Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Bertso-saioak, haurrendako antzerkia, kontzertu bat, dokumental bat, eta bertso- zein narrazio-saio berezi bat; horra Bertsoaroa 2017 programaren osag

Bertso-saioak, haurrendako antzerkia, kontzertu bat, dokumental bat, eta bertso- zein narrazio-saio berezi bat; horra Bertsoaroa 2017 programaren osag

Aurreikusitako zortzi hitzorduak, Iruñean izango den Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerdia barne, azaroaren 9tik abenduaren 2ra gauzatuko dira

Bertsoaroak zazpi ikuskizun proposatzen ditu azaroaren 9tik abenduaren 2ra gauzatuko den edizio honetarako. Zazpi hitzordu hilabete batean: punta-puntako bertsolarien jarduna, bertsolarien belaunaldi gazteen saioa, ikus-entzunezkoak, emanaldiak, haurrendako antzerki-saio bat, eta hilabeteari buru emateko, Bertsoaroaren programaziotik kanpo baina hari hertsiki lotuta, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken finalerdia, Anaitasuna pabilioian. Bertso-saioez gain, bertsolaritzaren muina sentitzeko zein irudikatzeko bestelako modu batzuk daude programaren barruan, hala nola rock kontzertu bat, tradizioaren eta ahozko transmisioaren garrantziari buruzko dokumental bat, eta literatura eta bertsoak uztartzen dituen ikuskizun bat.

Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorreko zinegotzi ordezkari Maider Belokik eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko ordezkari Ander Pérez Argotek Bertsoaroa 2017 zikloaren barruan egingo diren ikuskizunen xehetasunak aurkeztu dituzte. Programatutako ikuskizun guztiak doakoak izango dira, Iturramako Civivoxean egingo den haurrendako antzerkia izan ezik. Hiru saio Kondestable Civivoxean egingo dira; bi, Gurutzeko plazako BHIko ekitaldi-aretoan; bat, Iturramako Civivoxean; bat, Calderería kaleko Terminal tabernan; eta azkena, Anaitasuna pabilioian.

Datorren hilabetean zehar, bertsolaritza izango da berriz ere protagonista gure herriko arte eta tradizio honen muina ezagutzera emateko, zeinak bizi-bizirik eta indarrean egoteaz gain, bertsozaleak eta kalitatezko bertsoak botatzen dituzten bertsolariak ere baititu. Agertoki horietako taulen gainean hogei bertsolari baino gehiago izango dira, besteak beste zenbait txapelketetako txapeldun izan diren Amets Arzallus, Julio Soto, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga, edo etorkizun oparoko gazteak, hala nola Joanes Ilarregi, Eli Pagola, Josu Sanjurjo eta Aroa Arrizuebieta. Horri guztiari beste ekimen batzuk gehituko zaizkio, hala nola bertsoak eta rocka uztartzen dituen Bi Bala taldearen kontzertua, kantu inprobisatuak munduko bazterretan dituen hainbat formei buruzko Beñat Gaztelumendiren dokumentala, eta Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bertsolarien proiektua, Pello Ramírez musikariarekin eta Iñigo Astiz idazle iruindarraren testuekin batera.

Lehen mailako bertsolarien emanaldiak

Aurten ere, bertso-saio batekin hasiko da Bertsoaroa. Azaroaren 9an, ostegunarekin, 20:00etan, Gurutzeko plazako BHIn bilduko dira Maialen Lujambio, Unai Iturriaga, Eneko Lazcoz, Ander Fuentes "Itturri", Sustrai Colina eta Onintza Enbeita; guztiak ere lehen mailako bertsolariak, txapelketetan eta Iruñeko Udalak programa honen aurreko edizioetan parte hartu ohi izan dutenak. Lazkoz eta "Itturri" izango dira Nafarroako ordezkariak, eta haiekin batera izango dira oholtzan 2009ko Euskal Herriko txapeldun Maialen Lujanbio, 2014ko eta 2016ko Xilabako txapeldun Sustrai Colina, eta 1994an eta 1996an Bizkaiko txapeldun eta 2005ean Euskal Herriko txapeldunorde izan zen Unai Iturriaga.

Bi aste geroago, azaroaren 23an, ostegunarekin, berriz ere Gurutzeko plazako BHIn, bigarren bertso-saioa izango da, punta-puntako bertsolariekin: Egungo Euskal Herriko txapeldun Amets Arzallus, lau aldiz Nafarroako txapeldun Julio Soto, eta bost aldiz Bizkaiko txapeldun Igor Elortza izango dira bertsotan, Alaia Martinekin eta Xabi Maiarekin batera, guztiak ere egun horietan ospatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko parte-hartzaileak. Soto eta Maiarekin batera, Saioa Alkaiza gaztea izango da emanaldiko hirugarren ordezkari nafarra.

Emanaldi berezi bat, bertsolari gazteak eta dokumental bat

Azaroaren 14an, asteartearekin, 19:00etan, Kondestable Civivoxean, zikloko bigarren emanaldia izango da, non bertsoak eta literatura uztartuko baitira formatu berezi batekin, Kafkaren aulkia izenburupean. Iñigo Astiz idazleak sortutako narrazioari erantzungo diote, bertsoz, Andoni Egaña eta Uxue Alberdi bertsolariek. Jardun inprobisatuak, beraz, kolorea, atmosfera eta kanpo-begirada erantsiko dizkio kontakizunari. Pertsonaia literarioen ahotik zein euren ahots propiotik kantatuko dute bertsolariek, Pello Ramirezen txelo eta akordeoi doinuek girotuta.

Azaroaren 16an, ostegunarekin, gazteriaren txanda izango da, ahozko arte honen tradizioarekin jarraitzen duten belaunaldi berriei eskainitako saio batekin. Kondestable Civivoxean izango da, 19:00etan, Aroa Arrizubieta, Joanes Ilarregi, Patxi Castillo, Eli Pagola, Maialen Akizu eta Josu Sanjurjorekin. Hiru nafar, bi gipuzkoar eta arabar bat igoko dira oholtzara, bertsolaritzaren etorkizun oparoa erakustera.

Bertso-saioen parentesi gisa, azaroaren 21ean, asteartearekin, zikloaren erdialdean, Beñat Gaztelumendiren Mundu bat ahoz aho dokumentala proiektatuko da, Kondestable Civivoxean, 19:00etan. Emanaldian zuzendaria bera izango da. Dokumentala iaz ekoiztu zen, Donostiaren Europako Kultur Hiriburutza zela-eta; filmak kantu inprobisatuetan barnako bidaia bat proposatzen du, hemendik hasi eta Mexikora, Sardiniara edo Kurdistanera. Kantu inprobisatuak munduari begiratzeko talaia berezia eskaintzen du, hainbat forma eta ahots hartzen ditu han eta hemen, eta historia ez ofiziala transmititzeko bide izan da, ahoz aho, belaunaldiz belaunaldi.

Haur Bertsoaroa, rokca eta bertsoak, eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerdia

Zikloko emanaldietako bat haurrei zuzenduta dago. Azaroaren 18an, larunbatarekin, bi saio egingo dira, 12:00etan eta 18:00etan, Iturramako Civivoxean, haurrendako euskarazko programazioaren barruan. Amaia Elizagoien aktore eta bertsolariak eta Olaia Inziarte musikariak Itoitz. Urpeko ipuinak taularatuko dute, familientzat. Ipuin kontaketa musikatua da, zeinak behin herri bat izan zen etxeetako istorio eta doinuetan murgilduko baititu ikusleak. Sarrerek 3 euro balio dute, eta Iturramako Civivoxean bertan eskuratu daitezke, edo bestela, on line www.pamplona.es eta www.pamplonaescultura.es webguneetan.

Ohiko agertokiak diren Gurutzeko plazako BHItik eta Kondestable Civivoxetik kanpo, Bertsoaroak aurten kontzertu bat programatu du Iruñeko Terminal tabernan. Azaroaren 28an, asteartearekin, Bi Bala taldeak joko du, 20:00etan, eta sarrera librea da. 2013ko Bertso Egunean sortu zen gerora Bi Bala taldea izango zenaren ernamuina, orduan nahastu baitzituzten musika eta bertsoak Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariek, Kursaalean. Bi Bala laukoteak, zeinari Xabier Etxeberria "Pitxu" baxu-jotzailea eta Julen Goikoetxea bateria-jotzailea gehitu baitzitzaizkion, bertsoa eta rocka uztartzen ditu, mezu garratz, kritika umoretsu eta ironia finarekin. Hirugarren diskoa, Ezpatak buru gainean, aurkeztuko dute.

Bertsoaroa 2017ren azken helmuga gisa, programatik kanpo badago ere, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren azken finalerdia gauzatuko da abenduaren 2an, larunbatarekin, 17:00etan, Anaitasuna pabilioian. Lau urtean behin errepikatzen den txapelketa honek Iruñean egingo du Barakaldoko BEC-era (Bizkaia) iritsi aurreko azken geldialdia. Anaitasuna pabilioiko saioan maila goreneko bertsolariak izango dira, eta erabakigarria izango da finalerako sailkatuko direnen izenak jakiteko.

Bertsoaroa 2017

Azaroak 9, osteguna. 20:00. Gurutzeko plazako Institutua

  • BERTSO-SAIOA
  • Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Eneko Lazkoz, Ander Fuentes "Itturri", Sustrai Colina eta Onintza Enbeita.
  • Aurkezlea: Alaitz Rekondo.

Azaroak 14, asteartea. 19:00. Kondestable Civivoxeko patioa

  • EMANALDI BEREZIA:
  • Kafkaren aulkia
  • Bertsolariak: Andoni Egaña eta Uxue Alberdi
  • Musikaria: Pello Ramírez
  • Idazlea: Iñigo Astiz

Azaroak 16, osteguna. 19:00. Kondestable Civivoxeko patioa

  • BERTSO-SAIOA
  • Bertsolariak: Aroa Arrizubieta, Joanes Ilarregi, Patxi Castillo, Eli Pagola, Maialen Akizu eta Josu Sanjurjo.
  • Aurkezlea: Fernando Anbustegi

Azaroak 18, larunbata. 12:00 eta 18:00. Iturramako Civivoxa

  • HAURRENDAKO PROGRAMAZIOA EUSKARAZ
  • Itoitz. Urpeko ipuinak
  • Familian ikusteko ikuskizuna
  • Aktore eta bertsolaria: Amaia Elizagoien
  • Musikaria: Olaia Inziarte
  • Sarrera: 3 € (Iturramako Civivoxean eta online www.pamplonaescultura.es eta www.pamplona.es webguneetan)

Azaroak 21, asteartea. 19:00. Kondestable Civivoxeko ekitaldi-aretoa

  • BIDEO-EMANALDIA
  • Mundu bat ahoz aho
  • Hizlaria: Beñat Gaztelumendi

Azaroak 23, osteguna. 20:00. Gurutzeko plazako Institutuko areto nagusia

  • BERTSO-SAIOA
  • Bertsolariak: Amets Arzallus, Igor Elortza, Julio Soto, Alaia Martin, Xabi Maia eta Saioa Alkaiza.
  • Aurkezlea: Maider Ansa

Azaroak 28, asteartea. 20:00. Terminal taberna

  • KONTZERTUA
  • Bi bala

Abenduak 2, larunbata. 17:00. Anaitasuna pabilioia

  • BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIAREN AURREKO AZKEN FINALERDIA

Iruñean, 2017ko urriaren 30ean

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo

  • Technosite certifica accesibilidad según WCAG 1.0 del W3C/WAI con su Nivel de conformidad Doble-A
  • Estudio Intersectorial de Accesibilidad en la Web realizado por Discapnet
  • Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI