1. Hasi
  2. Hiria
  3. Zer egin eta zer bisitatu
  4. Pasealdiak hirian barna
  5. Arga ibaiaren parkea eta zubiak

Arga ibaiaren parkea eta zubiak

La runa zubia

Magdalenako bide-atala

Larraintzar - Magdalena zubia

Hauxe dugu ibai-parkearen lehen meandroa, ibai-parkearen norabidean barrena. Ibilbideak meandro oso bat hartzen du, Magdalena zubiraino. Paseoa erakargarria eta landa-kutsukoa da, ortuen, etxaldeen eta zaldiak eta behiak biltzen dituzten eskorten artean. Behin presa polit batera iritsita, Caparrosoren errota eta Magdalenako zaldainak daude; horiek zeharkatuta, Telleria parkera iritsiko gara. Meandroa bukatzear dagoela, Magdalena zubi gotikoa (XII. mendea) topatuko dugu; bertatik, Donejakue bidea doa. Iruñerantz begiratuz gero, ikusiko dugu ibilaldi hau Media Luna parkearen eta Barbazana ingurabidearen parean doala.

Arantzadiko bide-atala

Magdalena zubia - Done Petri zubia

Magdalena zubitik Done Petrirenera doan ibai-tarte honetan, ibai-parkeak hiri-kutsu handiago hartzen du, eta harresietatik aldendu egiten da. Errotazarko kalean Ingurumen Heziketarako Museoa bisitatzen ahal dugu, eta bertatik berriz ere bideari heldu, ibaiarekin aurrez aurre, Runa parkeraino iritsi arte, non Ezkaba mendia parez pare ikus baitaiteke. Done Petri zubia Iruñeko antzinakoena da; erromatar jatorrizkoa da, baina oraingo itxura Erdi Arokoa du.

Puntu honetan harresiak ditugu, berriz ere, atzean ikusgai: Redingo bastioia, Errege-erreginen errebellina eta Pilareko Beheko bastioia.

Arrotxapeko bide-atala

Done Petri zubia - Cuatro Vientos zubia

Argaren tarte hau, ostera ere, Alde Zaharraren oinetara hurbiltzen da; izan ere, Ingurabideko pasealekuaren parean doa, zeina Takonera parkeraino iristen baita, Portale Berritik barrena. Bertatik katedralaren dorreak ikus daitezke, bai eta Nafarroako artxibategia ere, eta horrekin batera etxe batzuk non fatxadak pastel kolorez margotuak baitira, harresi barruko bistarik ederrenetakoa osatuta.

Ibaiaren tarte honetan jarduera askori ekiten zaie: arrantza, piraguismoa, arraunketa...; ontziak Arrotxapea edo Zamargileen zubi erdiarotarretik abiatzen dira. Ondoan Gaseko eskortak daude; Sanferminetan, bertan egoten dira zezenak, zain, entzierroan zezen-plazara noiz eramanen dituzten. Ibilbidetik aitzina joz gero, berriki egindako Oblatuen zubira iritsiko gara, eta are aitzinago, Dona Grazia zubi gotikora.

Sanduzelaiko bide-atala

Cuatro Vientos zubia - Miluze zubia

Cuatro Vientos zubia zeharkatzeko galtzadara igo behar dugu; gero, berriz ere, ibaira jaitsiko gara, adreilu gorriko lurzoruari heltzeko. Ubidea gero eta estuago egiten da; ura, horrenbestez, gero eta lasterrago doa. Ibilbidean aitzina, atzean gelditzen dira frontoi bat, iturri bat, errota bat... eta gero eta hurrunago gaude hiritik, paisaia lasai, arboladun eta isil batean sartzen garela. Beste aldean, urrun, Donibane auzoa. Atal honetan ehunka urteko beste zubi bat dago: Miluzekoa, erromatar jatorrizkoa edo Goi Erdi Arokoa, eta XIX. mendean zaharberritua. Hemendik aitzina, ibilbideak luze jotzen du aurrera, eta Iruña atzean utzi.

Iruñean barna pasaian. Arga ibaiaren parkea eta zubiak

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI