Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Udalak Pio XII.aren etorbideko korridore jasangarriko obren lizitazioa onetsi du, ia 2 milioi euroan, eta lanek amaiturik egon beharko dute azarorako

Udalak Pio XII.aren etorbideko korridore jasangarriko obren lizitazioa onetsi du, ia 2 milioi euroan, eta lanek amaiturik egon beharko dute azarorako

Obrak egingo dira Irunlarrea kaletik Basotxo kaleraino, eta tarte horretan dauden sei bidegurutzeak eta bide-trazadura izango dira jarduketen ardatz nagusi, % 95ean

Pio XII.aren etorbidean korridore jasangarri bat sortzeko obren lizitazio-aurrekontuak 1.993.795,75 euro jotzen du, eta obrak egiteko sei hilabeteko epea ezarri da, maiatzaren bigarren hamabostaldian hasi eta azarora arte, sanferminetan lanak eten behar dira-eta. Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak gaur goizean onetsi du proiektu honen kontratuaren lizitazioa, halako proiektu bat ezen oinezkoak eta garraiobide jasangarriak lehenesten dituen mugikortasun-kontzeptu berri baten alde egiten baitu.

Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko zinegotzi ordezkari Armando Cuencak, Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak, Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako zuzendari Cristina Arregik eta Hiri Ekologiako eta Mugikortasuneko Zerbitzuko arduradun Alexia Cantok xehetasunak eman dituzte Pio XII.aren etorbidean -zehazki Irunlarrea eta Basotxo kaleen arteko tartean- gauzatuko den proiektuaren inguruan. Nafarroa etorbidearen eta Irunlarrea kalearen arteko tarte hori aurrerago landuko da; izan ere, Hiri Kontserbazioko eta Proiektuetako zuzendariak azaldu duenez, tarte horretan ikerketa xehatuago bat egin behar da, jada abian dena, baina zeinari aurrerago helduko baitzaio.

Korridore jasangarriaren proiektua obren lizitazioarekin abiatuko da, eta gero obrak gauzatuko dira, espazioa egokitzeko banaketa-eredu berriarekin bat, oinezkoendako, bizikletendako eta hiri-garraioarendako leku gehiago irabazteko. Jarduketa honen bitartez Iruñeko Udalak hiria moldatu nahi du bertako mugikortasuna jasangarriagoa izan dadin, beste proiektu batzuen bide beretik, hala nola Zabalgunea eta hiriko erdialdea atsegin egitekoarena. Izan ere, zirkulazio bareagoa duen hiri seguruagoa eta irisgarriagoa lortu nahi da, betiere Iruñerriko Mankomunitatean prestatzen ari den Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Planarekin (PMUS) modu koordinatuan eta bateragarrian.

Zirkulazio bareagoa duten bidegurutzeak eta oinezkoendako pasabide seguruagoak eta zuzenagoak

Gauzatuko diren jarduketak egungo bideetan egingo dira batez ere, eta hein txikiago batean, espaloietako zenbait eremutan (bidegurutzeen ondokoetan).. Aldaketa nagusiak esku-hartzearen tarte horretako sei bidegurutzeetan egingo dira, sei kale hauekiko elkarguneetan, hain zuzen: Nafarroa etorbidea, Iturrama/Errioxa kalea, Antso Azkarraren etorbidea, Urdazubiko Monasterioaren kalea, Gaztelugibel kalea eta Armada etorbidea..

Esku-hartzeak bost printzipio orokorrekin bat egingo dira: oinezkoen ibilbide naturalak aintzat hartzea (pasabide zuzenagoak paratzea, oinezkoendako babestuagoak eta Pio XII.enetik hurbilago daudenak, batez ere Antso Azkarraren etorbidearekiko eta Iturrama kalearekiko loturetan); ibilgailu motordunek egin behar dituzten biraketen erradioa murriztea (asmoa da trafikoa baretzea biraketa handiagoak eginaraztearen bitartez; hori lortzeko egun dauden irlatxo zenbait txikiagotuko dira zenbait kasutan, batez ere Antso Azkarraren etorbidearen eta Iturrama kalearen elkargunean); bidegorriak bidegurutzeetan txertatzea, eta horiek babesteko neurriak ezartzea (bizikletek lehentasuna izango dute, eta bidegorria banatzeko irlatxoak sortuko dira mutiloi eta sareen bidez); villavesen zirkulazioa lehenestea egun ibilgailu mota guztiek erabiltzen duten erreia autobusek soilik erabiltzeko errei bihurtuta bi bidegurutzetan (Antso Azkarrarenean, bi noranzkoetan, eta Nafarroa etorbidekoan, Zizurrerako bidean); eta, azkenik, bizikletendako bi noranzkoko pasabideak gaituko dira, etorbidea zeharkatzeko, oinezkoen pasabideekiko paralelo.

Izan ere, bideetan egingo diren jarduera bereizgarrienetariko bat, oinezkoendako guneak sortzearenarekin batera, ibilgailuen zirkulazioaren noranzkoarekin bat egiten duten noranzko bakarreko bidegorriak gaitzea izango da. Guztira, eta aintzat hartuta Pio. XII.aren ardatz jasangarri berriak 1,5 km jotzen duela, zirkulaziotik bereizitako bidegorriaren hiru kilometro berri baino gehiago gaituko dira.

Eragin minimoak eta eremu gorri berriak

Galtzadetan aurreikusitako esku-hartzeez bezainbatean, kendu egingo dira bi noranzkoetan aparkatzeko dauden tokiak, eta espazio horretan gaituko dira bidegorriak eta oinezkoendako irabazitako eremuak (espaloia eta berdeguneak).

Zenbait esku-hartze egin beharko badira ere, ez dira espaloietako zoladurak altxatuko eta obrak egungo errepidearen zatian egingo dira. Enpresa esleipendunak arreta berezia jarri beharko dio obren antolaketari (non-noiz-zer) eta obrak abiatu aurretik berariazko bilerak egingo dira obra horien ondorioak pairatuko dituztenekin, ondorio horiek ahalik eta arazorik gutxien eragiteko eremu horretako jarduera ekonomikoetan.

Aparkatzeko tokiei dagokienez, orain arte Pio XII.aren trazaduran kokatuko 126 toki horiek desagertuko direla konpentsatzeko, merkataritza-ordutegian txandaka aparkatzeko 77 toki gorri sortuko dira Pio XII.aren etorbidearen ondoko kaleetan (Urdazubiko Monasterioaren kalean, Errioxa eta Iturrama kaleetan, adibidez) eta aparkaleku-poltsak etorbidearen 17, 18 eta 21 zenbakietan, gehienak merkataritza-gunetik eta ardatz jasangarritik 50 metro baino gutxiagoko distantziara, eta den-denak, gehienez ere, etorbidetik 2 minutura oinez.

Gune multifuntzionala bi noranzkoetan, eta lehentasuna villavesentzat

Orain eskuineko erreia den hori, aparkatzeko tokien lerroaren ondokoa, espazio multifuntzional bihurtuko da: hiri-garraioko erabiltzaileendako itxaron-plataforma, hiri-hondakin solidoak biltzeko edukiontziak paratzeko gunea, desgaitasunen bat duten pertsonek aparkatzeko toki batzuk, zamalanetarako gunea... Pio XII.aren etorbideak Antso Azkarraren eta Nafarroa etorbidearekin bat egiten duen elkarguneetan espazio multifuntzional hori garraio publikoarendako izango da, eta horrela villavesentzat zenbait lehentasun ezarri ahalko dira, semaforoen bitartez.

Gainerako tokietan garraio publikoari beste zenbait irtenbide emateko prestatuko da, adibidez errei esklusiboak jartzeko edo "olatu berdea" delako zirkulazioaren kudeaketa-sistema ezartzeko, zeinak bide bateko eta bide-tarte handiago bateko semaforoak koordinatzen baititu ibilgailuak ez daitezen gelditu eta, hortaz, zirkulazio-jarioa jarraitua izan dadin. Villavesen kasuan, semaforo-aldiak doituko lirateke autobusek jario jarraitua izan dezaten geralekuetan gelditu ostean. Doikuntza horiekin, eta Udaleko zein Mankomunitateko teknikariek ziurtatu dutenez, autoek ere ez lukete semaforoetan gelditu behar, baldin eta abiadura apur bat murrizten badute. Halako balizko jarduketak orain egiten ari den PMUS planaren idazketa-prozesuaren eta onespenaren mende egongo dira.

Bi errei noranzko bakoitzean eta irisgarritasun unibertsala bermatzeko neurriak

Behin obrak amaituta, ibilgailuendako bi errei egongo dira zirkulazioaren noranzko bakoitzarendako. Garraio publikoak kanpoko erreietatik zirkulatzeko lehentasuna izango du, eta geralekuetan geratuko da, alde batera baztertu beharrik gabe. Erdiko erreiak, erdibitzailearen ondokoak, ibilgailu pribatuak ibiltzeko izango dira funtsean, nahiz eta kanpo-erreiak ere erabiltzen ahalko dituzten, betiere garraio publikoaren eta horrek egiten dituen geldialdien mende. Anbulantziek eta larrialdietako garraioek erabateko lehentasuna izango dute, edozein bidetan bezala. Hori horrela, etorbideak hiriaren erdialdea eta kanpoaldea lotzen dituen ardatz gisa behar duen nahikoa gaitasuna izaten jarraituko du.

Irisgarritasunari dagokionez, eta Udalak hainbat elkarte eta kolektiborekin izandako bileren ostean, zenbait ekimen txertatu dira proiektuan: seinale podotaktilak oinezkoen pasabideetan eta oinezkoen tokietan, oro har; aparkaleku-poltsetara sartzeko espaloi jarraituak, seinale podotaktilez hornituak eta fatxada-lerroa mantenduta; oinezkoendako eta bizikletendako pasabideen mugak zedarritzeko formulak, ikusmen urriko pertsonak ez daitezen bertan sartu. Asmoa da ardatz jasangarri berrian kolektibo eta pertsona guztiek, edozein desgaitasun dutelarik ere, bermatuta izatea irisgarritasun unibertsala.

20 neurri, Pio XII.aren ardatz jasangarriaren proiektuan txertatu direnak, urrian informazio- eta kontsulta-prozesua abiatu ostean 25 elkarte eta eragile sozial eta ekonomikorekin batera

Irisgarritasuna:

  • 1. Seinale podotaktilak garraio publikoaren geralekuetan
  • 2. Espaloiak jarraituak izango dira aparkaleku-poltsetara sartzeko, seinale podotaktilez hornituak, fatxada-lerroa mantenduta
  • 3. Oinezkoendako eta bizikletendako pasabideak banatuta egongo dira
  • 4. Egokitutako seinaleak: desgaitasun mota guztiak aintzat hartzen dituzten seinaleak paratuko dira bidegurutzeetan, autobus-geralekuetan eta beste zerbitzu batzuetan (edukiontziak)
  • 5. Hotelak: seinale berriak hoteletara iristeko, ibilbide berria aintzat hartuta
  • 6. Seinaleztapena hobetuko da, gune multifuntzionalek eta bidegorriek bat egiten duten gune horretan bermatzeko modu seguruan iritsi daitekeela zerbitzuetara (edukiontziak, bus turistikoak, desgaitasunen bat duten pertsonendako erreserbatutako plazak, zamalanak).
  • 7. Oinezkoendako pasabideak: oinezkoendako pasabideetan, bidegorria oinezkoak igarotzen diren eremuarekiko paralelo doa, eta beraz, hori nolabait markatuko da, ikusmen urriko pertsonak ez daitezen bidegorrira sartu

Ziklisten mugikortasuna:

  • 8. Hezkuntza: pedagogia egingo da, bizikleta erabiltzearen inguruan. Mugitzeko modu desberdinen arteko elkarbizitzaren aldeko kanpainak
  • 9. Hezkuntza: Bizieskolak programa, jada 18 ikastetxetan abian dena
  • 10. Zintarriak / Lerro multifuntzionala: Jarduketak ziklisten segurtasuna bermatzeko aurreratzeetan
  • 11. Bidegorrien bidegurutzeak (zerbitzuak): zerbitzuak pilatzeko lan egin da, ez dadin bidegorria toki gehiegitatik gurutzatzeko beharrik egon
  • 12. Ziklisten / oinezkoen ikusgaitasuna pasabideetan, autobusek oztopatzen dutenean Autobuseko geralekua atzeratuko da, ziklistak aurrerago gelditu daitezen eta pasabidea ongi eta osorik ikus dezaten
  • 13. Pio XII.aren etorbideko bidegorria eta Basotxo kalekoaren lotura
  • 14. Semaforo bidezko lehentasuna bizikletendako
  • 15. Bizikletetarako aparkalekuak: bizikletak aparkatzeko tokiak areagotuko dira

Aparkatzeko tokiak:

  • 16. Aparkatzeko 77 toki gorri sortuko dira Urdazubiko Monasterioaren kalean, eta Errioxa eta Iturrama kaleetan, eta aparkaleku-poltsak, Pio XII.aren etorbideko 17, 18 eta 21 zenbakietan
  • 17. Pio XII.aren etorbidera iristeko egin beharreko distantzia (m) eta denbora (min.) adierazten dituzten seinaleak

Erreserbatutako tokiak:

  • 18. Desgaitasunen bat duten pertsonendako tokiak: toki horiek mantendu egingo dira
  • 19. Autobus turistikoendako erreserbatutako tokiak: hoteletan pertsonak utzi eta hartzeko
  • 20. Taxiak (desgaitasunen bat duten pertsonendako): mugikortasun urriko pertsonak utzi eta hartu ahal izango dira etorbidean

Iruñean, 2017ko martxoaren 20an 2018

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo

  • Technosite certifica accesibilidad según WCAG 1.0 del W3C/WAI con su Nivel de conformidad Doble-A
  • Estudio Intersectorial de Accesibilidad en la Web realizado por Discapnet
  • Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI