2008az geroztik, ibilketa nordikorako hastapen-saioak antolatzen ditu Iruñeko Udalaren Epidemiologia Zerbitzuak, Iruñeko herritarren artean ariketa fisikoa sustatzeko zenbait jarduera garatzearren.

 

Zer da?

Aire zabaleko ariketa fisikoko modalitate berri bat dugu ibilketa nordikoa (nordic walking-a), edonorendako gomendagarria, edozein duela ere adina eta egoera fisikoa. Edozeinek egin dezake ibilketa hori, kirolaririk sutsuenak zein ariketa fisikoa egiten hasi nahi duenak, sasoian egon nahi duelako edo osasun-arazo kronikoak dituelako.

Oso teknika erraza du, iraupen-eskikoaren antzekoa. Finlandian sortu zen kirol-mota hori, eta Europa eta Ipar Amerika osora hedatu da harrezkero. Bi makilaren laguntzaz ibiltzea da ibilketa nordikoaren oinarria: makilek erraztu egiten dute ibilketaren abiada, eta arindu bizkarrak, aldakak eta belaunek jasaten duten karga.

Irudia
Irudia
Irudia

Nola ibili behar da?

Ibilketa nordikoak makilarik gabeko ibilketak baino onura gehiago ekartzen dizkio osasunari. Izan ere, orduko kalorien kontsumoa eta bihotz-biriketako errendimendua handitzen ditu, eta sortzen duen neke sentsazioa txikia da. 

Bi makila, besterik ez duzu behar. Muskulu-talde gehiago mugitzen dira makilak erabilita, eta lepoko zein bizkarreko muskuluak hobeto erlaxatzen dira. Artikulazioetan, orkatiletan, belaunetan eta aldakan pisuaren karga gutxitzeaz gain, makilak erabiltzea lagungarri da osteoporosia prebenitzeko ere, hezurren bidez transmititzen baita ibiltzean makilen talka leunduak sortzen duen bibrazioa. 

Edozein adinetako jendearendako egokia izateaz gain, hiriko edozein kale edo parketan praktikatu daiteke, eta edozein ordutan. Iruñearen hiri-egiturak lagundu egiten dio jarduera berri horri, aise iristen baita kaleetara eta berdegune ugari baitago auzo guztietan. 

Saio bakoitzean, ibilketari ekin aurretik azaltzen dute monitoreek zein den makilak erabiltzeko teknika egokia eta zer berotze- eta/edo luzatze-ariketa egin behar diren.

Informazio gehiago