Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Erdi Aroko azoka, musika-kontzertuak, bisita gidatuak eta desfile instituzionala antzinako burguetan barna, Batasunaren Pribilegioaren 595. urteurrena

Erdi Aroko azoka, musika-kontzertuak, bisita gidatuak eta desfile instituzionala antzinako burguetan barna, Batasunaren Pribilegioaren 595. urteurrena

Ekitaldiak bihar goizean hasita eta irailaren 9ra arte, igandearekin, izango dira, eta Iruñeko Zapia emateko ekitaldia hartzen dute barne

Iruñeko Udalak ekitaldi-programa bat prestatu Batasunaren Pribilegioaren 595. urteurrena ospatzeko. Atari zabaleko musika-kontzertuak Nafarroako Orkestra Sinfonikoarekin, La Pamplonesarekin eta Iruñeko Orfeoiarekin; rock, punk eta psikodeliako Pim Pam Ville jaialdia, eta hiru burguen Erdi Aroko azoka. Horra herritarrendako antolatu diren doako jarduera irekietako batzuk. Horiei gehitu behar zaizkie ekitaldi instituzionalak: Udalbatzaren desfilea burgu zaharretan barna, lore-eskaintza Karlos III.ari eta Iruñeko Zapia emateko ekitaldia.

Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta Alorreko zuzendari Maitena Muruzabalek gaur goizean aurkeztu dute programa, zeinaren bidez Udalak ospatu nahi baitu Karlos III.ak Prestuak 1423ko irailaren 8an izenpetutako "Nafarroako Erresumako Hiriburu den Iruña Txit Prestu eta Leialeko Batasunaren Pribilegioa". Agiri horri esker, ordura arte Iruñean ziren hiru burguak batu ziren: Nabarreria, San Zernin burgua eta San Nikolas hiria.

Jarduera-programa bihar, larunbatarekin, hasiko da Pim Pam Ville jaialdiarekin, eta datorren aste osoan zehar garatuko da, irailaren 9ra arte, igandearekin. Iruñeko Udalak, gainera, Udaletxeko ateak zabalduko ditu, doako bisita gidatuak antolatu baititu, gaztelaniaz eta euskaraz; izena eman behar da aurrez, 010ean, 948 420 100 edo www.pamplona.es webgunean.

Iruñeko Zapia entregatzeko ekitaldia

Ekitaldi instituzionalak irailaren 7an eta 8an izango dira. Irailaren 7an, ostiralarekin, Iruñeko zapia emango da; ohorezko sari horrek xedetzat dauka pertsonak eta erakundeak saritzea, baldin eta haien eguneroko zereginetan edo jardunbide profesionalean modu aktibo eta agerikoan aritu badira Iruñearen ezaugarriak -haren historia eta kultura- zabaltzen eta finkatzen, edo gailendu badira aparteko ekarpen bat egin dutelako arteen edo zientzien esparruan. Ekitaldia Udaletxeko harrera-aretoan izanen da, 12:00etan, eta bertan egonen dira Iruñeko alkatea eta Udalbatzako kideak.

Aintzatespen-sari hori nori eman proposatzeko hautagaitzak abuztuaren 31ra arte aurkez ditzakete alkateak, Udalbatzako kideen heren batek, hamar entitatek edo 500 eskatzaile partikularrek. Aurreikusitakoaren arabera, irailaren 3an, astelehenarekin, Udaleko Bozeramaileen Batzarrak erabakiko du zein pertsona edo elkartek merezi duen aurtengo Iruñeko Zapia jasotzea. Sari hori duela bi urte onetsitako Iruñeko Udalaren Protokolo, Zeremonial, Ohore eta Sariei buruzko Erregelamenduan ezarri zen, eta gaur gaurkoz, Paulina Fernandez La Mañueta txurro-dendako nagusiak eta Javier Pagola Lorente idazle eta kazetariak jaso dute, 2016 eta 2017an, hurrenez hurren.

