Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Iruñategi proiektuak 14 maparen bidez islatzen ditu Iruñeak dituen 1.958 baliabide asoziatiboak, instituzionalak, gizarte-ekonomiakoak eta herritarren

Iruñategi proiektuak 14 maparen bidez islatzen ditu Iruñeak dituen 1.958 baliabide asoziatiboak, instituzionalak, gizarte-ekonomiakoak eta herritarren

Mapek baliabideak kokatu, sailkatu eta zehaztu dituzte, eta Iruñeko elkarteen ataritik deskarga daitezke

Iruñeak 1.958 baliabide ditu guztira, asoziatiboak, instituzionalak, gizarte-ekonomiakoak eta herritarren ekimenekoak,auzoetan banatuta. Iruñategi proiektuak 14 mapatan islatu du hiriko gizarte-errealitatearen argazki hori, eta goizean Kondestablearen jauregian aurkeztu diren mapa horiek herritar guztien kontsultarako zein deskargarako prest daude. Iruñategi proiektua Iruñeko elkarte-mugimendu eta gizarte-ekimenaren garapena zein egungo egoera aztertu eta aintzat hartzeko xedez jarri zen abian, etorkizunean, haiei zuzendutako ekintzak, programak eta proiektuak diseinatzeko.

Iruñategik egiazko argazkia egiten du hiriko 13 auzoetan dauden baliabide asoziatiboei, instituzionalei, gizarte-ekonomiakoei eta herritarren ekimenei buruz; eta, horrela, ikuspegi bat eskaintzen du auzo bakoitzean eta hiri osoan dagoen komunitate-sareari buruz, horiek indartzeko bidea emateari begira. Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko zinegotzi ordezkari Mikel Armendárizek eta Alorreko zuzendari Antso Fernándezek goizean aurkeztu dute Iruñategi proiektua, Iruñeko Udalaren eta elkarteen arteko urte eta erdi baino gehiagoko elkarlanaren emaitza. Herritarren Partaidetzako teknikariek ere, Ana Etxalekuk eta Elian Peñak, hitz egin dute egindako lanaren xehetasunak azaltzeko. 2017ko otsailean datuen bilketa eta baliabideen sailkapena hasi ziren, ekimen honen lehenbiziko urratsetan. Egungo elkarteen errolda zein erregistroetatik eta herritarrekin zein gizarte- eta elkarte-ehunarekin elkarlanean egindako landa-lanetik abiatuta hautatu da informazioa.

2018ko urte honetan bildutako datuak alderatu eta ebaluatu dira, lurralde- eta sektore-esparruko eragileekin elkarlanean, eta mapak diseinatu dira. Aldaera elkarreragilean, Iruñategi txertatuta egongo da Iruskan delako atarian, Udalak Iruñeko informazio geografikoa eskuratzeko berriki garatu duen horretan Etengabe eguneratzen arituko da eratuz joango diren baliabideak aurkezteko.

Baliabideak auzoen, tipologiaren, erreferentziazko biztanleen edo jardueraren arabera

14 mapa osatu dira, hiria banatutako 13 auzoei dagozkienak eta beste plano orokor bat, Iruña osoaren laburpen modura. Mapek informazio osoa dute eskuragarri gaztelaniaz eta euskaraz, eta liburuxka-formatuan argitaratu dira. Aurrealdean mapek auzoaren proiekzioa erakusten dute, eta baliabide guztien kokapen geografikoa adierazten dute, zenbakituta eta bakoitzaren ikurraren arabera identifikatuta. Atzealdean baliabideak ordenatuta erakusten dira, honakoak jasota: izen osoa, deskribapen laburra, posta-helbidea -egoitza badute edo leku jakin batean biltzen badira-, posta elektronikoa eta web-helbidea. Edukiak eskuragarri daude gaztelaniaz eta euskaraz.

Izan ere, auzoetan kokatzeaz gain, baliabideak tipologiaren, zuzentzen zaizkien biztanleen edo jardueraren arabera sailkatu dira. Zehazki, tipologiak asoziatiboak, instituzionalak, gizarte-ekonomiakoak edo herritarren ekimenekoak diren arabera banatzen ditu baliabideak. Biztanleei dagokienez, haurrei eta nerabeei, gazteei, helduei, adinekoei edo hainbat belaunaldiko jendeari zuzendutakoak diren arabera banatzen dira. Azkenik, jardueraren araberako espektro zabalago batean, baliabideak arlo hauei lotuak izan daitezke: herritarren segurtasuna; hirigintza eta etxebizitza; dibertsitate funtzionala; kultur aniztasuna; turismoa; osasuna eta ongizatea; ogasuna, ekonomia eta enplegua; hezkuntza; alderdi politikoak eta sindikatuak; gizarte-ekintza; erlijioa eta espiritualtasuna; kirola; lanekoa eta profesionala; kultura; ingurumena; administrazio publikoa; aktibismoa; gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasuna; eta LGTBI.

Interneten bidez ikusi eta deskargatu ahal izateaz gain, auzoetan dagokien maparen laburpena izango duen argibide-taula paratuko da, herritarrek kontsulta dezaten. Argibide-taulak udal-eraikinetan kokatuko dira, eta bertan mapak jasoko dituzten liburuxkak guztiendako eskuragarri jarriko dira. Toki hauetan paratuko dira: Kondestable Civivoxean, Zabalgune, Sanduzelai, Juslarrocha, Mendillorri, Milagrosa eta Iturramako Civivoxetan, Txantrea eta Etxabakoitzeko liburutegietan, Buztintxuri, Lezkairu -Santa María la Real eta Ermitagaña- Mendebaldeako GEZKetan, eta Donibaneko Auzo Unitatean. Erripagaña - Beloso - Bidezar zonaldean kokapena zehazteko dago.

Zehazki, antzeman eta aztertutako 1.958 baliabideetako 1.397 asoziatibotzat jotzen dira, 507 instituzionaltzat, 16 ekonomia sozial eta solidariokotzat eta 38 herritarren ekimenei lotzen zaizkie. Auzoka, ia baliabideen % 40 Zabalguneetan eta Alde Zaharrean daude, 396 eta 352, hurrenez hurren. Donibanen, Ermitagañan eta Mendebaldean 246 baliabide erregistratu dira, Arrotxapean 192, Milagrosa, Arrosadia eta Azpilagañan 163, Iturraman 152 eta Txantrean 151.

Elkarte-mugimendurako web-atari berria

Goizean ere aurkeztu den web-atari asoziatibo berriaren bidez deskarga daitezke auzo bakoitzeko baliabideak jasotzen dituzten mapak. Web berri bat da, http://asociaciones.pamplona.es, hiriko elkarte eta kolektiboen informazio- eta partaidetza-gune izateko Iruñeko Udalak abiatuta, non alta egin eta are beren webgunea eduki ahal baitute, doan.

Horretarako, Udalak hiru aukera eskaintzen ditu, elkarteen behar eta nahien arabera. Alde batetik, bakarrik oinarrizko argibideetarako gunea eduki nahi duten elkarte eta kolektiboek beren erreferentziak eduki ahalko dituzte, hala nola kontaktua, kokapena, elkartearen deskripzioa eta sare sozialetarako estekak, halakorik badute. Beraien webgunea edukitzeko aukera ere eskaintzen da, aukera zabalagoa dena, aurreko guztia eta, horrez gain, agenda, berriak, bideoak eta irudiak barne hartuta. Azkenik, entitateak bere webgunea badu dagoeneko, web-atari asoziatibo berri honetatik esteka bat ezarri ahal da.

Alta egiteko http://asociaciones.pamplona.es web-atarian sartu besterik ez dago, eta urrats-sorta bat egin, webgune bat sortu ala bakarrik dagoenaren esteka jarri nahi den zehaztuz, elkartearen datu orokorrak (izena, kontaktua...) emanez, jarduera-mota edo adin-taldea, baita islatu nahi den edozein argibide ere. Zentro. Elkarlaneko gunetik prozedura honi buruz aholku emango da, ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Horrez gain, Iruñeko web-atari asoziatiboak baditu elkarteek argitaratutako informazio eta edukiak jasotzen dituen albiste-atala, eta entitateak izen, jarduera, lurralde eta / edo adin-taldearen arabera kontsultatu eta aurkitzeko bilatzailea. Horri dagokionez, lan egiten ari da, hiriko baliabideak dituzten mapak deskargatzeko aukeraz gain, bilaketa hori mapa georreferentziatuan egiteko aukera ere gehi dadin.

Iruñean, 2018ko urriaren 26an

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo