Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. 9.000tik gora ikasle arituko dira datorren ikasturtean literatura-idazleekiko topaketetan eta narrazio-programetan, Irakur dezagun! udal-programari es

9.000tik gora ikasle arituko dira datorren ikasturtean literatura-idazleekiko topaketetan eta narrazio-programetan, Irakur dezagun! udal-programari es

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak esleituko du kontratua duela jada 22 urte ezarri zen ekimen honekin jarraitzeko

Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 9.000tik gora ikaslek Irakur dezagun! programan jarraituko dute parte hartzen datorren ikasturtean, haien literatura-ezagupenak hobetu eta irakurtzeko aztura sendotze aldera. Iruñeko Udalak egiten duen apustu honen asmoa da hiriko ikastetxe publiko eta itunduek topaketak egitea idazleekin eta ahozko narrazioei buruzko programak txertatzea, eta, baita ere, aholkuak ematea ikastetxeetako irakasleei. Ekimena duela 22 urte abiatu zen, eta Udalak jarraipena eman nahi dio datorren ikasturtean, antolaketa-kontratu berri baten bitartez.

Iruñeko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak onetsi egin du FIRA enpresari (Fomento Iniciativas Recreativas y Artísticas) 2018-2019ko ikasturterako egindako esleipena, 66.093,5 euroan (BEZatik kanpo). Deialdira proposamen hori soilik aurkeztu zen. Programa hiriko 71 ikastetxe publiko eta itunduei eskaintzen zaie. Hori horrela, 203 saio aurreikusi dira, guztira, idazleekin topaketak egiteko edo ahozko narrazioak lantzeko, eta 71, irakasleei aholkuak emateko, ikasturtean zehar, Haur eta Lehen Hezkuntzako 41 ikastetxe publiko eta itunduetan, Bigarren Hezkuntzako 26 ikastetxeetan, Hezkuntza Bereziko bietan eta helduen prestakuntzarako beste bietan. Aurreko ikasturtean, guztira 8.973 ikaslek eta 68 ikastetxetako irakasleek parte hartu zuten programan.

Irakurzaletasuna sustatzea

Irakur dezagun! programa hiru jarduera motak osatzen dute: ahozko narrazioei buruzko saioak, non munduko hainbat herrialdetako herri-ipuin adierazgarriak lantzen baitira; topaketak haur-literaturaren arloko idazleekin; eta mintegiak irakasleendako, irakurketa eduki gisara curriculumean txertatzen laguntzeko.

Ikasleekin egiten diren jarduerak irakasleek hautatzen dituzte, proposatzen zaien idazle-zerrenda batetik. Topaketen kasuan, helburua da ikasleek ezagutzea eskoletan lantzen dituzten liburuen idazleak, gertuko harremana ezarrita idazleen eta irakurleen artean; narrazioen inguruko jardueren kasuan asmoa da ahozko transmisioaren hizkuntza entzuten eta balioesten ikastea, baita intonazioa, keinu-hizkuntza, argumentua eta sekuentziak ere.

Irakasleekin egiten diren bileretan, bestalde, haur eta gazteendako bildumetan argitaratutako liburuen genero eta estiloak aztertzen dira, nobedadeak aurkezten dira, ikastetxearen helburuetara hobekien egokitzen diren protagonistak bilatzen dira saio bakoitzerako, eta Hizkuntza eta Literatura irakasgaiko curriculum-helburuak betetzeko lagungarri diren metodologiak iradokitzen dira.

Iruñeko Udalak 1996an abiatu zuen irakurzaletasuna sustatzeko programa, eta 1997-1998ko ikasturtetik aurrera, Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei ez ezik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei ere zuzenduta dago. Hona ekimenaren helburuak: irakurzaletasuna sustatzea eta harekiko jarrera positiboak bultzatzea, iritziak elkartrukatzeari bidea emanez; hainbat baliabide ikastetxeen eskura jartzea, haien Hizkuntza eta Literatura arloko programazioak osa ditzaten; haurrak akuilatzea, irakurzaletasuna abentura gisara bizi dezaten, eta sustatzea ahozko narrazioa kultur adierazpentzat eta balioak elkarri transmititzeko funtsezko tresnatzat balioetsi dadin.

Iruñean, 2018ko uztailaren 31n

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo