Usamos cookies propias y de terceros para mejorar la calidad de nuestros servicios. Si continua navegando consideramos que acepta el uso de cookies. Más información en Uso de cookiesx

Búsqueda avanzada
  1. Inicio
  2. Actualidad
  3. Aditu batzorde batek ikerketa egingo du, kalez kale, konponbiderik onenak topatzeko zirkulazioaren ondorioz urtean hildakoen kopurua “0” izan dadin

Aditu batzorde batek ikerketa egingo du, kalez kale, konponbiderik onenak topatzeko zirkulazioaren ondorioz urtean hildakoen kopurua “0” izan dadin

Zeregin hori Iruñeko Udaleko Bide Segurtasuneko Plan Integralaren barruan sartzen da, eta Planak beste 44 jarduketa-neurri jasotzen ditu

Iruñeko Udalak behin betiko bultzada eman nahi dio bide-segurtasunari, bi helbururekin: zero ikuspegia -zirkulazioaren ondorioz urtean hildakoen kopurua "0"tik ahalik eta gertuen mantentzeko jardutea-, eta espazio publikoa beste era batean banatzea mugikortasun sistema ezberdinen artean. Gaur goizean, Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako zinegotzi ordezkari Aritz Romeok eta Alorreko zuzendari Xabier Ibáñezek aurkeztu dituzte Iruñeko Udalak egingo dituen lanak Bide Segurtasunari buruzko Jarduketa Plan Integralaren barruan.

44 ekintza aurreikusten dituen Plan integral bat aplikatzea da asmoa, 2017tik 2021era bitarte, eta ekintza horien osagarri izango da Udaltzaingoko Bide Mugikortasuneko eta Zirkulazioko Brigadako Plan orokorrean -hiru pertsonez osatutako lantaldeak egindakoan -aurreikusitakoa. Kalez kale egindako analisi zehatzaren ondorioz antzemandako hutsei aurre egiteko neurriak proposatuko ditu azken plan honek. Zirkulazioa baretzeko eta ibilgailuen jarioa murrizteko, oinezkoak hobeki ikusteko, gune publikoa era orekatuago batean birbanatzeko, eta, azken finean, herritar ororen segurtasuna hobetzeko proposamenak jasoko ditu.

Prentsaurrekoan nabarmendu dute nolabait 12 urtetako bi aldi daudela, zirkulazioaren ondorioz azken 25 urteetan izandako hildakoen kopuruari erreparatuta: lehenengoan (1993-2003) batez beste 9 pertsona hil ziren arrazoi horrengatik hirian urteko; 2005etik 2015era kopuru horrek behera egin zuen, zirkulazioaren ondorioz hildakoen kopurua, urteko, batez beste, 2,5ean kokatuz. Une honetan geldialdi hori gainditzea eta berriro ere behera egitea da helburu nagusia, hurrengo batez bestekoa "0" hildakoetatik ahalik eta gertuen kokatzea, alegia. Eta hori lortzea mugikortasun eredu berri baten bitartez.

Zirkulazioa kontrolatzeko 2016an jada egin ziren jarduketa prebentiboei ere helduko zaie (radarrak, etilometriak, droga-kontrolak, eskola-garraioen segurtasunaren berrikuspena, etab.), eta hainbat esku-hartze fisiko egingo dira: oinezkoendako pasabideak sortu, pasabideen aurretik motozikletendako aparkatzeko tokiak jarri, kuxin berlindarrak paratu, biribilguneak hobetu, semaforoen argiak ordezkatu...

Zergatik gelditu da joera

Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorraren arabera, 2005az geroztik izandako beherakada 2,5ean gelditu egin da urteko batez besteko hildakoen kopurua . Kopuru hori oraindik ere altuegia da, "0" hildakoetara heldu nahi duen planteamenduaren barruan. Beheranzko joera hori zergatik gelditu den aztertu eta gero, Alorrak Iruña "0 biktima" helburutik urruntzen duten hainbat bektore nabarmendu ditu. Ibilgailu partikular pribatua asko erabiltzen da: Iruñerrian erabilera % 41ekoa izan zen 2016an; 1996an, aldiz, % 36koa. Gasteizekin alderatuta, adibidez, parametro hori 13 puntu gorago dago. Aldi berean, bizikletaren erabilera eskasa da Iruñean (% 2). Ehuneko hori halako bi baino handiagoa da Donostian (% 5), eta halako lau Gasteizen (% 13).

Horri gehitu behar zaio hiriaren erdialdeak zirkulazio maila altua duela oraindik (40.0000 ibilgailu egunean Nafarroa Behereko edo Oliveto Kondearen etorbideetan, adibidez). Izan ere, ibilgailu pribatuarendako diseinatutako hiri bat da Iruña:: mugikortasun mota ezberdinen arteko proportzioa kotxearen aldekoa da argi eta garbi. Adibidez, Aita Moret kalean (14.000 ibilgailu egunean), 10 metro galtzada daude eta zirkulaziorako hiru errei, espaloiak hutsaren hurrengoa dira, ez dago autobus-erreirik ezta bidegorririk ere. Halaber, egindako analisiak dio diseinu hori ere geldirik dauden ibilgailuen kasuan inposatu dela: Alorraren datuen arabera, lurgaineko aparkaleku kopurua lehenetsi da, oinezkoen pasabideetako ikusgaitasun hobe baten aurrean.

Espazio publikoaren banaketa

Txostenaren arabera, datu horiek desoreka ematen dute aditzera, espazio publikoa partekatzeko orduan hirian barna mugitzeko dauden sistema ezberdinen artean dagoen desoreka, hain zuzen ere. Alorrak antzeman du Iruñean badirela egiazko eskariarekin bat ez datozen bideak beharrezkoa baino ahalmen handiagoa baitute: Antso Azkarra, Urdazubiko Monasterioa, Ermitagaña kalea, Sadar kalea... Bestalde, bidegorriak eskasak eta konexiorik gabekoak direla antzeman du, eta horrek bizikletak espaloitik ibiltzera daramatzala, eratu berri diren auzoetan ezik (Buztintxuri eta Lezkairu), bertan bidegorriak baitaude.

Bestalde, Planaren diagnostikoaren arabera, aurreko urteetan garraio publikoaren abiadura komertziala hobetzera bideratutako neurriak ez dira nahikoa izan. Analisiaren arabera, hiriko semaforoen erregulazioa ere kotxeari bideratuta dago, garraio publikoa ez da behar beste gerturatzen hiriko erdialdera, eta Iruñean autobusei erreserbatutako erreien sarea ez da behar bezain zabala (bereziki bidegurutzeetan eta zirkulazio dentsitate handia duten bideetan). Bide estrategikoetan autobusei kontrako norabidean zirkulatzea ahalbidetzeko erreirik ere ez du.

2016ko jarduketa prebentiboak eta jarduketa fisikoak

2016an Iruñeko Udalak hainbat ekintza gauzatu ditu segurtasuna hobetze aldera. Prebentzioaren ikuspuntutik, Udaltzaingoak ibilgailuen 4,9 milioi iragate kontrolatu ditu radar bidez, eta horrek ia 3.500 salaketa eragin ditu; 18.900 etilometria ere egin ditu, eta horien % 2,9k administrazio-zehapen bat izan zuen ondorio gisa, eta % 0,4k, delitu egozpena.

Udaltzainek ere 149 droga-kontrol egin dituzte (45 salaketa), eta eskola-garraioen 62 segurtasun-berrikuspen, horien ia herenak (% 30) salaketa izan zuen ondorio. Halaber, 2.133 dokumentazio-kontrol egin dira (IAT, aseguruak, gida-baimenak, etab.) Antzemandako arau-hausteei dagokionez, iaz udaltzainek kontrolatutako 38.036 ibilgailuetatik % 0,9k arau bat hautsi zuten: 187, arreta galtzeagatik gidatu bitartean; 64, oinezkoen pasabideetan; 61, bizikleten gidariek eginak; eta 49, segurtasun-uhalarekin lotuta.

Zirkulazioaren gainean egindako esku-hartze fisikoen ikuspegitik eta prebentzioa aintzat hartuta, nabarmentzekoak dira iaz egin ziren honako esku-hartze hauek: biribilguneak sortzeko edo zeudenak hobetzekoak -Azpilagañako ingurabidearen eta Unibertsitateko errepidearen artean, Biurdana kalearen eta Donibane BHIren artean, eta Ermitagaña eta Miluze artean-; bai eta Larraina multzora sartzeko oinezkoendako bide berria ere.

Iruñeko Udalak ere oinezkoendako 18 pasabide berri egin ditu, 9 irla zebra-marrekin, 17 kuxin berlindarrak paratu dira, 16 mando-bizkar, 24 leku berri sortu dira desgaituentzat, eta motozikletak aparkatzeko 86 leku berri eratu dira, oinezkoen pasabideen aurretik. Halaber, 2016an ere Udalak semaforoen argiak led argiengatik ordezkatzen jarraitu du.

2017: seinaleztapen bertikala berritzea

Aurten, Udaltzaingoak urtean zehar gauzatzen dituen ekintza-prebentiboak mantentzeaz gain, izan generikoak izan berariazko kanpainak, Iruñeko Udalak neurri fisiko zehatzak aurreikusi ditu jada.

2017an seinaleztapen bertikalaren zati bat berrituko da eta Ermitagaña eta Malón de Chaide kaleen arteko biribilgunearen segurtasuna hobetuko da. Nafarroa Behereko etorbidearen eta Paulino Caballero kalearen arteko bidegurutzean semaforoak paratu aurreko lanak egingo dira.

Gainera, Irunberri kaleko oinezkoendako pasabideko segurtasuna hobetuko da, Orvinan oinezkoendako pasabide berriak sortu eta seinaleztatuko dira, eta oinezkoendako pasabideen aurretik motozikletendako 7 aparkaleku paratuko dira, bidegurutzearen ikusgaitasuna hobetze aldera. Halaber, puntu arriskutsuetan ikusgaitasuna hobetzeko sei jarduketa aurreikusita daude, eta hiriko bost bidetan, oinezkoendako pasabideen aurretik 11 kuxin berlindar paratuko dira

Plan Integralaren 44 neurriak

a) Hezkuntza-ekintzak

  • Bide Hezkuntza eskolan
  • Bide Hezkuntza adinekoekin
  • Bide Hezkuntza desgaitasunen bat duten pertsonekin
  • Bide Prestakuntza unibertsitateetan
  • Bide Hezkuntza arau-hausle zigortuekin
  • Bide Hezkuntza arau-hausle administratiboekin
  • Bide Hezkuntza nerabeekin, bizikleta erabiltzeko

b) Kontzientziazio-ekintzak

  • Kontzientziazioa. BSPren aurkezpena
  • Kontzientziazioa. Prentsaurrekoak, proposamen bakoitza abiatzean
  • Kontzientziazioa. Istripuen datuei buruzko informazioa
  • Kontzientziazioa. Betetze-mailari eta adierazleei buruzko informazioa aldian-aldian

c) Jardunaldiak eta ekitaldiak

  • Aparteko ekitaldiak
  • Bizikleta eta Bide Segurtasunari buruzko jardunaldiak
  • Oinezkoen Bide Segurtasunari buruzko jardunaldiak

d) Ekintza fisikoak

  • Oinezkoen pasabideen argiztapena
  • Pasabide asimetrikoak gauzatzea
  • Oinezkoen pasabideen eta ibilgailuak ateratzeko guneen ikusgaitasuna hobetzea
  • Espaloien babesa
  • Oinezkoen pasabideak zuzentzea
  • Abiadura murrizteko gailuak
  • Eskolarako bide seguruak
  • Semaforoetan oinezkoek gurutzatzeko duten denbora luzatzea

e) Jarduketa prebentiboak areagotzea

  • Abiadura-kontrolak
  • Etilometria- eta droga-kontrolak
  • Gidatzen den bitartean telefono mugikorraren erabileraren gaineko kontrolak
  • Haurrentzako segurtasun-sistemak eta segurtasun-uhala erabiltzen diren ala ez detektatzeko kontrolak
  • Eskola garraioaren kontrolak
  • Oinezkoen pasabideetan harrapaketak prebenitzeko berariazko kontrolak
  • Ziklisten gaineko berariazko kontrolak
  • Dokumentuen kontrola (IAT, asegurua, gida-baimena, etab.)
  • Ziklomotoreen eta motozikleten gaineko berariazko kontrolak
  • Salgaien garraiorako ibilgailu arinen gaineko kontrolak

f) Ekintza administratiboak

  • Zehapen-espedienteak hobeki bideratzeko ekintzak
  • Seinaleztapenari buruzko txostenak
  • Puntu arriskutsuak edo gatazkatsuak ezabatzeko ikerketak
  • Errei eta norabide bakarreko galtzada guztietan abiadura orduko 30 km-ra mugatzea

g) Laguntzeko ekintzak

  • Praktikak hirian barna bizikletaz
  • Bide Segurtasuneko adierazleak bateratzea
  • Biktimen jarraipena
  • Mugikortasun plana
  • Enpresendako mugikortasun planak
  • Teknologia berriak
  • Ikastetxeendako lehiaketa
  • Enpresendako lehiaketa

Iruñean, 2017ko apirilaren 25ean

Buscar en las noticias

Cuándo (Desde / hasta):

Nos importa tu opinión

Valora la página:

El Ayuntamiento te escucha

Servicio de atención telefónica 010

948 420 100 para llamadas fuera de Pamplona o desde móviles

© Ayuntamiento de Pamplona. Plaza Consistorial s/n 31001 - Pamplona (Navarra) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es


Compártelo

  • Technosite certifica accesibilidad según WCAG 1.0 del W3C/WAI con su Nivel de conformidad Doble-A
  • Estudio Intersectorial de Accesibilidad en la Web realizado por Discapnet
  • Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI