Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Udalak aldi baterako CoWork gune bat sortu du Bartolomé de Carranza kalean, bertan enpresa-proiektu berriak garatu daitezen eta enpresen arteko lankid

Udalak aldi baterako CoWork gune bat sortu du Bartolomé de Carranza kalean, bertan enpresa-proiektu berriak garatu daitezen eta enpresen arteko lankid

Ekipamenduz hornitutako 6 laneko postu prestatu dira, gehienez ere urte batez erabili ahalko dira, eta errenta baxuendako prezio bereziak egongo dira

Iruñeko Udalak aldi baterako CoWork gune bat sortu du, bertan enpresa-proiektu berriak garatu eta enpresak elkarlanean aritu daitezen. Ekimen berria Jose María Iribarren ikastetxeko atezainaren etxebizitza zena egokitu ondoren abiatu da, Bartolomé de Carranza kaleko 5ean. Xehetasun guztiak gaur azaldu ditu, prentsaurrekoan, Tokiko Ekonomika Jasangarriko zinegotzi Patricia Peralesek.

Ekimen honen bidez, Udalak laguntza ematen jarraitu nahi du enplegu zein enpresa berriak sortu eta jada existitzen direnak indartu daitezen, eta horretarako lan egiteko gune partekatu bat eskaintzen die ekintzaile, autonomo, profesional eta mikroenpresei. Lankidetza-lanaren ereduan oinarriturik, gune horrek bide emango du sinergiak sortzeko, elkarrekin ikasteko, harremanak sustatzeko eta proiektu eta ezagutzak partekatzeko.

CoWork guneak 6 laneko postu izango ditu, eta horietako bakoitzak ordenagailua, mahaia, aulkia eta objektu pertsonalak gordetzeko armairu bat izango ditu. Lizentzia bakoitzak bat bakarrik erabiltzeko eskubidea emango du. Gehienez ere urte batez erabili ahalko da, lizentzia onesten den unetik aitzina, eta ezin izango da luzatu, salbuespenak salbuespen, esate baterako, ez badago eskaerarik itxaron-zerrendan.

Prezioa, hileko 125 euro

Udalak adostutako prezioa, zeina 2019ko urtarrilaren 1etik aitzina indarrean egongo diren Ordenantza eta Arau Fiskaletan zehaztuko baita, hileko 125 euro da, postu bakoitzeko. Kopuru hori ezarri da kostuei buruz egindako azterlana aintzat hartuz. Prezioaren proposamen horretan errenta baxuak dituzten pertsonendako murriztapenak ezartzeko aukera txertatu da. CoWork gunea erabiltzeko lizentzia besterenezina izango da; hartara, haren titularrek ezin izango dute baimendutako erabilera ez lagatu ez elkartrukatu.

CoWork gunea martxan jartzeko, idatzita dago jada gunea erabiltzeko lizentziak esleitzeko baldintza-agiria, gaur goizean onetsi da Tokiko Gobernu Batzarrean eta gaur bertan argitaratuko da Nafarroako Kontratazio Atarian; une horretatik aitzina interesa duten pertsona eta enpresek eskaera egiten ahalko dute.

Zerbitzu-jarduerak, administrazio-jarduerak, merkataritzakoak, informatikoak eta antzekoak garatzeko

CoWork gunea zuzenduta dago bertan zerbitzu-jarduerak, administrazio-jarduerak, merkataritzakoak, informatikoak eta antzekoak egitera; hori horrela, ezin izango da erabili fabrikazio-, muntaketa- edo biltegiratze-lanetarako, ezta produktuak erakusteko edo salgai jartzeko ere. Baldintza-agiriak jasotzen duenaren arabera, erabiltzaileek baimendu den erabilerarekin bat baliatu beharko dituzte gunea, elementuak eta zerbitzuak.

Gunea lizentziaren indarraldia amaitu baino lehen erabiltzeari utzi nahi diotenek inguruabar hori jakinarazi beharko dute, noiz utzi nahi duten eta gutxienez hilabete lehenago, eta horrek ez du ezein zehapenik ekarriko. CoWork gunearen erabiltzailea izateari utzi ondoren gutxienez 2 urte igaro beharko dira haren eskaera berri bat onartua izateko. Eskaera berriak lehen erabilera-lizentzia eragin zuenaz bestelako proiektua izan beharko du xede.

Balorazioa: bideragarritasuna, berrikuntza, enpleguaren sorkuntza eta emakume zein gazteen presentzia

Lantokiak esleitzeko, Merkataritza Zerbitzuak Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroa SLri (CEIN) helaraziko dizkio jasotako eskaera guztiak, aztertu eta ebaluatu ditzan. Balorazio hori egiteko irizpide bat aurkeztutako enpresa ekimenaren bideragarritasuna da, eta hori aztertzeko honako alderdi hauek hartuko dira kontuan: hasierako inbertsio-beharrak, enpresa abiatzeko gastuak, talde sustatzaileak egindako diru-ekarpena, jarduketa-esparrua eta aritu behar duen merkatuan edukiko duen lehia-maila. Atal horretan gutxieneko puntuazio jakin bat lortu beharko da proiektuak balorazioan aurrera egin dezan.

Hauek izango dira beste balorazio-irizpide batzuk: proiektuaren izaera berritzailea eta garapen-maila; zein neurritan sortuko duen enplegua, xede duen sektorea, betiere lehenetsiko direlarik tokiko ekonomia jasangarriari zein proiektu sozial edo kulturalei lotutako kooperatibak eta ekimenak; eta eskatzailearen zerga-egoitza -Iruñean baldin badago gehieneko puntuazioa emango zaio-. Balorazioa osatzeko, puntuak esleituko dira talde sustatzailean dauden emakume eta gazteen arabera, eta errendimendu-mailaren arabera.

Lekurik lortzen ez duten proiektuak itxaron-zerrenda batean sartuko dira. Leku bat hutsik geratzen bada erabiltzeko gehienezko lizentzia-epea guztiz agortu gabe, itxaron-zerrendan hurrengo tokian den proiektuak beteko du, hasierako lizentziaren indarraldia (urte bat) noiz amaitu eta ordura arte. Lizentziak esleitzeko ebazpen berriak egingo dira dela leku bat hutsik geratzen denean, dela gehienezko erabilera-aldia amaitzean. Aurreikusitakoaren arabera, deialdiak urtero egingo dira, aurten onetsi den baldintza-agiriaren ildoarekin bat.

Iruñean, 2018ko irailaren 13an

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo