Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Jabier Kalzakorta filologoak hitzaldi bat emango du astelehenean Kondestable Civivoxean, emakumearen figura euskal baladetan hizpide hartuta

Jabier Kalzakorta filologoak hitzaldi bat emango du astelehenean Kondestable Civivoxean, emakumearen figura euskal baladetan hizpide hartuta

19:30etik aitzina aurkeztuko da Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa liburua, eta sarrera librea da

Emakumearen figura euskal baladetan; horra astelehenean Kondestable Civivoxean emango den hitzaldiaren ardatza. Hizlaria Jabier Kalzakorta filologoa izango da, gai horretan aditu jantzienetakoa baita, eta hitzaldiak barne hartuko du berriki argitaratu den Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa liburuaren aurkezpena. Saioa 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea da. Nafar Ateneoak antolatu du, eta elkarte horretako euskal kultura arloko kide Josu Jimenez arituko da aurkezle-lanetan.

Emakumeek protagonismo nabaria dute euskal balada edo erromantzeetan. Nekez topatu daiteke emakumerik ez duen baladarik. Askotan bat baino gehiago ageri dira, eta rol desberdinak hartzen dituzte. Gauzatzen dituzten rolak, adierazteko moduak eta baladetan emakumeei buruzko zein ikuspegiri heltzen zaion aztertuko ditu hitzaldiak. Balada desberdinetako adibideak izango dira aztergai, XV. mendeko Basterretxetik hasi eta XIX. mendeko Zaldiak eder zela arte. Hori guztia Kalzakortak astelehenean aurkeztuko duen lanaren barruan ere bai.

Baladak edo erromantzeak poema narratiboak dira, bertso formatuan ohiz kanpoko gertakariak kontatzen dituztenak. Euskal literaturan perla handiak daude, eta adituen ustetan aberastasun hori are handiagoa izan zen, baina ez da gurera iritsi. Kalzakortak Euskal baladak: azterketa eta edizio kritikoa argitaratu berri du, bi liburukitan. Lan horretan euskal baladen ia corpus osoa aztertzen du, guztira 100 bat balada aztertu eta bildu baititu; horietako batzuk orain arte ezagunak zirenak dira, eta beste batzuk berak topatu eta berreskuratu ditu, egindako bilaketa sistematikoaren bidez.

Ezbairik gabe, egilea euskal ahozko literaturari buruz gehien dakiten pertsonetako bat da uneotan, eta jakin du Antonio Zavala ahaztezinaren bideari jarraitzen. Kalzakortak jatorrizko dokumentuetara jo du, kanta horien lehenbiziko transkripzioetara, ahozko narrazio-bertso hauen antologia osatu ahal izateko. Goxo zein tragiko, beti biziak diren piezak bildu ditu 1.500 orrialdez osatutako bi liburukietan, zeinetan baladen indar poetikoa, testu horiek gordeta duten xarma, jasotzen saiatu baita.

Zorroztasun handiko ikertzailea

Jabier Kalzakorta Markinan (Bizkaia) jaio zen. Filologia irakaslea da Deustuko Unibertsitatean, eta Euskaltzaindiaren Herri Literatura Batzordeko kidea. Ahozko literaturan aditu nagusienetako bat jotzen da, eta Labayru Institutuarekin (Mikel Zarateren ikerketa-mintegia) elkarlanean aritzen da; horrekin, hain zuzen, esaera zahar, ipuin, kopla eta baladen inguruko artikulu eta ikerketa ugari argitaratu ditu, Mendebaldeko Euskal Baladak, esaterako.

Haren lanak serioak dira, ongi dokumentatuak, eta artxibo eta liburutegietan barnako bilaketa nekaezinari esker lortu du galdutzat jotako edo ahaztutako agiri garrantzitsu asko berreskuratzea. Ikerketa-esparru zabalagoa duen arren, baladak eta esaera zaharrak dira haren espezialitatea. Testua ikertzerakoan darabilen zorroztasuna da balio nagusietako bat, testuen grafia eta konposizioa zehazteko; izan ere, datu horiek oso garrantzitsuak dira, kontuan hartu beharrekoak iturriak datatu eta kokatzeko.

1989az geroztik, orduan argitaratu baitzuen ipuin tradizionalei buruzko Tradiziozko ipuingintza, hamar bat liburu argitaratu ditu, Lamia, sorgin eta tartaroen erresuma ezkutua (1997) eta Dantza-kopla zaharrak (2008), besteak beste. Gueroco guero, Axular; aurkezpena (2006) ere argitaratu du, euskal literaturaren maisu-lanari buruz.

Iruñean, 2018ko azaroaren 2an

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo