Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Iruñeko Udalak eta La Pamplonesak harrera egin diete duela 100 urte sanferminen karietara hirian bildu ziren musika-bandei

Iruñeko Udalak eta La Pamplonesak harrera egin diete duela 100 urte sanferminen karietara hirian bildu ziren musika-bandei

Udalak gonbidatuta etorri ziren Iruñera 1918ko sanferminetan, eta urtebete geroago hiriak bere banda propioa estreinatu zuen

Udalbatzak harrera egin die gaur Nafarroa eta EAEko dozena bat musika-bandatako ordezkariei. Banda horien babesari esker, Iruñean ospatu zen, 1918an, musika-banden jaialdi bat, Udalak sanferminen karietara antolatutakoa. Topaketa horrek ekarritako mugarrien artean, aipatzekoa da, besteak beste, hurrengo urtean kaleetara irten zela gaur egun Iruñeko udal musika-banda gisa ezagutzen duguna: La Pamplonesa.

Gaur ekitaldian ordezkaturik egon diren bandetatik hamaikak jardunean jarraitzen dute nolabait, kasu askotan banden oinordeko izan diren musika-taldeen bidez, nahiz eta gaurko ekitaldian duela 100 urte zuten izenarekin aurkeztu diren: Recreo (Elizondo), Zangozako udal-banda, Santa Cecilia (Cintruénigo), Diapasón (Tolosa), La Flor (Eltziego), Errenteriako udal-banda, Irungo udal-banda, Fábrica (Galdakao), Gernikako udal-banda, Bergarako udal-banda eta Portugaleteko udal-banda. Gogoan izan dute, baita ere, hamabigarren banda bat, Doneztebeko Armonía, zeina gaur egun desagertuta baitago.

Harrera-aretora gonbidatutako bandek 400dik gora musikarien taldea osatzen dute guztira, bi autonomi-erkidegoetako musikari profesionalak eta musika-eskoletako ikasleak tartean. Jatorrizkoen ondorengo gisa jardunean dauden 11 bandetako bitan zuzendaria emakumea da.

Ekitaldi ofizialaren buru izan da Iruñeko Udaleko Kultura eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkari Maider Beloki, eta harekin batera izan da José Luis Palacios La Pamplonesako presidentea. Ekitaldian, jaietako zapi gorria jarri zaie musika-taldeetako ordezkariei, zeinei, horrez gain, opari gisa eman baitzaie Iruñeari omenaldia partitura/poema sinfonikoaren lehen orrialdearen erreprodukzioa, marko batean. Oroigarri hori aintzatespen modukoa da, zeinak gogora ekarri nahi baitu jaialdi horren efemerideak berebiziko garrantzia izan zuela La Pamplonesaren sorreran.

Harrera baino lehen, Kondestablen hitzaldi bat egon da Rebeca Madurga Arte eta Giza zientzietan doktore eta musikologoaren eskutik, eta Una banda para un pueblo izenburuko saioan aurkeztu ditu XIX. mendeko musikari buruz egin duen ikerketaren emaitzak; ikerketa hori aurtengo maiatzean eman zen argitara Príncipe de Viana aldizkarian, eta La Pamplonesaren aurrekariak jasotzen ditu.

Omendutako bandak

BERGARA

  • 1832an sortu zen, eta 1909tik gaur egun arte familia bereko hiru kide izan ditu zuzendaritzan: Ignacio González Escalak semearen eskuetan utzi zuen bandaren burutza; eta Miguel González Bastidak ere batuta pasa zion bere seme Alfredo González Chirlaqueri. Gaur egun 70 musikari ditu.
  • Zuzendaria: Alfredo González Chirlaque

CINTRUÉNIGO

  • Santa Cecilia banda XIX. mende amaieran sortu zen, eta gaur gaurkoz, ez du etenik egin. 1918an Guadalupe Rincón zen zuzendaria. Orduz geroztik, hainbat gorabehera izan ziren bandan, eta interesak behera egin zuen; izan ere, 80ko urteetan 13 musikarik soilik osatzen zuten banda. Orduan, herriko udal musika-eskolako ikaslerik onenak bandaren harrobi bihurtu ziren. Gaur egun, 70 bat kidek osatzen dute Cintruénigoko musika-banda.
  • Zuzendaria: Ignacio Remírez Madurga

ELTZIEGO

  • Hasierako urratsak 1870eko hamarkadan topatu dira: herriko gazteek, garaiko modak hartaratuta, musika jotzen zuten, haize-instrumentuekin, jaietan eta beste ospakizun batzuetan. Populartasuna eta jarraitutasuna zirela medio, 1880an Udalari eskatu zioten talderako instrumentuak erostea. Cipriano Rosáenz organo-jotzaileak hartu zuen gazteei irakasteko konpromisoa, eta 1883an musika-banda bat sortzea proposatu zuen. Urteak pasa ahala bandak nolabaiteko bilakaera izan du, eta haren konposizioa aldatuz joan da; 1992. urtean berriz eratu zen, Santa Cecilia Musika Taldea izenpean.
  • Zuzendaria: Diego Moreno

ELIZONDO

  • Sorreraren data zehatzik ez dago, baina haren berri jakin da 1914az geroztik; urte horretan Cándido Albisturrek hartu zuen zuzendaritza, eta taldea jardunean aritu zen, etenik gabe eta arduradun ezberdinen eskuetan, 1956 arte. Etenaldi luze baten ostean, 1980an abiatu zen berriz, Juan Erasoren batutapean. Baztango Musika Eskola eratu eta gero, 1994an banda berriz hasi zen jotzen, oraingoan Juan Carlos Moreiro irundarraren zuzendaritzapean. Bandak 47 musikari ditu egun.
  • Zuzendaria: Rosa Mary Sánchez Echenique

ERRENTERIA

  • Errenteriako Musika Banda 1864an sortu zen, baina historian zehar hainbat izen izan ditu: hasiera batean, Elkarte Filarmonikoa (1864); gero Udal Banda (1923); eta 1948an, egungo izena hartu zuen, sorterriaren izena -Errenteria- duena: Errenteriako Musika Kultur Elkartea (EMKE). Gaur egun 58 musikari ditu.
  • Zuzendariak: Alain Ayerdi Gurpegui eta Carlos Rodríguez Albístur

GALDAKAO

  • 1887an sortu zen La Dinamita izenpean, Galdakaoko (Bizkaia) lehergai-fabrikaren izen bera hartuta eta horren inaugurazioaren harira; 1975era arte talde gisa mantendu zen, eta fabrikako kutxazain Máximo Moreno izan zen azken zuzendaria. Haren izena jarri zitzaion musika-eskolari, zeinaren esparruan sortu baitziren, 1990ean, Galdakaoko udal musika-banda eta txistulariena. 25 urte pasa behar izan dira orduan ereindako hazi hori organismo independente bihurtzeko, kultur elkarte gisa egituratuta eta Galdakaoko Musika Banda Da Capo Elkartea izenpean.
  • Zuzendaria: Ane Legarreta

GERNIKA

  • Gernikako Udal Musika Banda 1902an jaio zen, Severo Altuberen zuzendaritzapean. Taldea jardunean aritu zen 1973. urtera arte, orduan bere estatusa galdu eta musikazaleak elkarrekin egoteko esparrutzat baino ez baitzen mantendu. Bandaren zuzendarietako batek -alegia, 1919tik 1937an herria bonbardatua izan zen arte zuzendari aritu zen Segundo Olaetak- izena eman zion herriko Musika Eskolari, 1992an sortua. 2003an, erakunde horren barruan jaio zen musika-banda iraunkor bat, eskolako ikasleek osatua.
  • Zuzendaria: Artur Sustatxa

IRUN

  • Estatuko musika-banda zibilik antzinakoena da; izan ere, Udalbatzak egindako biltzarren aktetan 1708az geroztik agertzen da. Historian zehar hainbat izan dira banda irundarrak, izen desberdinekoak baina elkarren segidakoak. Egun, eta 1973az geroztik, Irun Hiria Musika Banda izenaz da ezaguna, osoko bilkuraren erabakiz sortu zen, eta 70etik gora musikari ditu.
  • Zuzendariak: Garikoitz González Munduate eta Miguel Sansiñena Vergara

PORTUGALETE

  • Banda egonkor bat osatzeko lehen saiakera 1884koa da: Manuel Meléndezek Euterpe Elkarte Filarmonikoa delakoa eratu zuen, batailoietako musikari lizentziadunekin. 1906ko uztailaren 25ean Udal Musika Akademia eta Udal Banda sortu ziren. Gaur egungo plantilla 28 musikarik eta Jabier Ituarte Aulestia zuzendariak osatzen dute.

ZANGOZA

  • 1896an sortuta, eta Nafarroako bandarik zaharrenetarikoa da. Egun berrogeita hamabi kide ditu, Zangozako Juan Francés de Iribarren Kontserbatorio eta Musika Eskolan prestatuak. Musika tradizionala eta espresuki bandarako idatzi diren egile garaikideen konposizio berriak uztartzen ditu.
  • Zuzendariak: Imanol Blasco Itoiz eta Javier Calvo Lerga

DONEZTEBE

  • Doneztebeko Armonía banda desagertuta dago egun.

TOLOSA

  • 1928an egin zituen lehen urratsak. Herribilduaren historian lehenbiziko aldiz, Tolosako Udal Musika Banda sortu zen, garai hartan Zaleen Musika Martziala izena eta 18 musikari zituena. 1934an udal-bandaren estatusa lortu zuen, eta Udalak kudeatzen zuen; hori 1995ean aldatu zen, herribilduko kultur elkarte batek bere gain hartu zuenean. Gaur egun 50 kide ditu.
  • Zuzendaria: Enrique Aróstegui

Iruñean, 2018ko uztailaren 12an

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo