Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Zurrumurruen aurkako III. Gazte Topaketa egingo da datorren astean Iruñean, estereotipo eta aurreiritzirik gabeko gizarte baten alde egiteko xedez

Zurrumurruen aurkako III. Gazte Topaketa egingo da datorren astean Iruñean, estereotipo eta aurreiritzirik gabeko gizarte baten alde egiteko xedez

Zazpi hirik parte hartuko dute topaketan, eta haietatik berrogeita hamar gazte baino gehiago etorriko dira hiriburu nafarrera, irailaren 6tik 9ra

Irailaren 6tik 9ra, Iruñeak Zurrumurruen aurkako III. Gazte Topaketa hartuko du, kultur aniztasuna eta gizarte-kohesioari bultzada emateko xedez. Hogeita hamarretik gora gaztek hitzordua dute hiriburu nafarrean, non hausnartu, eztabaidatu eta estrategiak bilatuko baitituzte estereotipo eta aurreiritzirik gabeko gizarte baten alde egiteko. 13 eta 21 urte arteko gazteak etorriko dira, zazpi hiri hauetatik: Cartagena, Tenerife, Barakaldo, Getxo, Bilbo, Donostia eta Iruña.

Topaketa gaur goizean aurkeztu dute, prentsaurrekoan, Gizarte Ekintza eta Komunitate Garapeneko zinegotzi ordezkari Esther Cremaesek eta gazteriako teknikari María Díaz de Radak eta Elena Mozazek. Gaiaren inguruan egiten den hirugarren goi-bilera izango da, 2016an Sabadellen eta 2017an Getxon izandako esperientzien ostekoa. Ekimena Europako Kontseiluak bultzatu du sortzetik beretik, eta xede du gazteek esperientziak eta ideiak elkartrukatzea, eta gazteen papera birpentsatzea udalerrietan elkarbizitza oztopatzen duten zurrumurruak desagerrarazteko zereginaz bezainbatean, nola eta lan-sareak eta taldeak sortuz tokian-tokian zein estatuan, eta gazteen eskura jarriz zurrumurruen aurkako estrategiak garatzeko baliabide eta tresnak.

Topaketa Fuerte Del Príncipe gazteen egoitzan egingo da, eta hasiera-ekitaldi gisa, Iruñeko Udaleko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariek harrera instituzionala egingo dute, topaketa babestu eta lagundu baitute. GazKaló ijitoen federazioa ere arituko da, eta bisita gidatua antolatuko du, Pamplona Iruñea Kalí izenburupean eta herritar guztiei zuzenduta, irailaren 8an, 17:00etan, Jarauta kalean, kale horretako jaietako herri-bazkarian parte hartu ostean. Horrela lortu nahi da topaketara etortzen diren gazteak partaide izatea hiriak asteburu horretan ospatzen dituen ekitaldietan: Jarautako jaiak eta Batasunaren Pribilegioa. Izan ere, azken hori hobeki ezagutzeko antzerki-saio txiki bat ikusiko dute.

Topaketako parte-hartzaileek Kultur arteko Jaialdi batez gozatuko dute Gaztediaren Etxean, honako hauek antolatuta eta haien parte-hartzearekin: Asocolon (Nafarroako kolonbiarren elkartea), Orfey elkarte bulgariarra, América India eta Herencia Latina taldeak eta Rawan abeslaria.

Zurrumurruen aurkako estrategiak

Zurrumurruen aurkako estrategiak zurrumurruak hauteman eta desegin nahi ditu, bereziki azpimarratuz kultur aniztasuna eta gizarte-kohesioaren alde egiten duten diskurtso alternatiboak. 2010ean abiatu zen, Bartzelonako Udalak kultur aniztasunari buruzko zurrumurru kaltegarriei aurre egiteko estrategia bat abiatu zuenean, modu horretan diskriminazioa, arrazismoa eta xenofobia prebenitzeko, elkarbizitzari aniztasunaren ikuspuntutik helduz, hori balio gisa landuta. Estrategia horrek izan zuen eraginak, hala bertan nola nazioartean, mahai gainean jarri zuen errealitate horri tokian-tokian eta ikuspuntu zein metodologia berritzaileen bidez heltzeko beharra.

Orduz geroztik, jardunbide hori zenbait hiritan abiatu da: Sabadell, Getxo, Fuenlabrada, Cartagena, Bilbo, Donostia eta Tenerife. Testuinguru horretan, antolatzaileek hala azalduta, Zurrumurruen aurkako III. Topaketa Iruñean egiteak aukera ematen du estrategia hori hiria, herritarrak eta erakundeak inplikatuz zabaltzeko, gazteak protagonista bihurtuta jardunaldiak diseinatu eta abiatzerakoan.

Horrez gain, aurtengo topaketaren helburuetako bat da gazteen parte-hartzea sustatzea, bere udalerrietan modu aktiboan inplikatu daitezen estrategiaren garapenean. Horregatik, topaketan agertzen diren proposamenen jarraipena egingo da, eta udalek laguntza emango dute horiek martxan jartze aldera.

Bestalde, Udaleko Gazteria Unitatea topaketa-egunetarako eta osterako jarduerak antolatzen ari da, besteak beste, zurrumurruen aurkako estrategiaren inguruko sentsibilizazio-kanpaina, zurrumurruak desegingo dituzten emakume influenceren ziklo bat (urriak 19) eta topaketari buruzko erakusketa bat, gero hainbat gunetan hausnarketa-lana egiteko bide emango duena. Halaber, kultur aniztasunaren inguruko balioak babestu eta sustatzeko lana egiten ari dira prebentzio ekintza komunitarioko zerbitzuetan eta beste gazte-elkarte batzuetan.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 30ean

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo