Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Udalak sendotu du Pamplona libre de agresiones sexistas/Eraso sexistarik gabe Iruña aske estrategia

Udalak sendotu du Pamplona libre de agresiones sexistas/Eraso sexistarik gabe Iruña aske estrategia

Berritasunen artean nabarmenena da Sanferminetan Berdintasun arloko Kazetaritza Jardunbide Egokien I. Lehiaketa, komunikabideei zuzendua

Udalak gaur goizean aurkeztu du Pamplona libre de agresiones sexistas/Eraso sexistarik gabe Iruña aske estrategia, zeinak berriro egin baitu eraso sexistei aurre egiteko modu koordinatuan jardutearen alde, eta, ikur gisa esku gorriaren irudia mantenduta, hiriak emakumeen kontrako indarkeriaren aurka duen jarrera instituzional eta sozial erabat irmoa erakusteko. Aurtengo berritasunetako bat da komunikabideei zuzendutako Sanferminetan Berdintasun arloko Kazetaritza Jardunbide Egokien I. Lehiaketa, helburu duena azpimarratzea zehaztasun informatiboa, konpromiso etikoa eta desparekotasunak eta emakumeen aurkako indarkeria errotik desagerrarazteko nahia bateratzen dituzten kazetaritza-praktikak.

2014az geroztik, Iruñeko Udala eta mugimendu feminista, Sanferminak Berdintasunean taldearen bitartez, koordinaturik jarduten dira eraso sexisten gaineko prebentzio- eta sentsibilizazio-lanetan; izan ere, hori da gaur aurkeztu den estrategiaren gakoetako bat.

Berdintasun eta LGTBIko zinegotzi ordezkari Laura Berrok, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkari Itziar Gómezek, Gizarte Ekintzako zinegotzi ordezkari Edurne Eguinok eta Herritarren Partaidetzako eta Gizartea Ahalduntzeko alorreko zuzendari Ana Gilek parte hartu dute kanpaina aurkezteko ekitaldian, zeinean, gainera, kanpainaren harira egindako bideo bat aurkeztu baita. Martxoaren 8ko mobilizazio historikoak jasota, bideoak ahalduntze-mezu bat helarazi nahi du, festaz aske eta beldurrik gabe gozatzen ari diren emakumeak erakutsi eta ikusaraziz. Bideoa sare sozialen bidez hedatuko da, eta uztailaren 3tik 15era Golem zinema-aretoetan proiektatuko da emanaldien aurretik; horrez gain hirian paratutako pantaila erraldoi guztietan (Karlos III.a, Gazteluko plaza, Sarasate pasealekua eta Foruen plaza) eta zezen-plazan ere jarriko da, bai eta telebistan zabaldu ere.

Udalak horrela sendotu du bere konpromisoa eraso sexistak deuseztatzearen alde, eta herritarrak inplikatu ditu, Iruña osoa baita eraso horien aurkako jarrera hartzen duena. Horrela, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka kokatzen da Iruña, eta lehentasun gisa ezarri du hala egoera horien prebentzioa nola indarkeria pairatzen duten emakumeen arta eta babesa, hiri batean ez baita benetako askatasunik emakumeek ezin badute bertan aske eta beldur zein indarkeriarik gabe ibili. Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak aurreikusita dauka uztaileko saioan adierazpen instituzional bat onestea, festetan gertatzen diren eraso sexistak gaitzesteko.

Sanferminetan Berdintasun arloko Kazetaritza Jardunbide Egokien I. Lehiaketa

Pamplona libre de agresiones sexistas / Eraso sexistarik gabe Iruña aske estrategiarekin lotutako berritasun bat da 2018ko sanferminetan egingo den Berdintasun arloko Kazetaritza Jardunbide Egokien I. Lehiaketa, komunikabide eta profesionalek zuzendua. Zehaztasun informatiboa, konpromiso etikoa eta desparekotasunak eta emakumeen aurkako indarkeria errotik desagerrarazteko nahia; horiek uztartzen dituzten kazetaritza-praktikak azpimarratzen jarraitzea da asmoa.

Lehiaketaren barruan bi sari desberdin emango dira: bat komunikabideko langile profesionalei (kazetari, artikulugile, berriemaile,...), eta bestea, komunikabideari. Komunikazioan eta generoan adituek osatuko dute epaimahaia, eta aurkeztutako lanak baloratuko dituzte honako irizpide hauekin bat: emakumeen -beren aniztasunean- parte-hartzea eta protagonismoa hedatzea 2018ko sanferminetan; informazioaren tratamendua, testuingurua eta erantzuna jaietan emakumeen kontrako indarkeriarik izanez gero; eta informazioa ematea Udalak eraso sexistei aurre egiteko abiatutako kanpainaren inguruan bai eta emakumeek sanferminetan indarkeriarik pairatuz gero haien esku jarritako baliabideen inguruan ere. Kazetaritza lanak idatzizkoak (papereko prentsa zein digitala), ikus-entzunezkoak zein irrati-lanak izan daitezke, eta uztailaren 20ra arte bidali ahalko dira igualdad@pamplona.es helbidera.

Iruñeko Udalak berriz editatu du eraso sexisten inguruko informazioa emateko gomendioen dekalogo bat. Jarraibide horiek dira 2016ko azaroan komunikabideekin egin ziren topaketetan sortutako gogoeta, esperientzia eta galderen emaitza, eta egiaztatu dira hizkuntzalaritza, komunikazio eta emakume eta gizonen arteko berdintasun arloetako adituekin. Dekalogoak aditzera ematen du, adibidez, eta beste aholku batzuen artean, beharrezkoa dela erakustea eraso sexistak ez direla gertaera isolatuak eta ez zaizkiela egotzi behar ondorio desegokietarako bidea ematen duten arrazoi okerrei; beste interesen ororen gainetik biktimak babestu egin behar direla; eta arreta jarri behar zaiela informazioarekin batera ematen diren irudiei eta argazki-oinei.

Ekintzak sanferminetan eta urte osoan zehar

Aurten ere, berriz egin da apustu Berdintasunerako Institutuak proposatutako esku gorriaren irudia erabiltzearen alde, Nafarroako beste udal batzuk ere erabiltzen dutena. Hondoan zapien irudia jarri zaio eskuari, gorri eta beltzean. Bi bertsio daude: bat, esku gorri bat eta leloa gaztelaniaz eta euskaraz duena, eta bestea, hiru esku dituen irudia, non leloa lau hizkuntzatan ageri baita, gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez, alegia. Iazko lelo berdinari eutsi zaio (Pamplona, libre de agresiones sexistas/Eraso sexistarik gabe, Iruña aske, Pamplona: free from sexual harassment eta Pampelune: ville libre d´agressions sexistes), indartu egiten duelako halako ideia bat helarazi nahi duena eraso sexistek mugatu egiten dutela emakumeen askatasuna, eta beraz, hiria libre izatea galarazi. Berritasun gisa, QR kode bat txertatu da karteletan, sanferminetako aplikaziora eramaten duena.

Estrategia, Iruña sanferminetan ere eraso sexistarik gabeko hiria dela nabarmentzen duen kontzeptuarena, sortu da bi esparru desberdin baina elkarren osagarri uztartzen dituzten lankidetza-, adostasun- eta koordinazio-lanei esker: sanferminetako kanpaina eraso sexistei aurrea hartzeko eta eraso sexistei aurre egiteko jarduketa-koordinatuaren esparrua. Azken urteotan aukera egon da ados jarri eta helburu komuneko jarduketei bide emateko, zer eta hala esparru instituzionalean (Iruñeko Udala eta hainbat udal-alor) nola gizarte-esparruan (Sanferminak Berdintasunean taldeak, herri-kolektiboak eta Emakumearen Udal Kontseilua) lanean aritu direnen parte-hartze eta koordinazioari esker. Horrez gain, lortu da komunikabideak engaiatzea, maila teknikoan eta politikarien presentziarik gabeko jarduketa espezifikoen bitartez, hala areagotuz erantzuna, konpromisoa bai eta eragina ere.

Urtean zehar ere Udalak lan egiten du eraso sexistarik gabeko hiriaren alde, prebentzio-estrategia hau hiriko auzoetako festetara eta beste zenbait ekitaldira zabalduz (musika-jaialdiak Ziudadelan, ekainean) eta prebentzio- eta jarduketa-protokolo bat prestatzea planteatuz, festa guneetan eta gaueko aisialdiko gune pribatuetan ematen den indarkeria sexistari aurre egiteko. Sanferminen aurreko aldarrikapen-ekitaldi bat egingo da larunbatean, ekainak 30, Udaletxe plazan, non zumba-saio bat egingo da, 12:00etan, aldarrikatzeko nola egon nahi duten emakumeek festan: aske eta ongi pasatzen.

Argibide gunea Gazteluko plazan eta arreta-telefonoa 24 orduz

Berriz ere Gazteluko plaza izango da gune nagusia herritarrei emateko eraso sexisten aurkako kanpainari buruzko informazioa sanferminetan. Argibide gunean bertara hurbiltzen den orori emango zaio arta, uztailaren 5ean 12:30etik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta uztailaren 6tik 14ra, 12:30etik 15:00etara eta 18:30etik gauerdira arte. Kanpainari lotutako jarduketak eta materialak ezagutzera emateaz gain, azalduko da arreta emateko zer baliabide dauden eskura emakumeen kontrako edozein eraso sexistari aurre egin behar bazaio, eta aurreko urteetan bezala, argibide gunea izango da tokietako bat gizarte-laguntzako zerbitzuaren babesa eskatzeko.

Udalak, gizarte-zerbitzuen bitartez, teknikarien laguntza eskaintzen du biktimei eta haien ingurukoei gizarte-babesa emateko, laguntza emanez behar diren baliabideak eskuratze aldera: gizarte-arretako baliabideak, osasun arlokoak, psikologikoak, judizialak zein polizialak. Laguntza hori Udaleko teknikari-talde batek emango du: 10 langilek bost txanda egingo dituzte arreta eskaintzeko, sanferminetako egun guztietan eta 24 orduz. Aurten, berritasun gisara, langile horiek Biktimei Laguntzeko Udal Bulegoan egongo dira goizez, eta goizeko ordutegi horretatik kanpo, guardia egingo dute, lokalizatuak izateko moduan, eta haien laguntza eskatu ahalko da argibide gune, Udaltzaingo eta 112 telefonoaren bitartez.

Eraso sexistei aurre egiteko jarduketa-markoak barne hartzen ditu hiru protokolo, eta horiek, gaur egun, kasuren bat izanez gero abiatzen dira: poliziaren esku-hartze protokoloa, arta eta laguntza protokoloa eta herritarren zein erakundeen erantzunaren protokoloa. Horien guztien oinarria da erasoa jasan duen emakumea eta haren ingurunea babesteko jarrera irmoa eta erradikala. Jaietan, gainera, segurtasuna hobetuko da, poliziaren jarraipena eta presentzia handiagoa izango baita emakumeendako gune ez-seguru gisa identifikatu diren tokietan.

Esku gorriaren hedapen zabala, hiri osoan zehar

Kanpaina ikusgai egiteko hainbat jarduketa egingo dira: neurri handiko hiru esku gorri paratuko dira jende asko biltzen dituen eremuetan; kanpainaren irudia kokatuko da tren-geltokiko irteeran eta hiriko hamar bat markesinatan; eta Iruñeko Udalak jaietan ezarriko duen edalontzi berrerabilgarriaren diseinuan ere islatzen da kanpainaren irudia. Lankidetza-hitzarmenak egin dira, inplikatu eta kanpaina txertatu dezaten beren ibilgailu eta euskarrietan, honako hauekin: Iruñerriko Mankomunitatea, TCC garraio-enpresa esleipenduna, Tele Taxi San Fermín elkartea, hainbat autobus-konpainia eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusia. Eta kanpainaren hedapenarekin bat egingo dute, baita ere, ostalaritza-elkarteek (ANAPEH, ASBANA eta Nafarroako Ostalaritza elkartea), merkatarien elkarteek, Peñen Federazioak, AENAk, Iruñeko Gida Turistikoek eta Osasunak.

Hori guztia osatzeko, beste euskarri batzuk egongo dira: pegatinak, ahozapiak, kartelak, seinaleztapen-kandelak, olanak agertokien alboetan, mupiak... Herritarren artean banatuko dira esku gorriaren 26.000 pin; 22.000 gida argitaratuko dira, lau hizkuntzatan, jakiteko indarkeria sexista nola identifikatu, nola geldiarazi, haren kontra nola erantzun eta arreta eta laguntza nola bilatu; iragarkiak egongo dira prentsan eta irratian, eta kanpaina ere islatuko da sanferminetako aplikazioan eta festen programan.

lruñean, 2018ko ekainaren 25ean

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo

  • Technosite certifica accesibilidad según WCAG 1.0 del W3C/WAI con su Nivel de conformidad Doble-A
  • Estudio Intersectorial de Accesibilidad en la Web realizado por Discapnet
  • Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI