Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Euskararen ordenantza berriak herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde egiten du, eta edukiak egungo errealitatera egokitzearen alde, gizart

Euskararen ordenantza berriak herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzearen alde egiten du, eta edukiak egungo errealitatera egokitzearen alde, gizart

Gaztelania eta euskara hiriko "berezko" hizkuntzatzat hartzen ditu, eta planteatzen du herritarren arreta eta espedienteen tramitazioa bi hizkuntza horietan egin ahal izatea

Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea eta araua gizarte-errealitatera eta indarreko testuinguru juridikora egokitzea dira Iruñeko Udalaren eta haren sektore publiko instituzionalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen Ordenantza berriaren proposamenaren helburu behinenak. Goiz honetan aurkeztu eta aurrerago eztabaidagai izango den agirian honako alderdi hauek jasotzen dira: norberak hautatu hizkuntzan udal-arreta jasotzeko eskubidearen bermea, euskararen erabilera arautzea hiriko hizkuntza-paisaian, euskararen ezagutza zein lanpostutan behar den zehazteko bideak, ezagutza horren balorazioa lanposturako ezinbesteko baldintza ez denean, barne-egitura operatiboa, espedienteak euskaraz egitea ahalbidetzen duena, eta Euskararen Kontseilua sortzea.

Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Aritz Romeo Gardentasun, Berrikuntza eta Hizkuntza Politikako zinegotzi ordezkariak eta Inma Errea Euskara Zerbitzuko buruak aurkeztu dute ordenantza-proposamen hau, zeinak 1997ko jatorrizko testuaren espiritua berreskuratu nahi duen, eta edukia eguneratu errealitate berrira egokitze aldera lege, gizarte, administrazio eta teknologiaren esparruetan. Alkateak azpimarratu duenaren arabera, "gaur aurkezten dugun Euskararen ordenantza-proposamenak egungo gobernu-taldearen abiapuntu izan zen Akordio Programatikoan jasotakoa betetzen du: euskararen ordenantzaren jatorrizko espiritua berreskuratzea eta hura eguneratu eta garatzea, betetzen dela bermatzea, toponimia batzorde bat eratzea eta hizkuntza-eskakizunen eta udal-plantillaren inguruko azterlana eguneratzea". Bereziki nabarmendu du egin den ahalegina lehenengo ordenantzari bide eman zion adostasun-espiritua berreskuratzeko, bai eta testua diseinatzeko egin den lana ere, Administrazioan euskararen erabileraren normalizazio errealari benetako bultzada eman ahalko dion testua baita.

Testu-proposamenak xede du Iruñeak Nafarroako egungo arauekin bat (Euskararen Legea eta hura arautzen duten dekretuak) eta Europakoekin bat (Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna) datorren ordenantza bat edukitzea. Azken urteotan, legea aldatu da honako hauek onestearekin batera: 9/2017 Euskarari buruzko Foru Legea, 103/2017 Foru Dekretua, euskararen erabilera Nafarroako administrazio publikoetan arautzen dituena, eta 42/2011 Foru Dekretua, Hizkuntzen Europako esparrura egokitzekoa. Halaber, errealitate soziala ere aldatu da; izan ere, partaidetza eta hizkuntza inklusiboa txertatu dira, administrazio elektronikora egokitu beharra dago eta teknologia berriak zein sare sozialak garatu dira. Alderdi horiei guztiei ere heltzen die gaur aurkeztutako testuak.

Zortzi kapitulu eta 28 artikulu, hizkuntza-eskubideak bermatzeko

Zirriborroak zortzi kapitulu, hogeita zortzi artikulu, xedapen gehigarri bat eta azken xedapen bat ditu. Kapituluek honako alderdi hauek garatzen dituzte: ordenantzaren aplikazio-esparrua, administrazio-harremanak, herritarren eskubideak, udal-irudia, langileak eta udal-barne funtzionamendua, toponimia, euskararen sustapena eta partaidetza. Testu berriak egungo ordenantzaren edukiaren zati handi bat hartzen du barne, baina berri bat onestearen aldeko hautua egin da, juridikoki formula seguruagoa, argiagoa eta errazagoa baita. Hartara, aldaketa partzialek eta onetsi zenetik iragandako denborak eragindako interpretazio- eta aplikazio-arazoei irtenbidea eman nahi zaie.

Aldaketa sinbolikoen eta bereizgarrienetako bat ordenantzaren izena bera da. Proposamen berriak "vascuence" hitza ordezten du Espainiako Errege Akademiak jasotzen duen "euskera" adieraren baliokideaz, gizartean asko erabiltzen den eta zabaldua dagoen hitza baita, islatuta agertzen dena hezkuntzako testuetan eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuneko europar txostenetan.

Proposatutako ordenantzaren lehen artikuluak aditzera ematen du gaztelania eta euskara Iruñeko berezko hizkuntzak direla, eta biak berdintasunean erabiliko direla Udalaren administrazio-esparruan. Testuak jasotzen du herritarrek eskubidea dutela Udalari gaztelaniaz nahiz euskaraz zuzentzeko, dela ahoz dela idatziz. Halaber, eskubide hori zabaltzea proposatzen da, eta hartara, herritarrek eskubidea izango dute Udal Administrazioak erantzun diezaien haiek erabilitako hizkuntzan eta haiek egindako moduan (ahoz edo idatziz). Hori horrela, asmoa da Udalak eta haren sektore publiko instituzionalak behar beste baliabide tekniko eta giza baliabide edukitzea posible izan dadin bi hizkuntzetan arreta ematea, hala aurrez aurre nola idatziz, telefonoz edo telematikoki. Halaber, testuak proposatzen du itzulpenen erabilera ahal den neurrian ekiditea eta behar beste pausu ematea udal-espedienteen tramitazioa euskaraz egitea ahalbidetzen duten egitura operatiboak edukitzeko.

Iruñean, 2018ko urriaren 23an

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo