Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Iruñeko lehen Arte Hiritarreko Jaialdia, FAUNA, azaroaren 24tik 26ra izango da, Antoniuttin jarriko den karpa handi batean

Iruñeko lehen Arte Hiritarreko Jaialdia, FAUNA, azaroaren 24tik 26ra izango da, Antoniuttin jarriko den karpa handi batean

Udalak eta Cantamañanas kolektiboak graffiti-egileak, skaterrak, DJak, eta street dance zein parcourgile taldeak bilduko dituzte jam batean

FAUNA jam delako bat izango da. Hots, hiri-ingurunetik datozen eta hip hop, rap, graffiti, breakdance, skate zein street dance bezalako estilo eta jardueratan errotzen diren hainbat arte-diziplinen bilera bat. Iruñeko lehen arte hiritarreko jaialdia izango da, herritar guztiei zuzenduta eta doan, azaroaren 24tik 26ra, Antoniutti parkearen eremuan horretarako jarriko den karpa batean. Guztira 750 m2 izango dira, Iruñeko Udalak Cantamañanas kolektiboarekin elkarlanean gauzatuko duen proiektu horri bide emateko.

Gaur goizean aurkeztu dute FAUNA Kulturako eta Hezkuntzako Alorreko zinegotzi ordezkari Maider Belokik, Berdintasun eta LGTBIko zinegotzi ordezkari Laura Berrok eta Cantamañanas Kolektiboko Jabi Landak eta Javier Roldánek. Hiriko arte adierazpen nagusien erakustaldiak eta praktikak une eta toki bakar batean biltzea da asmoa.

Hiru egunetan zehar bertaratzen direnek hainbat estilo, herrialde zein erkidegotako zeremonia-maisuen saioak entzun ahal izango dituzte, baita writter delakoak -hormetako idazleak- lanean ikusi ere. Baina parte hartzeko tartea ere izango da. Street dance, skate board eta skate roller (gurpil-ohola eta lerroko irristailuak, hurrenez hurren) masterclassak izango dira -horretarako half pipe edo U formako pista bat jarriko da-, baita parcourra egiteko eta dantza zein graffitiak egiteko workshop eta lantegietan parte hartzeko aukera ere. Eta ekitaldiari amaiera emateko, bi txapelketa daude aurreikusita: 1.000 euroko saria duen Erregetan Errege break dance txapelketa nazionala, eta All styles txapelketa, zeinak 200 eta 100 euroko sari bana banatuko baititu, lehen eta bigarren sailkatuentzat, hurrenez hurren.

Iruñeko Udalak hiriko arte tendentzietako batzuk bildu nahi ditu ia 30 ordu iraungo dituen FAUNA jaialdian. Cantamañanas kolektiboak helburu hori lortzen lagunduko dio, duela 14 urte sortu zen sortzaile talde honek etenik gabe egin izan baitu lan hori Uharteko Arte Hiritarreko Jaialdian, eta hitzordu hori erreferente bihurtu baitu nazioan zein nazioartean.

Musika eta dantza: eskolak, saioak eta txapelketak

Ostiralean 17:00etan irekiko dira ateak. Musika entzungai izango da, jam osoan zehar bezala, tokiko Kraw eta Reimy DJen eskutik. Eta arratsalde horretan bertan, 18:00etan, Erregetan Errege break dance txapelketa nazionala gauzatuko da, 180 minutuko iraupenarekin, zeinak 1.000 euroko sari bakarra banatuko baitu eta Espainiako Breaking Liga barruan baitago. Gazte zein helduei zuzendua, jada izena eman daiteke, doan, reydelosbboys@gmail.com helbidean. Epaimahaiak, non Iruñeko Team Rockers talde beteranoko kideak egongo baitira, beretzat gordetzen du aurrez hautaketa bat egiteko aukera, erakustaldiaren kalitatea bermatze aldera. DJ Enzok jarriko dio "bataila" honi erritmoa.

Larunbata goizean Street dance-ari buruzko bi masterclass egingo dira, 60 minutukoak, herritar orori irekiak. Zona Zeroko Lohi eta Pitu irakasleek eskainiko dizkiete bertaratzen direnei, 11:00etatik 12:00etara eta 13:00etatik 14:00etara, hurrenez hurren. Arratsaldean, 17:00etan, bigarren lehiaketa izango da: All styles txapelketa, zeinak 200 eta 100 euroko sari bana banatuko baititu, lehen eta bigarren sailkatuentzat, hurrenez hurren. Larunbatean bertan eman daiteke izena, doan, 16:00etatik aurrera, ekitaldiaren agertokian bertan. Berriz ere DJ Enzo izango da musikaren arduraduna, eta txapelketaren atsedenaldian Yummygyals tokiko taldea izango da taula gainean.

Gauez, 21:00etatik 01:30era, MC delakoen (zeremonia-maisuak) txanda izango da. Rap, reggae eta hainbat fusio-estilo entzun ahal izango dira, Juancho Marqués (Madril), Foyone (Málaga) eta Joha MC Ubedan (Jaén) bizi den musika hautatzaile dominikarraren eskutik.

Horma-idazleak eta -marrazkilariak: graffitia

Hiri-artearekin errazen identifikatzen den adierazpenetako bat graffitia da, zeinak hamarkadak baitaramatza hormak eta guneak irudiztatzen, eta izugarri kotizatzera eta sortzaileetako batzuk nazioartean ospetsu bihurtzera heldu da. FAUNAko karpan zurezko bi taula paratuko dira aurrez aurre, L forma izango dute, eta 18 metroko zabalera eta 4 metroko altuera. Euskarri horietan, hiru egunetan zehar, ikusi ahal izango da nola egiten duten lan "horma-idazleek". Dozena bat artista izango dira taulak irudiztatzen, besteak beste, Bilboko AL, Bartzelonako Treze, Kolonbiako Zurik, Asturiaseko Nenu eta Alacanteko Chapu. Haien obrekin batera, tokiko artistenak izango dira, hala nola Corte, Dino, Imse, Jedis, Pin, Saoka eta Tegos.

Gainera, artista horietako bik -Jabi Landa Corte eta Javi Roldán Pin- graffitiaren hastapenak irakatsiko dizkiete, doan, arte adierazpen horretan interesa duten 16 laguni (8 lagun lantegi bakoitzeko). Graffiti figuratiboari buruzko workshop bat egongo azaroaren 25ean, larunbatarekin, 11:00etan. Baina aldez aurretik, azaroaren 18ko asteburuan, Mendillorriko Civivoxean, bereziki tipografiari eskainitako saio bat berezi bat egongo da hori landu ahal izateko. Karpan zurezko euskarriak prest egongo dira, eta azaroaren 26an, igandearekin, graffiti-egile berriendako erakustaldi jam bat egongo da. Interesa dutenek izena eman dezakete Civivox sareko zentroetan eta Gaztediaren Etxean.

Akrobaziak eta skate-a

Igandean, 11:00etatik 14:00etara, skaterren txanda izango da, DJ Krawren erritmoez lagunduta. Goizez, 11:00etatik 14:00etara, salting eta parcour zirkuitu bat egongo da, adituen laguntzarekin ulertzeko zertan datzan hiri-altzariak baliatuta egiten den hiriko kirol hori. Desplazamenduaren artea da, oztopoen exijentzietara egokituz, soilik gorputzaren laguntzarekin.

Arratsaldean, gurpil gaineko akrobaziak izango dira, 17:00etatik 20:00etara. Akrobazia erakustaldi bat eta lantegi bat izango dira, jende ororendako. Karpa barruan half pipe edo U formako pista bat jarriko da, non Antoniuttiko ohikoetako batzuen akrobazia zailak ikusi ahal izango diren, gurpil-ohol (skate board) zein lerroko irristailuen (skate roller) gainean.

FAUNA Arte Hiritarreko Jaialdia

Urriak 24, ostirala

  • 17:00. Irekiera
  • 17:00 - 21:00. Graffitiak
  • 18:00 - 21:00. Breakdancea. Erregetan Errege txapelketa
  • 21:00 - 23:00. Tokiko DJak: Reimy

Urriak 25, larunbata

  • 11:00 - 14:00. Graffitiak
  • 11:00 - 12:00. Street dance masterclassa: Lohi
  • 13:00 - 14:00. Street dance masterclassa: Pitu
  • 17:00 - 19:00 / 19:30 - 20:30. All styles txapelketa
  • 17:00 - 20:00: Graffitiak
  • 19:30. Yummygyals
  • 21:00 - 01:30. Kontzertuak: Juancho Marqués (Madril), Foyone (Málaga) eta Joha MC Ubedan (Jaén) bizi den musika hautatzaile dominikarra.

Urriak 26, igandea

  • 11:00 - 14:00. Dj Kraw
  • 11:00 - 14:00 eta 17:00 - 20:00. Graffitiak
  • 11:00 - 14:00. Salting eta Parcour zirkuitua
  • 11:00 - 14:00 eta 17:00 - 20:00. Graffiti lantegia
  • 17:00 - 20:00. Skate-erakustaldi eta -lantegia

Iruñean, 2017ko urriaren 31n

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo

  • Technosite certifica accesibilidad según WCAG 1.0 del W3C/WAI con su Nivel de conformidad Doble-A
  • Estudio Intersectorial de Accesibilidad en la Web realizado por Discapnet
  • Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI