1. Hasi
  2. Hiria
  3. Hezkuntza
  4. Joaquín Maya Musika Eskola Berezia
  5. Historia

Historia

80ko hamarkada

Joaquín Maya Udaleko Musika Eskola 1986an jarri zen martxan, Musikako Oinarrizko Kontserbario gisa. Iruñeko Udalaren ekimena izan zen, musika ikasketen eskaria gero eta handiagoa zela-eta, horri erantzuteko. Lehendabiziko ikasturtean, 1986/1987an, Navarreria Kultur Zentroan eman zituzten eskolak, Oscus izenarekin ezagutzen zen zentroan. Guztira 11 irakasle aritu ziren, Miguel Ángel Navascuesen zuzendaritzapean, eta honako irakasgai hauek eskaintzen zituzten: Solfeoa, Koru taldea, Pianoa, Biolina, Saxofoia, Gitarra, Klarinetea eta Akordeoia. Ikasturtea 484 ikaslerekin hasi zen.

1987an Kontserbatorioa Kale Nagusira eraman zuten, Redin eta Cruzatarren jauregira, kontserbatorioa hartzeko zaharberritu baitzuten. Hurrengo urteetan, honako irakasgai hauek eskaintzen hasi ziren: Tronpeta, Flauta, Biolontxeloa eta Biola. Halaber, Koru taldeko eta Instrumentu taldeko irakasgaiak ere bultzatu zituzten. Urte horietan, zentroaren ofizialtasuna “Atxikitako eskolak” deituriko horietara zabaltzen zen, eta, horrela, Altsasu, Baztan, Berriozar, Olazti eta Doneztebeko eskoletako eta Vazquez de Mella eskolako ikasleek zein libre aurkezten ziren ikasleek Kontserbatorioan egiten zuten azterketa, Oinarrizko Mailako titulua lortzeko.

90eko hamarkada

1992ko abenduan, Nafarroako Gobernuak, Foru Dekretu baten bidez, Musika Eskolak sortzea bultzatu zuen. Hala, Oinarrizko Kontserbatorioa Joaquín Maya Musika Eskola bilakatzea erabaki zuen Iruñeko Udalak. Aldaketa honetakin eskola egokitu egin zen, helburu berriak lortzearren:

  • Musika ikasketak adin guztietara zabaltzea: 16 urtetik gorako ikasleei matrikulatzeko aukera eman zitzaien, eta Musikaren historia eta Entzunaldi gidatuak helduentzako ikastaro teorikoak eskaintzen hasi ziren. Halaber, jazz ikastaroak, antzinako musikari buruzkoak eta moko-txirulakoa eskaintzen hasi ziren, eta Helduen abesbatza antolatu zen.
  • Musika estilo gehiago eskaintzea: instrumentu espezialitateen eskaintza zabaldu eta oboea, fagota, perkusioa, kontrabaxua, tronboia, txistua, tuba eta kantua irakasten hasi ziren. Horrela, orkestra baten espezialitate guztiak eskaintzen hasi ziren eskolan.
  • Musika talde ezberdinak antolatzea: Orkestra Txikia martxan jarri zen, eta, hurrengo ikasturteetan, Banda, Akordeoi taldea eta Txistu taldea abiatu zituzten. Horretaz gain, 1997an, Musikaren Lengoaia euskaraz ikasteko lerroa sortu zen.

2000. urtetik gaur egun arte

Azkeneko urteotan eskola hazi egin da, hala ikasleen kopuruan nola, batez ere, eskaintzaren dibertsifikazioan. 2007. urtean, instrumentuen eskaintzari musika modernoa batu zitzaion, eta, horrela, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa eta bateria irakasten hasi ziren.

2009. urtean, eskola gaur egungo eraikinera eraman zuten, Chinchilla generalaren kalera; izan ere, gero eta ikasle eta espezialitate gehiago zegoen, eta leku handiagoa behar zuten.

Gaur egun, 24 talde aritzen dira: 3 orkestra, 4 banda, 2 fanfarre, big band 1, maila ezberdinetako 20 koru, 3 akordeoi-talde, 3 piano-talde, musika modernoko 3 konbo eta txistu, gitarra, saxofoi, klarinete eta perkusio taldeak. Talde horiek kontzertu anitz eskaintzen dituzte, eta hirian antolatzen diren kultur ekitaldi askotan hartzen dute parte. Kontzertu horietaz gain, urtero 100 entzunaldi baino gehiago izaten dira, instrumentu espezialitate ezberdinetakoak, ikasleekin, ikasle ohiekin eta besterekin. Eskolako plantilla 45 irakaslek, irakasle ez diren 5 langilek eta 956 ikaslek osatzen dute.

Zure iritzia eskertzen dugu

Web orria baloratu:

Udalak aintzat hartzen zaitu

Herritarrendako Laguntza

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI