Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Alkateak Iruñeko Zapia eman die, gaur goizean, Elisa Sesma, Pablo Sánchez-Valverde eta Mari Cruz Landari

Alkateak Iruñeko Zapia eman die, gaur goizean, Elisa Sesma, Pablo Sánchez-Valverde eta Mari Cruz Landari

Sari honen bidez egindako lana aitortu zaie hiru ginekologoei, sexu-argibide eta -plangintzarako Andraize zentroari lotua

Iruñeko alkate Joseba Asironek gaur goizean eman die Iruñeko Zapia Elisa Sesma, Pablo Sánchez-Valverde eta Mari Cruz Landa ginekologian espezializatutako medikuei, zeinek hogeita hamar urtetik gorako eskarmentua baitute osasun publikoan, horietako batzuk sexu-argibide eta -plangintzarako Andraize gunean. Horrela, saritutakoen zerrendan egongo dira, lehen bi edizioetan saritutako Paulina Fernández La Mañueta txurro-dendako nagusiarekin eta Javier Pagola idazlearekin batera. Saria emateko ekitaldia Batasunaren Pribilegioa ospatzeko programaren barruan dago.

Omendutakoek hiriaren armarria brodaturik duen zapi bana jaso dute, eta Burguen Batasunaren alegoriaren eskultura bat. Sari honen bitartez eskertu nahi izan zaie haien aitzindaritza, jardun egokia eta aktibismoa, bai eta sexu-osasunaren eta emakumeen arloko eskubideen defentsan eta sustapenean izandako inplikazioa ere.

Abuztuan aurkeztutako hautagaitzak

Iruñeko Udalak abuztuan ireki zuen Iruñeko Zapia nori eman proposatzeko hautagaitzak aurkezteko epea. Hautagaitzak alkateak, Udalbatzako kideen heren batek, 10 erakundek zein 500 eskatzaile partikularrek aurkez zitzaketen. Elisa Sesma, Pablo Sánchez-Valverde eta Mari Cruz Landaren proposamena Bozeramaileen Batzarreko gehiengoak onetsi zuen, eta atzo Osoko Bilkurak berretsi.

Pablo Sánchez-Valverde erretiratuta dago egun, eta Andraizen aritu zen lanean bere ibilbide profesional osoan zehar; izan ere, bertako koordinatzailea izan zen eta sexu- eta ugalketa-osasuneko eskubideak defendatu eta sustatzeko hainbat programa abiatu zituen. Elisa Sesma Iruñeko eremuko Sexu eta Ugalketa Osasuneko Ataleko Arreta Saileko arduraduna da, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren barruan, eta Mari Cruz Landa doktorea da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan.

Zapia emateko proposamenarekin batera aurkeztutako testuan azpimarratzen zen haien ibilbide profesionala lotuta egon dela sexu-argibide eta -plangintzarako Andraize zentroari, arlo horretako benetako erreferentea estatuan. Andraize 1978an sortu zen herritarren ekimenez, bereziki mugimendu feministarenaz, eta erantzuna eman zien gizarte berri baten beharrei, zeinean emakumeak familia-plangintza eta sexu-heziketari lotutako eskubideak eta zerbitzuak aldarrikatzen hasi baitziren arlo soziosanitarioan. Hasiera-hasieratik, bai Iruñeko Udalari lotuta zegoenean -hura baitzuen patrono-, bai 1989an Osasunbidean sartu ostean ere, aitzindaria izan da nerabeei, hots, hain zaurgarri den kolektibo horri, sexu-heziketa eskaintzen.

Testu horrek jasotzen zuen, baita ere, Elisa Sesma, Pablo Sánchez-Valverde eta Mari Cruz Landaren lan profesionalean eta sexu- eta ugaltze-heziketaren aldeko aktibismoan gorabeherak izan zirela 1987an, ultraeskuineko Acción Familiar taldeak haien aurka jarritako kereila kriminal baten eraginez, Nafarroako osasun publikoan legezko lehen abortua egiteagatik. Nahiz eta demandatutako pertsona guztiak 1990ean absolbitu baitzituzten, ultrakontserbadoreen talde horiek egindako presioa eta egin zen epaiketa paraleloa laztasun handikoak izan ziren.

Ohorezko sariaren hirugarren edizioa

Pañuelo de Pamplona-Iruñeko Zapia saria Iruñeko Udalaren Protokolo, Zeremonial, Ohore eta Sariei buruzko Erregelamenduan agertzen da, Iruñeko Urrezko Domina, Hiriko Seme edo Alaba Kutunaren titulua eta Adopziozko Seme edo Alabaren tituluarekin batera eta kaleen, plazen eta monumentuen eskaintzarekin batera. Erregelamenduan jasotzen denaren arabera, "Iruñeko Zapia ohorezko sariak xedetzat dauka pertsonak -fisikoak zein juridikoak- eta erakundeak saritzea, baldin eta haien eguneroko zereginetan edo jardunbide profesionalean modu aktibo eta agerikoan aritu badira Iruñearen ezaugarriak -haren historia eta kultura- zabaltzen eta finkatzen, edo gailendu badira aparteko ekarpen bat egin dutelako arteen edo zientzien esparruan".

Lehenengo urtean, 2016an, Paulina Fernández izan zen omendua, La Mañueta txurro-dendako nagusia. Hala, Iruñeko Udalak hiriko erreferente bat den pertsona hori omendu nahi izan zuen, bai bere ondare gastronomiko eta kulturalagatik, bai "betiko familia saltokia" sustatu eta babesteko adoreagatik. Paulina Fernández 1922ko urriaren 24an sortu zen. Bi argitalpenen egilea da. 1872ko abenduaren 13an ireki zuen Juan Fernández Calerok, Paulina Fernándezen aitonak, La Mañueta txurro-denda. Orduz geroztik txurroak egiteko artisautza moldea mantendu du. Sanferminetan izaten da zabalik, uztailaren 7tik 14ra, eta urriko igandeetan. Hamarkadatan zehar milaka pertsonaren topagune izan da, eta interes sozialeko erreferentzia-gunea. Estatuan dauden txurro-denda zaharrenetarikoa da, eta belaunaldiz belaunaldi pasatu den artisautza tradizioa mantentzen jakin du.

Bigarren Pañuelo de Pamplona-Iruñeko Zapia Javier Pagolari eman zitzaion, bere ibilbide anitz eta zabalarengatik, zeinak ardatz izan baitu herritarrei zerbitzu ematea, bereziki Iruñekoei, betiere eskuzabaltasunez, zerbitzu publikoaren aldeko bokazioz. Kazetaria eta idazlea da, eta bere ibilbide profesionaleko zati handi bat irratiari eta tokiko informazioari lotuta egon da, Radio-Pamplona Cadena Ser-eko mikrofonoetan. Javier Pagolaren zerbitzu emateko bokazioak behartsuenei laguntzeari ekin zion 2000. urtetik aurrera. Lankidetzarako Medicus Mundi Erakundeko komunikazio-zuzendari izan zen, eta gizarte-proiektu eta ekimenen dinamizazioa babestu du, besteak beste Hirugarren Adinekoentzako Ikasgelak ekimena eta Gogoa Foroa. Gizarte-gaiak eta Nafarroarekin lotutakoak izan dira eduki nagusiak bere argitalpenetan.

Iruñean, 2018ko irailaren 7an

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo