Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. 1,5 milioi lagun baino gehiago elkartu dira sanferminetako udal programa ofizialeko 490 ekitaldietan, azkeneko urteen gorako joera berretsiz

1,5 milioi lagun baino gehiago elkartu dira sanferminetako udal programa ofizialeko 490 ekitaldietan, azkeneko urteen gorako joera berretsiz

% 7,3 jaitsi da jasotako zaborra, eta Udalak banatutako 600.000 edalontzi berrerabilgarriek ekidin dute plastikozko 3 milioi edalontzi botatzea

Gaixoa Ni ospatu eta 12 ordura, Iruñeko Udalak 2018ko sanferminen balantzea egin du bederatzi festa egun hauetan lanean aritu diren udal-zerbitzuetatik jasotako lehenengo datuak kontuan hartuta. Balantze horrek dioenarekin bat, sanfermin jai hauetan parte-hartzea handiagoa izan da; handitu da Udalak programatutako ekitaldi eta jardueretan parte hartu dutenen kopurua, 1,5 milioi pertsona baino gehiago izan baitira (iaz baino 50.000 gehiago). Sanfermin garbiagoak izan dira, jasotako hondakinetan % 7,3ko murrizketa garrantzitsua izan baita, eta, honela, 1.094.660 kilo jasotzetik 1.014.460 kilo jasotzera pasa da aurten; eta handitu da edalontzi berrerabilgarriaren erabilera, 600.000 edalontzi erabilita. Gainera, eraso sexistarik gabeko sanferminak izan dira, herritar eta bisitari guztiak kontzientziatzea helburu zuen udal-kanpainak bilatzen zuen moduan. 14.620 lagunek jo dute Gazteluko plazako eraso sexistei buruzko argibide gunera informazio bila, 25 gorabehera jaso dira eta ez da beharrik egon Gizarte Ekintzako Alorrak eskaintzen duen lagun-egite zerbitzua aktibatzeko.

Horiek dira 2018ko festei buruzko balantzearen datu nagusiak, gaur goizean Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta Itziar Gómez Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkariak eta Maider Beloki Kulturako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkariak prentsaurrekoan aurkeztutakoak. Alkatearen iritziz, balantze honek azkeneko hiru urteotan sanferminak berriz festa herrikoi eta familiarrak izateko egindako lana sendotzen du, festen izaera parte-hartzailea indartuz.

Alkateak zorionak eman dizkie "iruindar guztiei, bai eta bisitan etorri diren guztiei, sanfermin bikainak izan ditugulako", bai eta gizarte kolektiboei eta sektore pribatuari, laguntza eman baitute, "sektore guztietatik, berriz ere izan daitezen munduko festarik onenak". Balantze positiboa nabarmendu du, giro eta animazio bikainak, lasaitasuna, gertakari larriak egon ez izana, eta jende-kopuru ona. Gainera, gune ofizialen eta kolektiboek kudeatutako gune herrikoien arteko koordinazioa ere nabarmendu du, eta aipatu Alde Zaharraren inguruan eremu alternatiboak sortu dituztela, eskaintza dibertsifikatuz eta programa ofizialaren jardueren osagarriak ekarriz.

Festa herrikoi eta familiarrak

Parte-hartzeari dagokionez hazkunde handienetakoa izan duen bat haurrei eta familiei zuzenduriko arloa izan da, 315.460 parte-hartzaile izan baitira, hau da, iaz baino % 5,5 gehiago. Datu horiek Udalak txikientzat prestatu dituen festaguneei buruzkoak dira, duela bi urte bakar bat izatetik (Askatasun plazan) hiru izatera pasa baitira azken sanferminetan: Hauek Festa Hauek! Askatasun plazan, Birjolastu Taconeran, eta Kirol Ari gune berria Media Lunan. Azken horretan, Nafarroako kirol federazioekin elkarlanean irekitakoa, 13.180 parte-hartzaile izan dira lehenengo urtean.

Eta nabarmentzekoa da, baita ere, Foruen plazako kontzertuetan izandako ikusle-kopuruaren handitzea, 61.000 izatetik 78.000tik gora izatera pasa baita (% 27,9 gehiago). Kontzertu nagusiek plaza bete zuten gau guztietan, eta, gainera, jaitsi egin zen bertaratuen batez besteko adina.

Izan ere, Foruen plaza gazteen gune moduan finkatu da sanferminetan. 13.700 gaztek hartu dute parte aurten Gazte Eremuan izandako 49 jardueretan. 12 eta 17 urte bitarteko aisialdi-eskaintza hau iaz abiatu zen hiru egunez, eta 2018an sanferminetako egun guztietara zabaldu da, 20:00etatik 22:30era (13an bertan behera gelditu zen eguraldiagatik). Eskari handiena izan duten jarduerak izan dira Bollywood festa, Holy festa, Humor Amarillo zaldaina eta dantzako master-classak.

Hala eta guztiz ere, ekitaldirik jendetsuenak izan ziren berriz su artifizialak, guztira 434.000 lagunekin, eta Erraldoi eta Buruhandien konpartsa, 190.000 parte-hartzailerekin.

Hiri garbiagoa, zabor gutxiago lurrean eta birziklatze gehiago

Lurrean jasotako hondakinen kopurua (erratzaz) % 13,43 murriztu da aurtengo sanferminetan, 345.900 kilo jaso baitziren 2017an, eta 299.440 kilo aurten. Murrizketa horretan eragin duten faktoreen artean ditugu, besteak beste, honako hauek: Udalak edalontzi berrerabilgarriaren alde egindako apustua; herritarren sentsibilizazioa eta jokabide gizabidezkoagoak; ohituretan izan daitekeen aldaketa, gehiago ibiltzen baita egunez gauez baino; bilketa eraginkorragoa Iruñeko Mankomunitatearen eskutik, Iruñeko Udalaren garbiketa-zerbitzuaren laguntzarekin; eta ostalaritzaren sektorearen kolaborazioa Mankomunitatearen jarraibideei jarraitu eta modu eraginkorrean jaso baititu birziklatu daitezkeen parteak.

Guztira 1.014.460 kilo hondakin jaso dira. Iaz 1.094.660 kilo jaso ziren, beraz, aurten, % 7,33ko murrizketa izan da. Beiran 390.740 kilo jaso dira, eta horrek esan nahi du % 16,40 jaitsi dela. Gainera, gaikako bilketa ere % 17 igo da. Alde horretatik, nabarmentzekoa da ostalariek ematen duten laguntza, hondakinak edukiontzi egokietara eramaten baitituzte. Udalaren garbiketa-zerbitzua indartu da eta 110 langile aritzetik 240 aritzera pasa da, eta 69 makina erabili dituzte.

Kaleak garbiago izateko eragina izan du Iruñeko Udalak aurten 700.000 edalontzi banatu dituela; horietatik 600.000 erabili dira eta 450.000 garbituko dira. Edalontzi berdearen erabilera agerikoa izan da hala festaguneetan nola tabernetan, eta horrek ekidin du erabili eta botatzeko 3 milioi edalontzi erabiltzea.

Ebasketa gehiago eta salaketa gutxiago indarkeriaz egindako lapurretengatik

Segurtasun-kidegoek jasotako salaketei dagokienez, % 14 egin dute gora aurtengo sanferminetan: 1.906 salaketa jarri dira, eta 2017an 1.671 izan ziren; hala ere, ez da iritsi aurreko urtean izandako 1.923 salaketetara. Apur bat igo dira lapurretak, salaketa guztien % 63,9 (1.219); 2017an % 61 izan ziren. Aldiz, jaitsi egin dira indarrez edo indarkeriaz egindako lapurretak, iazko % 8tik aurtengo % 7,1era (136), eta lesioak, %3tik % 2,5era (48).

Entzierroaren Ordenantza aplikatzearekin 5 zehapen izan dira: bi grabatzeagatik, bi zezenak ukitu eta horien arreta erakartzeagatik, eta bat motxila eramateagatik. Horietatik lau Zezen-plazan izan ziren. Guztira 8 lasterketetako batean parte hartu zuten 14.110 lagunek, iaz baino 3.000 inguru gutxiago. Kopurua murriztu da, batetik, aldatu delako kontaketa egiteko modua (orain zehatzagoa da), eta, bestetik, segurtasuna bermatze aldera murriztu egin delako ibilbidera sartzeko aukera.

14.620 lagunek jo dute Gazteluko plazako eraso sexistei buruzko argibide gunera informazio bila, 25 gorabehera jaso dira eta ez da beharrik egon Gizarte Ekintzako Alorrak eskaintzen duen lagun-egite zerbitzua aktibatzeko. Sexu-delituei dagokienez, guztira 6 salaketa izan dira, guztiak sexu-abusuengatik, hain zuzen ere ukituak egiteagatik. Horiekin loturik 5 gizon atxilotu dituzte guztira, hots, kasuen % 85 inguruan ustezko egilea atxilotu egin da; iaz 12 salaketa izan ziren, eta ustezko egileen % 79 atxilotu. Datu horiek ikusita, Alkateak nabarmendu du "hiriak eraso sexisten kontra erakutsi duen konpromisoa, irmotasuna eta ausardia", eta honela definitu ditu sanferminak: "estatu mailako festarik seguruenetakoak emakumeentzat, baina beharrezkoa da lanean jarraitzea, eta emakumeak animatzen ditugu edozein eraso salatzera".

Feria-lekua berriz hiriaren erdialdera eramateko proposamena

Prentsaurrekoa amaitzeko, Alkateak esan du badela proposamen bat datorren urterako, feria-lekua berriz ere hiriaren erdialdera eramatekoa. Horretarako, Ziudadelako lubanarroak izan daiteke lekua. Alkateak nabarmendu du aldaketa horrek aukera emanen lukeela feria-lekua gainerako atrakzioekin bateratzeko, eta horrela harmonikoagoa izanen litzateke festaren gune batetik bestera pasatzeko aukera. Horretaz gain, horrek aukera emanen luke hiriko iparraldeko eta batez ere Arrotxapea eta Alde Zaharreko biztanleek aparkatzeko duten zailtasuna arintzeko.

Iragarri du irailetik aurrera hasiko dutela horren inguruko eztabaida, eta bertan parte hartzen ahalko dutela, Udalaz eta Miserikordia Etxeaz gain (instituzio horrek kudeatzen baitu gaur egun feria-lekua eta hark egin baitu proposamena), Sanferminetako Mahaiak eta herritarrek. Helburua da denbora edukitzea 2019rako modu lasaian landu ahal izateko.

Izan ere, balantzean kontatuko guztia Twitterren sanferminei buruz izandako milaka hizketalditan agertu da, non hirugarren urtez jarraian gainditu baita 3.000 milioi inpaktuen zifra, 257.211 txiorekin. Gehien komentatu diren ekitaldiak Txupinazioa eta entzierroak izan dira. Festak kontatu dituzte, baita ere, mundu osoko 130 komunikabidetako 400 profesional grafiko eta kazetari akreditatu baino gehiagok.

Iruñean, 2018ko uztailaren 15ean

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo