Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Iruña aitzindaria da Europan Kontratazio Publiko Arduratsuaren arloko ikerketan, Preston (Ingalaterra) eta Vila Nova Familicao (Portugal) hiriekin egi

Iruña aitzindaria da Europan Kontratazio Publiko Arduratsuaren arloko ikerketan, Preston (Ingalaterra) eta Vila Nova Familicao (Portugal) hiriekin egi

URBACT programak finantzatutako proiektuak erosketa publikoa hobetuko du, ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-arloetan onurak sortzeko asmoz

Iruñeko Udalak Kontratazio Publiko Arduratsuaren arloan (Europan, Kontratazio Publiko Estrategikoa) sakontzeko lanei helduko die beste proiektu baten bitartez, zeinean parte hartzen ari baita Ingalaterrako Preston eta Portugalko Vila Nova de Famalicao hiriekin batera. Modu horretan, urratsak egin nahi dira Iruñeko Udala bide-erakusle bihurtu zuen estrategian; izan ere, Udalak Trebatu ekimenarekin abiatu zuen estrategia hori, ekonomia sozialeko entitateei eta enpresa txikiei udal-kontratazio publikoetan sartzeko aukera ematen dien ekimenaren bidez, alegia.

Gardentasun, Berrikuntza eta Hizkuntza Politikako zinegotzi ordezkari Aritz Romeok eta Estrategia Bulegoko zuzendari José Fermín Costerok prentsaurrekoan aurkeztu dute gaur Making Spend Matter proiektua (Eman garrantzia gastuari), zeinari esker Iruña aitzindari izango baita Europan Kontratazio Publiko Arduratsuaren arloko ikerketan. Proiektuak, gainera, finantzazioa lortu du URBACTen aldetik, hiri-proiektuak laguntzen dituen eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsari (EGEF) lotuta dagoen programa europarra. Iruñeko Udalak proposamenaren lehenengo faserako 8.175 euro bideratuko ditu, eta Europar Batasunak % 70 finantzatuko du.

Making Spend Matter proiektuak gastuen analisia nola erabili ikertuko du

Making Spend Matter proiektuak ikertuko du nola erabili daitekeen gastuen analisia erosketa publikoaren inpaktua hobetzeko ebaluazio-tresna gisa, betiere xede hartuta onura osagarriak lortzea, tokiko ekonomiari eta herritarrei begira, ekonomia-, gizarte eta ingurumen-arloetan. Udalak dagoeneko txertatuta daukan Kontratazio Publiko Arduratsuaren arloan sakontze aldera, Iruñeak eskura izango ditu, batetik, proiektuaren buru den Preston hiri ingelesak garatu dituen jardunbide egokiak, eta bestetik, Portugalgo hiri proiektukide Vila Nova de Famalicaoren esperientzia. Preston hiriak parte hartzen du Kontratazio Publiko Arduratsu eta Berritzaileari buruzko lantaldean, Europar Batasuneko Hiri Agendaren barruan.

Proiektuak hiru helburu nagusi ditu. Lehenengo helburua da gastuen analisia eta kontratazio publikoa erabiltzeko modu berritzaileak garatzea, tokiko ekonomiak gora egin dezan lortzeko. Bigarrenik, tokiko enpresak animatu nahi dira modu aktiboan parte har dezaten lizitazioetan, horrela erakunde publikoak ondasun eta zerbitzuz hornitzeko eta, horrenbestez, lan-aukerak sortzeko eta tokiko herritarrak gaitzeko. Azken helburua da gastuen analisia erabiltzea identifikatzeko zer hornidura-arazo dituzten erosketa-zerbitzuek, eta hori horrela, enpresa berrien sorrera bultzatzeko, eta, izan daitezkeenbeste negozio-ereduak garatzeko, gizarte-enpresak eta kooperatibak, besteak beste. Horrek guztiak bide emango du enplegu gehiago sortzeko, gaitasunak garatzeko eta soldatak handitzeko, betiere bultzada aktiboa emanez bizi-kalitatea hobetzeari.

Nazioarteko topaketa, Iruñean, datorren astean

Making Spend Matter proiektua bi fasetan garatuko da. Lehenengo fasea, 2018ko apiriletik urrira bitarte doana, gaur aurkeztu da prentsaurrekoan. Horren barruan, nazioarteko bi topaketa egingo dira, arlo honetan Preston hiriak duen eskarmentua Iruñeari eta Vila Nova de Famalicaori transferitzeko plan bat osatuko da, eta transferentzia-sare hori prestatuko da bigarren faserako, zeina 2019. eta 2020. urteetan egingo baita, dagokion hautagaitza idatzita.

Lehenbiziko nazioarteko topaketa Iruñean izango da, maiatzaren 9an eta 10ean. Maiatzaren 9an proiektuari buruzko bilera egingo da, eta maiatzaren 10erako ikerketa-bisita bat antolatu da, non Iruñeak Kontratazio Publiko Arduratsuaren arloko testuingurua eta ekimenak aurkeztuko baititu. Prestoneko ordezkariek interesa agertu dute Trebatu proiektua xehetasunez ezagutzeko. Nafarroako beste entitate publiko batzuk ere gonbidatuko dira -Nafarroako Gobernua, NUP, zenbait enpresa publiko eta Iruñerriko Mankomunitatea, besteak beste-, proiektua ezagut dezaten eta bat egin dezaten Kontratazio Publiko Estrategikoarekin.

Lehenengo fase honetarako aurrekontua, guztira, 75.297,50 euro da, eta Iruñeak horren 8.175 euro jartzen ditu. Guztizko kostuaren % 83,37 URBACTek finantzatzen du, eta Europak 62.776,63 euroko diru-laguntza ematen du. Gastuaren zatirik handiena aditu europar bat kontratatzera bideratuko da, eta horrek aholkulari-lanak egingo ditu udalekin Kontratazio Publiko Estrategikoaren arloan. Iruñeak jartzen dituen 8.175 euro horietatik URBACTek 5.722,50 ematen ditu (% 70), eta langileen gastuak, zeharkako gastuak, nazioarteko topaketaren antolaketa-gastuak, bidaiak eta azpikontratazioak ordaintzeko erabiliko dira.

Baliteke bigarren fasean Europako beste 5 hiri gehiago sartzea ezagutzak transferitzeko sare horretan, eta proiektuaren guztizko aurrekontuak 600.000 euro bitarte jo lezake.

Ikertzea zein neurritan kontratatzen diren tokiko hornitzaileak eta enpresa txikiak

Prestonek aurkeztutako jardunbide egokia abiatzeko, Udalak beste entitate batzuekin egin zuen lan: Lancashire Konderriko Kontseilua, polizia, etxebizitza-elkartea, bi ikastetxe eta unibertsitatea. Ekitaldi ekonomiko baten aurrekontuak aztertu ziren, ikertzeko zein ziren 300 hornitzaile nagusiak erakunde bakoitzean, eta hartara, jakiteko gastuaren zer zati doan tokiko hornitzaileen eskutara, diru-kopuru handiak beste konderrietara bideratu direnean zein sektoretarako izan den eta zenbat diru gastatu den enpresa txiki eta ertain gisara sailkatutako hornitzaileekin.

Behin datu horiek aztertuta, ikusi zen erakundeek 750 milioi libera esterlina gastatu zituztela, horien % 5 Prestoneko erakundeekiko kontratuetan, eta % 39 Lancashire konderriko erakundeekiko kontratuetan (Preston barne). 458 milioi libera Lancashiretik kanpora joan ziren. Ikerlanaren ondorioek aditzera ematen dute aukera errealak daudela Preston eta Lancashireko ekonomiak nabarmen hobetzeko gastu publikoaren bitartez. Adibidez, Prestonen egiten den gastu publikoa % 5etik %10era handituz gero, tokiko ekonomiak 37 milioi libera gehiago lortuko lituzke urte horretan.

Europar Batasuneko BPGren % 14 kontratazio publikoa da

Proiektuari emandako babesak bat egiten du Europako Batzordearen ideia batekin, zeinaren arabera kontratazio publikoa funtsezko tresna baita, oraindik ere, politikak garatzeko. Amaierako helburua da aukera-berdintasuna, hazkunde ekonomiko jasangarria eta merkatuaren parte-hartze zabalagoa oinarri dituen gizarte bidezkoagoa lortzea, betiere kontu publiko jasangarriei eutsita. Gastu publikoak, zein munta handia duen ikusita, bide eman ahal die gobernuei oso garrantzitsuak diren politiketan emaitzak lortzeko, baldin eta tresna estrategiko gisa erabiltzen bada.

Uneotan, hainbat entitate ikuspegi estrategiko bat garatzen hasi dira, erosketa publikoari begira. Ezin da ahaztu Europan kontratazio publikoak 2.000 bilioi euro jotzen duela urtean, hots, Europar Batasuneko BPGren % 14. Kontratazio-prozeduren % 55ean, kontratua esleitzeko kontuan hartzen den irizpide bakarra prezioa da (baxuenaren alde), eta maiz ez dira aintzat hartzen berekin onura ekonomiko handiagoak dituzten eskaintza-tipologiak, adibidez gizarte-, ingurumen-, berrikuntza- eta irisgarritasun-ikuspegiak edo beste irizpide kualitatibo batzuk txertatzen dituztenak.

Beste datu aipagarri bat da enpresa txiki eta ertainek kontratu publikoen balioaren % 45 irabazten dutela Europar Batasuneko atalasetik gora, eta hori ekonomian duten pisuaren azpitik dago. Horrez gain, kontratu publikoen % 5 negoziatu ostean esleitzen dira, lizitazio publikoaren deialdirik egin gabe, negoziazio-prozesu batean. 2006 eta 2016 artean, eskaintza bakarra izan duten prozedura kopuruak gora egin du, % 17tik % 30era. Azkenik, lau estatu-kidek bakarrik uzten dituzte teknologia digitalen esku lizitazio-prozesuetarako egin behar diren urrats nagusi guztiak, eta prozeduren % 11 bakarrik egiten da kolaborazio-kontratazio bidez.

Iruñean, 2018ko maiatzaren 4an

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo

  • Technosite certifica accesibilidad según WCAG 1.0 del W3C/WAI con su Nivel de conformidad Doble-A
  • Estudio Intersectorial de Accesibilidad en la Web realizado por Discapnet
  • Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI