Asteartetik larunbatera: 11.30 – 13.30 eta 18.00 – 20.30. Igandeak: 11.30 – 13.30.
Ziudadelako Mistoen eraikina. Maiatzaren 16tik ekainaren 29ra. Dick Rekalde: Fallen Manual, hauskorrari eta egunerokotasunari buruzko gogoetak.
Ziudadelako Mistoen Eraikinean jarri du Dick Rekalde artista iruindarrak Eroritako Eskuliburua (Fallen Manual) erakusketa, eta ekainaren 29ra arte ikusten ahalko da. Esan bezala, ehunezko bilgarriak, eskultura organikoak eta marra finekin eginiko marrazki garbiak bildu ditu artistak erakusketan, eta errutina dute ardatz nagusi. Hauskortasunaren eta memoriaren inguruan hausnartzeko gonbidapen bat da bilduma, bai eta artearen transzendentziaren inguruan ere.
Izenburuak erortzea, estropezu egitea eta nork bere burua berrasmatzea islatu nahi du. Denborak aurrera egin ahala behin eta berriz agertu diren ereduak, irudiak eta formak berreskuratu ditu artistak, atzera egitearen poderioz aurrerapausoak emateko.
Marrazkiak brodatuaren antzeko prozesuarekin eginak dira: marra bakunak dira, zentzua izateko moduan ordenatuak, eta itzalak sortzen dituzte. Zeramikazko lanek, berriz, lohizko olana fin bat dute oinarrian, gozogintzan bezala landua. Sormen-prozesuak materialen hauskortasuna azaleratzen du, paperarena eta zeramikarena kasurako, eta prozesuaren beraren aldeko aldarri bat da, artelanaren funtsezko osagaia baita.
Eroritako Eskuliburua erakusketak hainbat ikuspegi desberdin aztertzera bultzatzen ditu bisitariak, itxuraz airean dauden formak begitantzera, eta marra eta objektu bakoitzaren atzean zer istorio dagoen irudikatzera. Baina kontu pertsonal eta intimoak ere azaleratzen ditu aldi berean. Dick Rekaldek modu minimalistan erabiltzen ditu koloreak, formak, tamainak eta bolumenak, eta erakusketa koherente, intimista eta oso iradokitzailea osatu du horrela.
Dick Rekalde 1963an jaio zen, eta Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, Iruñeko Arte eta Goi-mailako Diseinu Eskolan aritzen da argazkigintzako irakasle. Erakusketa ugari jarri izan ditu hainbat hiritan: hala nola Iruñean, Donostian, Tolosan, Bilbon, Zaragozan, Madrilen, Bartzelonan eta Berlinen. Gainera, hainbat sari eta beka eskuratu ditu, eta hainbat erakunderen bildumetan dago bere obra: Iruñeko Udalean, Nafarroako Museoan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Arabako Artium Museoan eta Coruñako Unión Fenosa Museoan.
LOCALIZACIÓN
NOTA: El Ayto. de Pamplona no se responsabiliza de los datos referentes a otras entidades.