Irailaren 8an, larunbatarekin, desfile instituzionala eta La Pamplonesa eta Iruñeko Orfeoiaren kontzertua

Pribilegioaren Batasunaren eguna larunbata denez gero, 8rako aurreikusitako ekitaldi instituzionalak goizean izango dira. Egunari 10:00etan emango zaio hasiera, Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteerarekin, autobus-geltokitik. Ibilbide hau egingo dute: Bake plaza, Yanguas y Miranda k., Gartzia Ximenez k., Tutera k., Vínculo plaza, Sarasate pasealekua, San Migel k., San Gregorio k., Ziudadela k., San Anton k., Zapateria k. eta Udaletxe plaza. Bertan, 11:25ak aldera, Udaleko gaita-jotzaile, txistulari eta dantzariak bilduko dira, baita La Pamplonesa ere, hiriaren izenean desfilatzeko Katedralera arte, Mercaderes eta Curia kaleetan barna.

11:30erako aurreikusi da lore-eskaintza, Karlos III.a Prestuaren mausoleoaren aurrean, Katedralean bertan. Ekitaldiaren musika Katedraleko Musika Kaperaren eta Miguel de Arrozpide Txirimia taldearen eskutik joango da. Eskaintzaren ostean, 11:45ean, segizioa itzuliko da, honako ibilbide hau eginez Iruñeko antzinako hiru burguetako kaleetan barna: Navarrería k., Mercaderes k., Udaletxe plaza, Kale Nagusia, Eslava k., Ansoleaga k., San Frantzisko plaza, Kontseiluko plaza, San Anton k., San Migel k., San Nikolas plaza, San Nikolas k., Gazteluko plaza, Txapitela k., Mercaderes k. eta Udaletxe plaza. 12:40ak aldera desfileari buru emango zaio, eta harekin batera, ekitaldi instituzionalei.

13:15 aldean Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa autobus-geltokira itzuliko da, kale hauetan barna: Mercaderes k., Estafeta k., Ahumada Dukearen k., Karlos III.aren etorb., Gazteluko plaza, Sarasate pasealekua, García Castañón k., Gartzia Ximenez k., Tutera k., Oliveto Kondearen etorb. eta Bake plaza, autobus-geltokiraino.

Arratsaldean, La Pamplonesa Udal Bandak eta Iruñeko Orfeoiak kontzertua emango dute Gazteluko plazan. Emanaldian bandarako konposatutako jatorrizko musikaren errepertorio-sorta bat entzunen dugu, La Pamplonesak bakarrik interpretatua, eta bigarren zati bat, non Iruñeko Orfeoiarekin batera, zarzuelen eta erraz ezagutzeko moduko musika euskal-nafarraren sorta bat interpretatuko baitute. Zuzendaritza-lanetan bi taldeetako zuzendari titularrak arituko dira, hots, J. Vicent Egea eta Igor Ijurra. Kontzertua 20:00etan hasiko da.

Sei musika-hitzordu astean zehar

Batasunaren Pribilegioaren ospakizunean musika izango da nagusi, larunbat goizetik irailaren 9ra arte, igandearekin. Iruñeko Udalak eskaintza zabala prestatu du estilo eta errepertorioei dagokienez, eta hamar talde baino gehiago arituko dira. Bihar, larunbatarekin, Burgoen plazak Pim Pam Ville musika-jaialdiaren II. edizioa hartuko du. Rock, punk eta psikodeliaren musika-eszenako tokiko eta nazioarteko talde hauek arituko dira, goizean 12:00etatik aurrera, eta arratsaldean, 14:15etik gauerdira arte: Juárez, La Plata, Sonny and The Sunsets, Joseba B. Lenoir, Boytoy, Holy Wave, Neat Beats, Cápsula, The Anomalys eta The King Khan & BBQ Show.

Irailaren 2an, igandearekin, Nafarroako Orkestra Sinfonikoak zuzendari titular berria, Manuel Hérnandez Silva, aurkeztuko du, Gazteluko plazan, orkestrako zuzendari gisa debuta egingo duen atari zabaleko kontzertu batean, 19:30ean. Musika amerikarreko kantak zein Jesús Guridiren konposizioak izango dira entzungai, bereziki gogoan hartuta Sarasatek berak Iruñera egiten zituen bisitetan entzuleei eskaintzen zizkien interpretazioak. Kontzertuan parte hartuko dute Sofía Esparza soprano iruindarrak eta Alexis Cárdenas biolin-jotzaileak, zeinak Sarasteren obrak joko baititu.

Musika izango da, baita ere, ostegunean (hilak 6), San Zernin elizan, Dúo Parnasillok emango duen kontzertuan. Sarrera librea izango da, eta 20:00etatik aurrera, Suonare izenburupean, biolin barroko eta kablezinerako konposatutako zenbait sonata joko dituzte. Marta Ramírez García-Minak eta Eloy Orzáiz Galarzak osatzen dute bikotea.

Musika-programari irailaren 9an, igandearekin, emango zaio amaiera. Goizean, 12:00etan, Gazteluko plazan, Euskal Herriko Txistulari Elkartearen Nafarroa sailak Gure txistu soinua ikuskizuna eskainiko du, obra tradizionalez osatutako errepertorioa. Arratsaldean Paulino Otamendi Ganbera Orkestraren txanda izango da. 19:30ean, Kondestablearen jauregian, Borgoinako eskola izenburupean, errenazimenduko zenbait obra profano eta Karlos III.aren garaian goia jo zuen eskola horretako konpositoreen obren sorta bat joko dute.

Erdi Aroko azoka hiriko erdialdean, irailaren 7tik 9ra

Hiru Burguen Erdi Aroko Azoka tradizionala datorren asteburuan izango da, ostiraletik igandera (irailak 7 - 9), hiriko erdiguneko hainbat kaletan zehar. 2018koa hamabigarren edizioa izango da, eta berriz ere produktuak salgai izango dituzten artisauak bilduko ditu. Zehazki, Nafarroako Artisautza Elikagaien Elkartearen 120 saltoki inguru izango dira honako kale hauetan: Mercaderes, Udaletxe plaza, Kale Berria, Kontseiluko plaza, San Frantzisko plaza, Eslava kalea eta Kale Nagusia.

Elikagaiak, larrukiak eta ehun-gaiak salduko dituzte, besteak beste, produktu sorta zabalaren artean. Horrez gain, musika-animazioa egongo da inguru horretan, eta haurrei zein familiei zuzendutako jarduerak, lantegiak, ikuskizunak eta ogibide-erakustaldiak. Gainera, Erdi Aroko taberna bat paratuko da San Frantzisko plazan, jaki eta edariak dastatzeko. Ostiralean (irailak 7), azoka 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta asteburuan -larunbat eta igandean-, goizez eta arratsaldez, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Bisita gidatuak Udaletxean barna

Astelehenean hasiko dira Udaletxeko bisita gidatuak, Udalak ere antolatuak Batasunaren Pribilegioaren harira. Hainbat bisita antolatu dira, irailaren 3, 4, 5 eta 9an, gaztelaniaz eta euskaraz, Udaletxeko aretoak eta txokoak ezagutzeko: harrera-aretoa, Osoko Bilkuren aretoa eta txupinazoa jaurtitzeko balkoia, besteak beste.

Izena emateko epea joan den asteartean zabaldu zen, eta jada eskainitako 750 lekuen % 66 bete dira aurreikusitako 25 bisitetan. Izen-ematea 010 edo 948 420 100 telefonoan egin daiteke, eta online, www.pamplona.es webgunean. Udalaren webgunean atal bat prestatu da interesdunek izena eman dezaten; bertan datu pertsonalak eta harremanetarako telefono bat eman behar dituzte, eta bisita egiteko aukeratutako ordutegia adierazi. Lekuak izena eman ahala esleituko dira.

Bisitak doakoak dira, eta lekuak izen-ematearen hurrenkerarekin bat esleituko dira. Bisita 30 minutukoa da, gutxi gorabehera, eta topalekua Udaletxeko ate nagusia izango da, bisita hasi baino bost minutu lehenago. 12 urtetik beherakoek ez dute lekurik hartzen, eta beraz, ez dute izenik eman behar, baina heldu batez lagunduta etorri beharko dute.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 31n

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo