Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Ikasleen parte-hartzea % 28 handitu da Udaltzaingoak ikastetxeetan ematen dituen prebentzio-hitzaldietan, gazteen arrisku eta adikzioen ingurukoetan

Ikasleen parte-hartzea % 28 handitu da Udaltzaingoak ikastetxeetan ematen dituen prebentzio-hitzaldietan, gazteen arrisku eta adikzioen ingurukoetan

Ikasturte honetan berretsi da gazteen mendekotasuna online joko eta apustuekiko kezkatzekoa dela

2017-2018ko ikasturtean, Udaltzaingoaren Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntzako Taldeak prebentzioko 516 hitzaldi eman ditu guztira ikastetxeetan, zeinetan 14.673 neska-mutilek parte hartu baitute: aurreko ikasturtean baino % 28 gehiagok, eta 2015-2016ko ikasturtean baino % 80 gehiagok. Hitzaldi horietan hizpide izan dituzte gazteekin lotutak honako gai hauek: Internet eta sare sozialen arriskuak, jazarpena eta ziber-jazarpena, alkohola eta drogak, eta online apustuak eta jokoak.

Gaur goizean, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkari Itziar Gómezek eta Udaltzaingoaren inspektore Jesús Estangak aurkeztu dute jardueren balantzea. Jarduera horiek Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxillergoko zein LHko ikastetxeei eskaintzen zaizkie, bai eta unibertsitateei, guraso-elkarteei eta irakasleei ere. Halaber, mota horretako hitzaldiak ematen dira Iruñeko eta Iruñerriko enplegurako zentro berezietan, laguntza-zentroetan, zahar-etxeetan eta kirol-klubetan.

2017-2018ko ikasturtean zehar Udaltzaingoaren Elkarbizitzaren aldeko Hezkuntza Taldeak prebentzioko hitzaldien eskariari aurre egin eta 76 ikastetxetara joan da, horietatik 13 berriak, iazko ikastetxeen aldean. Hitzaldi horietan jorratu dira hezkuntza-komunitatearen interesekoak diren gaiak, Iruñeko zein Iruñerriko ikastetxe guztietara bidalitako katalogoan eskaintzen direnak. Ikasturte honetan, Udaltzaingoa elkarlanean aritu da Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, osasun-prestakuntzaren arloan, eta Irakasletzako ikasleei aurkeztu diete teknologia berrien eta mendekotasunen prebentzioan egiten duten lana.

Gehien eskatzen den hitzaldia da Arriskuak sare sozialetan eta Interneten (312 hitzaldi, eta 8.452 ikasle); ondoren, Jazarpena eta ziber-jazarpena eskolan (275 hitzaldi, eta 7.367 ikasle). Jarraian beste hauek doaz: Alkohola (158 saio, eta 4.402 pertsona); Drogak (142 hitzaldi, eta 3.838 pertsona); Genero-indarkeria teknologia berrien bitartez nerabeen artean (123 saio, eta 3.399 ikasle) eta Apustuak eta jokoa (84 hitzaldi eta 2.787 pertsona). Ikasturte honetan ere hitzaldiak eman dira gai hauei buruz: gizalegezko jokaerei eta etxabeei buruzko ordenantza, pertsonen identifikazioa, eraso eta lesioak, lapurretak, maulak eta iruzurrak adin nagusikoei.

Arrisku nagusiak gazteen artean

Joan den ikasturteko berritasunetako bat izan da Online jokoen eta apustuen arriskuak nerabeen artean hitzaldia, ikastetxeek, batez ere Batxilergokoek eta LHkoek, asko eskatu baitute. Datorren ikasturterako, jardueren katalogoan mantenduko da prebentzioko gai espezifiko moduan; izan ere, ikusi da online jokoen adikzioek nabarmen egin dutela gora gazteen artean, eta jokoan hasteko adinak, aldiz, behera.

Telefono adimenduen erabilerak suspertu egin du halako mendekotasunen gorakada, eta horiei aurre egiteko, online jokoei buruzko prebentzio-hitzaldiak emango zaizkie DBHko bigarren zikloko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako gazteei ere. Ausazko jokoen gaineko oinarrizko argibideak emango zaizkie gazteei, eta horiekin lotutako kontzeptuak argitzen saiatuko dira. Horrez gain, gogoeta egiteko estrategiak landuko dira, xede hartuta portaera osasungarriak bultzatzea eta arrisku-portaerak aldatzea.

Izan ere, sare sozialetan eta Interneten honako hauek dira ohiko arriskuak eta kasuak: gehiegizko erabilera edo goraka doan mendekotasuna, jazarpena eta ziber-jazarpena eskolan, pribatutasunaren aurkako mehatxuak, helburu sexualak lortzeko beste identitate bat erabiltzen duten lagun helduekin harremanetan jartzearen arriskua -grooming- eta eduki sexualeko irudiak bidali ondoren estorsioa edo xantaia pairatzea, hala irudi berriak nola dirua lortzeko -sexting-.

Era berean, kezkatzeko moduko kopurua hauteman da, berriz, nerabeen artean teknologia berrien bitartez gertatzen diren genero-indarkeriako kasuetan. Askotan, indarkeria hori ez da halakotzat jotzen, ez erasotzaileen partetik ezta biktimen partetik ere. Oraindik ere, jazarpena eta ziber-jazarpena dira -bullying eta ciberbullying ingelesez- eskaera handiena duten gaiak, eta kezka handiena sortzen dutenak hezkuntza-komunitatearen artean. Asko eskatzen da, baita ere, drogak, alkohola eta horien mota guztietako ondorioen inguruko prebentzioa, goiko hezkuntza-zikloetan batez ere.

Kontzientzia soziala sortu

Udaltzaingoak ematen dituen hitzaldi hauen xedea da espazioak sustatzea, ikasleen artean, gizartearengan kontzientzia sortzeko Internetek, sare sozialek, ziber-jazarpenak, alkoholak eta drogek eragiten dituzten arazoen gainean. Dinamikaren jomuga da informazio zehatza eta plurala ematea, betiere gazteengan eragin dezakeen alarma-irudirik sortu gabe.

Arazoei aurre egiteko, ez da nahikoa egoera aztertzea polizia- edo epaile-ikuspegi hutsetik. Prebentzioko jokabideak eta balioak elkartu eta helarazi behar dira, bizitza osasungarri baterako ohiturak ez ezik. Hori dela eta, mendekotasunen eragin negatiboen inguruko argibideak ematen dira, baina, aldi berean, erakundeek, entitateek eta elkarteek drogen kontsumoa geldiarazteko egiten dituzten jarduera positiboak ere plazaratzen dira.

Hitzaldi hauetako esperientziak aditzera ematen du gazteek gutxiesten dutela dagoen arriskua. Gainera, kontsumoa normalizatu egin da, bai teknologia berriei dagokienez (sare sozialak, apustuak, jokoak...) baita marihuana eta alkohola kontsumitzeari dagokionez ere. Azkenik, antzeman da gazteak gero eta gazteago, nabarmen gazteago ere, hasten direla arrisku potentzial horietan, eta horri erantsi behar zaizkio arriskuekin datozen desinformazio-dosi handiak.

lruñean, 2018ko ekainaren 15ean

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo

  • Technosite certifica accesibilidad según WCAG 1.0 del W3C/WAI con su Nivel de conformidad Doble-A
  • Estudio Intersectorial de Accesibilidad en la Web realizado por Discapnet
  • Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI