Hiru Burguen Erdi Aroko Merkatua egonen da asteburu honetan Gazteluko plazan eta Sarasate pasealekuan, eta sarbidea nahiz edukiera osasun-neurriekin bat kontrolatuko dira

Hiru Burguen Erdi Aroko Merkatua egonen da asteburu honetan Gazteluko plazan eta Sarasate pasealekuan, eta sarbidea nahiz edukiera osasun-neurriekin bat kontrolatuko dira
70 postuak irekita egonen dira ostiralean,17:00etatik 21:00etara, eta larunbatean eta igandean 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara

Mercado Medieval

Hiru Burguen Erdi Aroko Azoka asteburu honetan ospatuko da, egoera berrira egokituz eta osasun-segurtasuneko neurriak kontuan harturik. Horretarako, kokapena aldatuko du,  Alde Zaharreko kale estuagoak utzi eta Sarasate pasealekuko eta Gazteluko plazako zabaltasunera pasako da. Bi guneetan sartzeko eta ateratzeko eremuak egonen dira, eta hauetan une oro edukiera kontrolatuko da eta musukoen eta gel hidroalkoholikoen erabilera zainduko da. Neurri hauek guztiak jasota daude Iruñeko Udalak bere antolakuntzarako argitaratutako baldintzetan, zeinak  Tokiko Produktuen Elkarteak, jardueraren entitate esleipendunak, gauzatuko baititu.
 

Merkatua irailaren 4ean, ostiralarekin, irekiko da, 17:00etan eta 21:00ak arte bisitatzen ahalko da. Larunbatean eta igandean goizeko ordutegia 10:00etatik 14:00ak arte izanen da eta arratsaldean 17:00etatik 21:00ak arte. Osotara elikagai eta artisautzako 70 postu jarriko dira, aurreko edizioetan baino kopuru txikiagoa, bertaratuko direnen artean segurtasun tartea mantentzea ahalbidetzeko. Aurten ez da animazio-jarduerarik egonen, ezta Erdi Aroko taberna eta ardiekin egoten den artilearen lekua ere.
 

Elikagaien postuen artean badaude fruitu lehorrak, txokolatea, hestebeteak, marmelada, eztia, pastak eta gozokiak, foie, gazta, arrautzak, taloak, olioa, patxarana eta infusioak eta sendabelarrak. Gainera, erakusketak eta salmentak egonen dira: buztina eta zeramika, zilarra, kremak eta ukenduak, larrua, zura, banbua, oihalezko txotxongiloak, xaboiak, artilea, feltroa, eskuz egindako pintura-artikuluak, makramea, harria, olibondoa, lore lehorrak, kobrea, esmaltea, ehungintza ekologikoa, haurtxoentzako brodatuak, kakorratz-lana, musika-instrumentuak eta bitxi artistikoak. Bi lekuetan postuak horizontalki 4 metrora eta aurrealdean 6 metrora bananduak egonen dira, osasun-neurriek adierazten duten moduan. Stand guztietan bezeroentzako gel desinfektatzaileak izanen dira eta artisauek FFP2 maskara eramanen dute, haientzat eta produktuak ikustera gerturatzen direnentzat segurtasuna bermatzeko babes goreneko elementua baita.
 

Gazteluko plazara sarbidea San Nikolas eta Xabier kaleetatik

Gazteluko plazak bi gune izanen ditu sartu eta atera ahal izateko. San Nikolas kalearen parean   Xabier kalearen ondoan egonen dira. Gainera, Sarasate pasealekurantz irteera bat egonen da, merkatuari jarraipena emanez. Sarrerak eta irteerak seinaleztatuta egonen dira. Karpak jarriko dira osasun jarraibideekin: gel hidroalkoholikoen eta maskaren erabilera eta une oro segurtasun tartea zaintzearen garrantzia.
 

Postu batzuk plazaren kanpoaldera begira jarriko dira, eta beste batzuk, barnealdera. Postuen artean geratzen den leku librea 2.520 m2-koa da, eta edukiera 1.120 pertsonakoa da , pertsona bakoitzeko 2,25 m2 kalkulatzen badugu. Hala ere, segurtasun tarte handiagoa utzi nahian, gehienez 700 pertsonentzat izanen da. Gazteluko plaza osoa zintekin itxiko da, lorategiak eta bankuak errespetatuko dira eta plazaren alboetatik oinezkoen joan-etorrietarako lekua utziko da Postuak kale-argien parean kokatuko dira, horrela kanpoaldetik askatasunez ibili ahalko delarik.
 

Sarasate pasealekua, erdialdetik igarotzea ahalbidetuko duen bi zonaldetan banatuta

Merkatua Sarasate pasealekuan bi zonaldetan kokatuko da eta modu independentean funtzionatuko dute: bakoitzak bere sarrera eta irteerak izanen ditu eta edukiera kontrolatuko da. Bat Gazteluko plazatik gertuen dagoen zatian egonen da, eta bestea, Parlamenturantz. Haien artean askatasunez zirkulatu ahalko da García Castañón eta San Nikolas kaleen artean . Postuek Gazteluko plazaren antzeko kokapena izanen dute, batzuk besteengandik aurrez aurre eta kale-argien parean.
 

Pasealekua ere zinta adierazgarriekin mugatua egonen da, eta sarrera eta irteera bakarrik gaitutako espazioetatik eginen da. Han une oro kontrolatuko dira bisitari-kopurua,  maskara nahiz gel desinfektatzailea erabiltzea eta segurtasun tartea gordetzea. Gune honetan 2.360 metro karratu kalkulatu dira, eta 1.050 lagunendako edukiera, baina enpresa esleipendunak gehienez 750era mugatuko du.

 

¿Te ha sido útil esta página?