Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Iruñeak ostegunean ospatuko du San Saturnino eguna: prozesioa, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera, eta La Pamplonesaren kontzertua

Iruñeak ostegunean ospatuko du San Saturnino eguna: prozesioa, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera, eta La Pamplonesaren kontzertua

Hiriko zaindariaren ospakizunekin bat etorrita, hiriko Eguberriko argiak piztuko dira, 17:45ean

Ostegunean Iruñeak San Saturnino hiriko zaindariaren eguna ospatuko du, eta programak jarduera hauek hartzen ditu barne: prozesio bat Alde Zaharrean barna; Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera; eta ohikoa den La Pamplonesaren kontzertua, zarzuelako obrak joaz. Aurreko urteetan bezala, jai hau aprobetxatuko da hiriko Eguberriko argiak pizteko.

10:05ean, Udalbatza aterako da Udaletxetik, hiriaren izenenean, ondoko San Zernin elizara joateko. Hortik, 10:15a aldera, hiriko zaindariaren omenezko prozesioa abiatuko da, eta honako ibilbide hau egingo da: San Saturnino kalea, Kale Nagusia, Arazuri Doktorearen pasealekua, Kale Berria eta berriro San Saturnino kalea, elizaraino. Euria eginez gero, ibilbidea aldatu ahal izango da. Prozesioan, Erraldoi eta buruhandien Konpartsak, La Pamplonesak, udal-txistulariek zein -dantzariek, turuta-jotzaileek zein tinbalariek, libreadunek, mazolariek eta gala-udaltzainek ere hartuko dute parte. 12:20an, gutxi gorabehera, segizioa Udaletxera itzuliko da.

Erraldoi eta buruhandien Konpartsa 09:30ean aterako da autobus-geltokian dituen lokaletatik. Desfilea honako ibilbide honetan egingo dute: Bake plaza, Yanguas y Miranda k., Gartzia Ximenez k., San Ignazio etorb., Comedias k., Pozo Blanco k., Zapatería k. eta Udaletxe plaza, non Udalbatzarekin eta ondoren prozesioan batuko baitira. San Zerningo mezaren ondoren, Udaletxe plazara itzuliko dira, eta bertan Udalbatzaren aurrean eta jendaurrean dantzatuko dira. Autobus-geltokira itzuliko dira honako ibilbide hau eginez: Mercaderes k., Txapitela k., Gazteluko plaza, Sarasate pasealekua, Alondegi k., Tutera k., Gartzia Ximenez k., Yanguas y Miranda k. eta Bake plaza.

Eguberritako argiak piztea

Arratsaldean, 17:45ean, hiriko Eguberriko argiak piztuko dira, eta horiek Alde Zaharreko zein Zabalguneetako kale eta plaza apainduko dituzte urtarrilaren 6a arte. Argiak pizteko ekitaldia Udaletxe plazan izango da; Udaletxeko fatxada argituko da, eta Corrientes Navarras gazte-elkarteak musikaz girotuko du ekitaldia, gabon kanta eta abesti herrikoiak abestuz.

Hiria 181 arkuz apainduko da Alde Zaharreko zein Zabalguneko kaleetan. Halaber, Eguberrietako irudiak edo bestelako elementuak dituzten apaingarriak jarri dira toki hauetan: Merindadeen zein Vianako Printzearen plazetako iturriak, Gazteluko plazako kioskoa zein barnealdea eta Askatasun plazako eraikineko, Gayarre antzokiko zein Udaletxeko fatxadak. Hiriko etorbide nagusietako kale-argiak (Nafarroa Beherea, Oliveto kondea, Armada) zein bestelako kokapenetakoak (Yanguas y Miranda, Foruen plaza) ere hainbat motiboz argituko dira. Argiteriako berritasunetako bat 12 metroko bi izeien apaingarrietako aldaketa izango da, Gazteluko plazan eta Karlos III.aren etorbideko oinezkoendako pasealekuaren eta Tafalla kalearen elkargunean kokatuta. 10 metroko 87 led-tira izango dituzte, eta hori horrela, zuhaitz bakoitzak 174 led-argi izango ditu guztira.

Eguberritako argiak 17:45etik 21:30era piztuta egongo dira. Ostiral eta larunbatetan ordutegia zabalduko da, gauerdian itzaliko baitira. Eguberrietako jaiegunen bezperetan, hots, abenduaren 24 eta 31n eta urtarrilaren 5ean, argiak goizeko 01:45ean itzaliko dira.

La Pamplonesa eta zarzuela

Ostegunean eta ostiralean, Gayarre antzokian, La Pamplonesak San Saturnino egunaren kariaz egiten duen ohiko kontzertua emango du, zarzuelari eskainia. Bi saioak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak 10 euroan daude salgai, www.teatrogayarre.com webgunean edo bertako leihatiletan.

Lehenengo aldiz, kontzertu honetan, La Pamplonesak titulu bakar bat aurkeztuko du, La Gran Vía, bertsio erdi eszenifikatu batean, eta horretarako Iruñeko Eugenia Echarren Kantu Eskolaren eta Aizaga Ganbera Abesbatzaren laguntza izango du. Chueca eta Valverde maisuek konposatuta, lan hau 1886an estreinatu zen Madrilen. Kontakizunean barna, ibiltari batek gau magiko batean gidatuko ditu bertaratutakoak, eta horretan sorginkeria miragarri bati esker, hemeretzigarren mendeko Madrilgo kale, plaza eta txokoak bizi-bizi egongo dira.

Obraren jatorrizko egiturak ekitaldi bat eta bost koadro ditu. Bere garaian, halako arrakasta handia lortu zuen ezen koadroetako batzuk eguneratu behar izan zituzten beti egunean egon zedin. La Gran Vía genero chico delakoaren erakusle bat da, gaurkotasunezko errebistara eramana, eta bertan grazia eta umore handiz erakusten ziren garaiko ardura sozial eta politikoak. Felipe Pérez eta Gonzálezen libretoak trebetasunez eta modu satirikoan erretratatzen ditu garaiko albisteak, eta tipo eta egoera komikoen desfile handia erakusten du eszenatokian, Madrilgo bide nagusi horren sorreran girotuta.

Iruñean, 2018ko azaroaren 27an

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo