horretan irudikatzea. Erakusketak eskalekin jolasten du, eta herritarrak naturaren garrantziaz eta haren izateaz jabetzea du helburu.

Hogeita hamar bat marrazki horiez gain, tamaina txikiagoko (7×32,5 cm-ko) beste 24 biltzen ditu erakusketak; akuarelazko paperean grafitoz eta akuarelaz egindako marrazkiak dira. Landare-sorta bat da, eta kaiera botaniko bat balitz bezala, Bolborategiaren erdiko beira-arasetan jarri dituzte ikusgai; bertan, hormetako muralaren parte diren landareen berri jakiteko aukera dago, landareen izen arrunta, izen zientifikoa eta geolokalizazioa zein den ikus baitaiteke. Landareen irudikapen errealista egin du Virginia Santosek, eta kolorea eman die, naturan duten itxura islatzeko xedez.

Ibilaldiak, argazkiak eta behaketa
Artistak berak azaldu duen moduan, Berdeari itsu erakusketa ibilaldi askoren eta hiri-inguruneko landareei ateratako argazkien fruitu da. Proiektua astiro gauzatzen joan da, landareen hazkuntza motelaren antzera. Halaber, artistak nahierara uztartu ditu ibilaldietan aurkitutako natura-osagaiak. Erakusketa inguratzailea da prozesu horren emaitza, eta bisitariek aukera izanen dute naturaren egunez eguneko presentzia sentitzeko, sarritan bazter uzten baita: marrazkia hostoz beteta dago, eta horren bidez, dentsitate desberdineko marrazkiak irudikatzen dira, zeinetan hutsuneak eta loditasun beltzezko trazu txuriak txandakatzen diren.

Paperean irudikatzeari esker, Virginia Santosek hilezkor bihurtzen ditu landareak; izan ere, ez zaizkie hostoak sekula eroriko, eta ez dira zimelduko. Betirako existituko dira, baina bizigabeak izanen dira, eta lorategi gris bat sortuko dute.

Era berean, aurtengo Arbola lehiaketaren parte izanen da erakusketa; lehiaketa horrek hiriko zuhaitzei eta landareei buruzko kultura aberastea izanen du helburu, ekainean. Lehiaketa hasi aurretik, artistak ibilaldi batean parte hartuko du maiatzaren 22an (osteguna), 17:00etan: Eduardo Barbak gidatuko du, eta ibilaldiari amaiera emateko, bisita gidatu bat eginen dute erakusketara. Bestalde, ekainaren 8an (igandea), 11.30ean, artistak erakusketari buruzko bisita-lantegi bat antolatu du erakusketaren aretoan bertan.

Sala del Polvorín de la Ciudadela - Sala de Exposiciones Municipal
Webgune hau onuragarria izan zaizu?

Agenda