Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Iruñeak Pablo Sarasateren heriotzaren 110. urteurrena ekarriko du gogora, haren mausoleoa berrituz eta musikaz, zinemaz eta bisita gidatuez osatutako

Iruñeak Pablo Sarasateren heriotzaren 110. urteurrena ekarriko du gogora, haren mausoleoa berrituz eta musikaz, zinemaz eta bisita gidatuez osatutako

Kondestablen Joaquín Calderónen dokumental bat proiektatuko da, eta kontzertu bat emango da, Sarasateren biolinaz, aditu baten eskutik

Iruñeko Udalak Pablo Sarasate biolin-jotzaile eta konpositore iruindarraren 110. urteurrena oroituko du kultur jardueren programa baten bidez, non musika, zinema eta bisita gidatuak izango baitira, eta haren mausoleoa zaharberrituz, zenbait kalte baitzituen. Programa irailaren 19tik, asteazkenarekin, 23ra arte, igandearekin, garatuko da. Xehetasun guztiak gaurko prentsaurrekoan azaldu dituzte Hezkuntza eta Kulturako zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta Hiri Bizigarri eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak.

Pablo Sarasate y Navascués 1908ko irailaren 20an zendu zen, eta egun hori gogora ekartzeko, heldu den irailaren 20an, 11:30ean, Iruñeko Udalak bisita bat antolatu du haren panteoi zaharberritura, eta ekitaldi horri buru emateko, Pablo Sarasate Nafarroako Orkestra Sinfonikoak (NOS) omenaldia egingo dio. Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, 1879an Pablo Sarasatek sortua, jardunean den talderik antzinakoena da nazioko orkestra-panoraman, eta emanaldiak izan ditu auditorio nagusietan, opera-denboraldietan eta nazioko zein nazioarteko jaialdietan. Orkestrako musikariek 12:00etan joko dituzte Sarasatek konposatutako bi lan, haren omenez.

Kultur jarduerak 19an hasiko dira, Calderónen dokumentalaz

Udalak Sarasateren omenez prestatutako programa irailaren 19an, asteazkenarekin, hasiko da, 19:00etan, Joaquín Calderón nafarrak ekoiztu eta zuzendutako El rey del violin dokumentalaren proiekzioaz. Calderón Espainiako zinemako akademiko izendatu du duela gutxi Espainiako Zinema Arte eta Zientzietako Akademiak. Pablo Sarasateren garai berekoa ez ezik adiskide ere zen Henry Wieniawski biolin-jotzaile poloniarraren hilobira egindako bisitak zedarritzen du gerora biolin-jotzaile izango den Anna Radomska neskato poloniarraren etorkizuna. Biolinak pizten dizkion jakin-min eta pasioak, bai eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren kide izateak, Sarasateri buruzko ikerketak egitera eramango dute. Ikerketa horren bidez Annak jendea ezagutuko du, eta hainbat toki bisitatuko, bide emango diotenak musikariari buruz aurretik inoiz inork kontatu ez zizkion gauzak jakiteko.

Irailak 20, osteguna: lantegia eta Nicole Cresporen kontzertua

Ostegunean, irailak 20, El violín de viaje izenburuko lantegia antolatu da, zeinaren bitartez ezagutuko baitira Iruñeko konpositore eta musikariaren figura zein bere instrumentuak. Parte-hartzaile bakoitzak plastikozko materialekin sortuko du bere bidaia-biolin propioa. Lantegia Ana Rosa Sánchezek emango du, 18:00etatik 19:30era, eta izena emateko epea jarduera hasi eta 24 ordu lehenago arte egongo da zabalik. 5 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, heldu batez lagundurik, eta 16 toki eskaintzen dira.

Heriotzaren urteurren-egunean bertan, 20:00etan, Nicole Crespok kontzertua emango du, El violín de Sarasate canta una vez más izenburupean, eta Sarasateren biolina joaz interpretatuko ditu zenbait obra. Errezitaldia kontzertu-aurkezpen didaktiko modukoa izango da, halako moduan non zenbait ohar labur emango baitira Sarasateren Vuillaume biolinari buruz, eta hori jotzeko moduari buruz. Mark Kinkaid piano-jotzaileaz lagunduta, Nicole Crespok eskainiko duen programaren barruan Pablo Sarasateren obrak jotzeaz gain, Sarasatek aldizka jo baina hamarkadatan entzun ez den E. Bernard-en obra bat estreinatuko da. Nicole Crespo O"Donoghue, jatorriz eusko-irlandarra, bakarlari gisa aritzen da izen handiko orkestrekin batera, besteak beste Philharmonia eta la Royal Philharmonic Orchestra-rekin.

Bisita gidatuak Pablo Sarasate museo-aretora

Oroimenezko kultur programaren osagarri, doako bisita gidatuak egingo dira Kondestable Civivoxean kokatutako Pablo Sarasate museo-aretora. Hona bisiten datak eta ordutegiak: irailaren 21ean, ostiralarekin, 18:30ean, euskaraz; 22an, larunbatarekin, 11:00etan gaztelaniaz eta 12:00etan euskaraz; eta igandean, 12:00etan, gaztelaniaz. Izena doan eman daiteke Kondestable Civivoxean, www.pamplonaescultura.es udal webgunean eta 010 telefonoan (948 420 100ean, Iruñeaz kanpotik, mugikorretik edo telefono-operadore baten tarifa lauaren barruan deitzen bada).

Museo hau, zeina lehen Iruñeko Udal Artxiboaren barruan egon baitzen (San Joan Apaizgaitegi zaharreko kaperan), 1897an sortu zen musikariak hiriari egin zion dohaintzari esker: sarien sorta bat, instrumentuak, altzariak eta haren beste zenbait objektu pertsonal. Bildumak beste egoitza batzuk ere izan zituen aurrez, Udaletxe zaharra, adibidez. 2008az geroztik biolin-jotzaile eta konpositorearen ondarea Kondestablearen jauregian dago, Iruñeko Udal Artxiboan diren partiturak salbu.

Pablo Sarasate museo-aretoak gogora ekartzen du Iruñeko biolin-jotzailearen bilakaera, hainbat etapatan banaturik, lehen akordeetatik hasi eta lortu zuen nazioarteko ospe edo sanferminetako kontzertuetara arte. Bertan ikus daitezke askotariko pieza eta objektu pertsonalak (bitxiak, erabilera pertsonaleko tresnak, altzariak eta antzekoak), errege zein enperadoreen eskuetatik jasotako opariak, partiturak eta musika-programak. Erakusgai daude, halaber, bere Vuillaume eta Gaul&Bernarde biolinak, Bechtein pianoa, Mariano Benlliurek egindako brontzezko busto bat, eta José Llanecesek egindako erretratu bat.

Garbiketa- eta konponketa-lanak mausoleoan

Pablo Sarasateren mausoleoa zaharberritzeko lanak marmolean zenbait kalte antzeman ondoren egin dira, eguraldi txarrak, alga eta likenen eraso biologikoak eta produktu urratzaileez egin diren garbiketa-lanek eragindakoak, zeinak harriaren gainazala narriatu baitute, harria bera gero eta kalteberagoa eginez. Faktore horiek direla medio, gainazal asko zimurtuta zeuden suontzietan, zutabeetan eta zerraldoaren eremu gailendu batzuetan, pitzadurak ere agertu dira, eta bolumena galdu da hainbat puntutan. Horrez gain, hainbat haustura eta pitzadura zeuden zutabeetan, aldaketaren ostean kateek pairatutako tentsioa dela eta. Kateetan, hain zuzen, ereinotz-hostoak ia erabat desagertuta zeuden, herdoilduta, eta margo-eskualdi asko zituzten. Marmola burdinaren herdoilak tindatua zegoen, eta orban horien sakontasunak asko zailtzen zuen horiek erabat desagerraraztea.

Hori horrela, lan hauek egin dira: oinarriak berdindu eta indartu, zutabe eta suontzietako herdoila garbitu eta pitzadura zein ainguratzeak konpondu, eta kateetan esku hartu. Azkenik, zerraldoa garbitu da. Kostua 30.867,49 eurokoa izan da.

Mundu zabaleko kritikak eta entzuleek aintzatetsitako musikaria

Pablo Sarasate, jatorriz Martín Melitón Sarasate, San Nikolas kalean sortu zen 1844ko martxoan. Aita izan zuen lehen irakasle. Santiago, Coruña eta Madrilen ikasi zuen. 1855ean, interprete gaztea, jada haur prodijio ezagun, Parisera joan zen beka bati esker, eta bertan abiatu zuen bere nazioarteko ibilbidea, 60ko hamarkadan. 13 urterekin Parisko Kontserbatorioko biolineko lehen saria eskuratu zuen, eta bere konposizio propioak jotzen hasi zen. 70eko hamarkada hasieran Ameriketara joan eta bertako entzuleak limurtu zituen. Itzulitakoan ere, Europan arrakasta handia lortu zuen Alemanian, Austrian, Herbehereetan, Errusian, Ingalaterran... 80ko hamarkadan mundu zabaleko kritikaren zein entzuleen aintzatespen osoa lortu zuen jendez mukuru izaten ziren kontzertuetan. Biarritzen hil zen, 1908an.

Sarasate Iruñearen seme kutuna da, 1900. urtean hartutako erabakiz, nahiz eta izendapena ez zen 1902ra arte egin. 1903az geroztik biolin-jotzaileari omenaldia egiten dio hiriko pasealeku nagusietako batek,1918az geroztik Taconera parkeko monumentu batek, eta beste batek Media Luna parkean (1959). Nafarroako Musika Kontserbatorio Profesionalak ere haren izena du.

Sarasateren heriotzaren 110. urteurrena

  • Irailak 19, asteazkena, 19:00. Kondestable Civivoxa
  • Proiekzioa. Sarasate. El rey del violín
  • Aurkezpena eta solasaldia, haren gidoilari, ekoizle eta zuzendari Joaquín Calderónekin.
  • Irailak 20, osteguna. San José udal-hilerriko panteoia.
  • Bisita zaharberritutako panteoira
  • 11:30.
  • Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren omenaldia
  • 12:00.
  • Irailak 20, osteguna: 18:00 - 19:30. Pablo Sarasate museo-aretoa. Kondestable Civivoxa
  • Lantegia. El violín de viaje
  • 5 eta 10 urte bitarteko haurrei zuzenduta, heldu batez lagundurik. Nork emana: Ana Rosa Sánchez
  • Izen-ematea, doan, lantegia hasi baino 24 ordu lehenago bitarte, edozein Civivoxetan (16 toki)
  • Irailak 20, osteguna. 20:00 Kondestable Civivoxa
  • Kontzertua. El violín de Sarasate canta una vez más
  • Nicole Cresporen eskutik. Kontzertu-aurkezpen didaktikoa, Sarasateren biolinaz joko dena.
  • Irailak 21 (ostirala), 22 (larunbata) eta 23 (igandea). Kondestable Civivoxeko museo-aretoa
  • Bisita gidatuak
  • Ostiralean, 18:30ean, euskaraz.
  • Larunbatean, 11:00etan, gaztelaniaz.
  • Larunbatean, 12:00etan, euskaraz.
  • Igandean, 12:00etan, gaztelaniaz.
  • Izen-ematea, doan: Kondestable Civivoxa, www.pamplonaescultura.es eta 010 telefonoa (948 420 100, Iruñeaz kanpotik, mugikorretik edo telefono-operadore baten tarifa lauaren barruan deitzen bada).

Iruñean, 2018ko irailaren 14an

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo