Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Ostegunean, Harresietako Jaialdiari hasiera emateko, musika, dantza eta zirku-arteak uztartzen dituen Pikotailuke ikuskizuna Ziudadelan, Oreka TX tald

Ostegunean, Harresietako Jaialdiari hasiera emateko, musika, dantza eta zirku-arteak uztartzen dituen Pikotailuke ikuskizuna Ziudadelan, Oreka TX tald

Ikuskizuna elkarrekin ekoiztu dute Iruñeko, Hondarribiko eta Baionako Udalek CREACITY proiektu europarraren barruan

Musika, dantza eta zirku-arteak uztartzen dituen Pikotailuke ikuskizunak (Oreka TX) emango dio hasiera Harresietako Jaialdiari, abuztuaren 2an, ostegunarekin, 22:00etan, Ziudadelan, sarrera librea delarik. Ikuskizun hau elkarlanean ekoiztu dute Iruña, Baiona eta Hondarribiko Udalek, eta hiru hiri horien arteko lankidetza bultzatzen duen CREACITY proiektu europarraren barruan sortu da. Gero, Pikotailuke Hondarribian taularatuko da abuztuaren 4an, eta 11n, Baionan. Bidaiatzeko aukera emango digu tokiko kultura eta tradizioetan barna.

Harresietako Jaialdiak hogeita hamar bat ikuskizun eta musika-kontzertu eskainiko ditu harresietan abuztuaren 22ra bitarte, gehienak dohainik eta edozein adinetako jendeari irekiak. Ziudadela, Guadalupeko bastioia, harresietako zenbait txoko eta O-ko Andre Mariaren plaza dantza, musika, zirku eta antzerkirako agertoki bihurtuko dira.

Horrela, jarraipena ematen zaio iaz abiatu zen antzeko ekimenari, Kalakan taldearen Harr(ihes)iak izeneko ikuskizunari. Asmoa da elkarlanean sortzea ikuskizun bat, gerora udako programazioetan txertatu eta hiru hirietako barruti harresituetan erakutsiko dena.

Jolasaren plazera piztu nahi duen obra

Ikuskizunaren protagonistek diotenez, Pikotailuke ikuskizunak honako premisa honetan du oinarria: "ez diogu jolasteari uzten zahartzen garelako, zahartzen gara jolasteari uzten diogulako." Horregatik, ikuskizunak jolasaren plazera bultzatu nahi du; jolasa irudimenerako jostailu gisa, eta irudimena, bizitzaren jolaserako. Gure inguruari begi alaiagoz begiratzeko proposamena da, bizitza modu ludikoagoan ulertzekoa. Musika funtsezko osagaia da, eta euskal kultura eta tradizioekin lotutako elementuak txertatzen dira.

Honako hauek osatzen dute Oreka TX: Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte (harri- eta egur-txalapartak eta bidoia), Mixel Ducau (banbu-klarinetea, saxofoia eta alboka), Iñigo Egia (bodhrama, taula indiarra, hanga, kaxoia, musika-zerra eta tarra) eta Juanjo Otxandorena (buzukia). Ikuskizunean Thierry Biscaryren ahotsaz eta Garazi Pascual zirku-artistaren oreka ariketez ere gozatuko dugu.

Lankidetza nazioko eta nazioarteko musikari ezagunekin

Oreka TX 1997an jaio zen, Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartarien eskutik. Urte horretan Kepa Junkeraren bandan hasi ziren, eta harekin batera ibili ziren 10 urtez, zeinetan herrialde ugaritan jo eta aldi horretan grabatutako diskoetan parte hartu baitzuten, baita Grammy latino saria irabazi zuen "K" diskoaren grabazioan ere. Hainbat talde eta artistarekin batera aritu dira agertokietan, hauekin besteak beste: Carlos Núñez, Altan, Taraf de Haidouks, María del Mar Bonet, Hendirgarna, Susana Seivane, Dulce Pontes, Pat Metheny, Berrogüeto eta Phil Cunningham.

Quercus Endorphina da haien lehen diskoaren izena, eta honako artista hauek parte hartu zuten: Glen Velez (AEB), Michel Bordeleau (La Bottine Souriante, Quebec), Mikel Laboa, Ibon Koteron, Phil Cunningham (Eskozia), Justin Vali (Madagaskar) eta Kepa Junkera (ekoizle lanetan ere aritu zen). Bigarren diskoan, Nömadak TX, hainbat herrialdetan barna -India, Laponia, Maroko edo Mongolian, besteak beste- egindako bidaian grabatutako kantak bildu zituzten. Silex izenburuko azken lanak harrizko txalaparta du ardatz, harkaitzaren nolabaiteko imitazioa.

Besteak beste, honako talde hauekin aritu dira elkarlanean: Kukai Dance Company, Kalakan, Aziza Brahim, Oskorri, El Bottine Souriante, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Orquesta Nacional de Synphony RAI, Carlos Núñez, Manu Dibango, Katia eta Marielle Labèque, Bongar, Häkon Konstad, Benjamin Taubkin, Khusugstun, Alasdair Fraser, Joji Hirota, Hendingarna, Hevia, Pat Metheny eta Phil Cunningham.

Eskualde Garapeneko Europako Funtsak finantzatua, % 65ean

Ikuskizuna CREACITY proiektuaren barruko jardueretako bat da. Proiektu horrek harresi-ondarearen balioa nabarmendu nahi du, sorkuntza artistikoa, berrikuntza eta turismo-produktuak aintzat hartuta, bai Iruñean bai Hondarribiak, Baionak eta Iruñeak osatzen duten mugaz gaindiko eskualdean, betiere xede hartuta kalitatezko turismo-eskaintza erakargarria garatzea, aipatu eskualde horretako ondare harresituari lotua. Lankidetza hori mamitzeko askotariko kultur jarduera eta jarduera turistikoak egiten dira, eta testuinguru horretan, kultur eta turismo programa bat sortu da hiru hiriak elkarrekin sustatze aldera. Programa hori ikusgai dago turismo bulegoetan eta www.creacity.eus webgunean.

Proiektu hau, Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatu du hein batean (% 65), Espainia, Frantzia eta Andorra Lurraldeen arteko Lankidetzako Programa Eragilearen INTERREG V A programaren bidez (POCTEFA 2014-2020). POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko mugaldearen integrazio ekonomikoa eta soziala indartzea. Laguntzaren xedea da mugaz haraindiko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetako jarduerak garatzea estrategia bateratuen bidez.

Iruñean, 2018ko abuztuaren 1ean

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo