1. Hasi
  2. Hiria
  3. Hezkuntza
  4. CATALINA DE OSCÁRIZ UDAL ESKOLA

CATALINA DE OSCÁRIZ ESKOLAREN HISTORIA

Iruñeko Udalak 1827. urtean sortu zuen lehendabiziko Marrazketa Eskola, kale Nagusiko 80.ean. 1842an, Nafarroako Diputazioak Iruñeko Institutua eratu zuen. Bertan, naturaletiko marrazketa eta marrazketa lineala irakasten ziren, bai eta geometria, aritmetika, fisika, nekazaritza eta arbolazaintza ere. 1872an, Udalak eta Diputazioak, bion artean erabakita, Arte eta Lanbideetako Eskola sortu zuten. Eskola berrian batera jarri zituzten Institutuko eta Marrazketa Eskolako ikasketak, eta beste irakasgai berri batzuk gehitu zituzten, hala nola modelatua eta igeltsu- edo zur-lanketa. Horrez gain, neskak ere onartu zituzten ikasgeletan.

1890ean, Eskola Lizarra kalera eraman zuten, Alondegi eraikinera. 1917an, Foru Diputazioak utzi zion Eskola babestu eta diruz laguntzeari, eta, harrezkero, Iruñeko Udalaren menpekoa izatera igaro zen. Nafar artearen artisten eta profesionalen belaunaldi batzuek bertan hasi zuten beren prestakuntza artistikoa.

1967an, Arte Aplikatuen eta Lanbide Artistikoen Eskola izena hartu zuen, eta tokiz ere aldatu zen, Amaia kalera. Eskola Lanbide Heziketako ikastetxe bilakatu zen, irakasgai arautuak ematen zituena, eta, non, aparte, Udal Eskola zaharrari zegozkion hainbat irakasgai ez-arautu ematen baitziren Ikastaro Monografikoak izenarekin. 2003. urtean, ikastaro monografikoak José Vila Eskolara eraman zituzten. 2008an, Iruñeko Udalak beste izen bat jarri zion: Catalina de Oscáriz Arte eta Lanbideetako Eskola.

Catalina de Oscáriz

Iruñeko pintorea izan zen, eta XVI. mendearen bigarren herenean familiaren pintura-lantegian egin zuen lan. Hura dugu ezaguna izatera iritsi den emakume pintore errenazentista bakarrenetakoa.

Oscáriztarren lantegia hiriko lantegirik garrantzitsuenetako bat zen. Torredonda kalean zegoen, Zapateriako portaletik hurbil; Menaut Oscárizek sortu zuen, eta haren seme-alaba Ramón eta Catalinak jarraitu zuten eginkizun horretan. Bertan egin zituzten Sarriguren, Egiarreta, Akerreta, Iroz, Ilundain eta Berriogoitiko erretaulak. Bere pintura-estiloak XV. mendeko pintura italiarraren eta flamenkoaren eragina zuen.

© Iruñeko Udala. Udaletxe Plaza z/g 31001 Iruña (Nafarroa) - 948 420 100 - pamplona@pamplona.es

Partekatu

Icono de conformidad Nivel Doble-A, W3C-WAI pautas de accesibilidad a los contenidos de la Web 1.0 del W3C-WAI