Bisita gidatua Iruñean barna: ‘Emakume aitzindariak’

Bisita gidatua Iruñean barna: ‘Emakume aitzindariak’
Visita guiada

 

Bisita 11:00etan abiatuko da Artzapezpikutzako plazatik. Bertan ikus daiteke Artxibo Nagusian utzitako estela erromatar baten erreplika bat, Festa, Rustica, Stratia eta Antonia izenak jasotzen dituena, hau da, ezagutzen diren hiriko lehenengo emakume biztanleak. Leku horretan, Andre Maria Erreginaren plazan, sinagoga egon zen Erdi Aroan. Horregatik kontatzen da bertan emakume judu artisau eta mailegu-emaileen historia, XII. mendetik XIV.era hirian bizi zirenak.


 Hurrengo mugarria Merced kalean dago, espazio horretan elkarrekin ibili baitziren lehenengo emakume errepublikarrak eta sozialistak Herriko Etxearen inguruan, PSOEren eta UGTren egoitza  hor baitzegoen. Hortik, Dormitalería kalean barna, Katedraleraino iritsiko gara. Iruñean, 1083. urtean, emakume apezpiku bat izan zen: Sancha Ramírez, Sancho Ramírez erregearen arreba. Horren inguruan, gaur egun NAPIren eraikina den horretan, XIX. mende amaieran Irakasle Eskola jarri zen, eta bertatik atera ziren lehenengo maistra tituludunak. Horietako asko proposamen feministen buru aritu ziren gizartean.
 

Navarrería aukeratu da tradizionalki emakumeei esleitu zaizkien lanei buruz hitz egiteko. Santa Zeziliako iturria izan zen harrasketako bat, Arga ibaiaren ertzekin batera, etxeko lanetarako ura hartzeko zein bertan arropa garbitzeko. Inguru horretan azpimarratuko da, baita ere, emakumeek musikari egindako ekarpena, Emiliana Zubeldia musikari eta konpositoreak eta Rita Aguinaga Iruñeko Orfeoiko lehenengo emakume abeslariak egindako lana gogoratuz.
Mercaderes kalean –horren lehenengo tarteak ‘Nafarroako Blanca’ izena ere izan zuen– erreginei buruz ariko gara, esate baterako Leonor Trastamarakoa eta Toda erregina, bai eta horiek politikan izan zuten eraginari buruz ere. Zein bere mailan, eragina zuten, baita ere, Erdi Aroko azoka eta merkatuetara joaten ziren emakume merkatariek. Horiei buruzko azalpenak emanen dira Udaletxe Plazan, non aipatuko baita, halaber, San Zernin burguko emakume okzitaniarrek hirian izan zuten eginkizuna.
 

Kale Berritik aurrera, eta Carmen Baroja idazlearen bitartez sormen-lanaren munduari erreferentzia egin eta gero, San Frantzisko plazaraino iritsiko gara, bertan egon baitziren Errege Kartzelak eta emakumeen lehenengo kartzela, ‘La Galera’, XVII. eta XIX. mendeen artean. Azken mende horren amaieran eta XX. mendearen hasieran ireki zen, San Frantziskon, neskak eskolatzeko lehenengo eskola publikoa. Kontseiluko plazan eta Zapatería kalean politikan engaiatutako emakumeei buruz hitz eginen dugu berriz, bertan EAJren egoitza baitago, eta alderdi horrek talde femenino propioa izan zuen. Bisita Jakoba pasagunean amaituko da, XIX. mendearen amaierako emakume merkatari baten izena hartzen duen txokoa. Beste emakume batzuk ere aipatuko ditugu ibilbidean, besteak beste Matilde Huici, María Ana Sanz, Remigia Echarren eta Julia Fernández Zabaleta.

Otros datos

GIDA TURISTIKOA: Ana Díez de Ure, historiadora

Importe

Doan