Iruñeko Udalaren Turismo-ataria

Días que faltan para San Fermín

Sanferminak
Uztailak 6 - 14

Gero eta gutxiago falta da

  1. Hasi
  2. Kartelak 1846az geroztik

SANFERMINETAKO ZEZEN-FERIEN ETA FESTEN KARTELAK

Duela ia hiru hamarkada, 1981. urtean, argitaratu zen Ricardo Ollaquindiaren 100 años de carteles de las Fiestas y Ferias de San Fermín liburua. Berehala bilakatuko zen, batik bat Iruñearentzat, festa-kartelen berri ematen zuen liburu klasiko bat; izan ere, modalitate publizitario hori beti izan da interes handikoa, artearen, tauromakiaren eta bildumazaletasunaren zaleentzat, edo, besterik gabe, Iruñeko gertaeren berri jakin nahi dutenentzat. Azpitituluak zedarritzen zuen, parentesien artean, edukiaren noiztik noizera: 1882-1981. Nafarroako Aurrezki Kutxak argitara eman zuen monografia apaindu hau posible egiteko, Udalak musu-truk laga zuen Udal Agiritegiak gorde eta kudeatzen duen sanferminetako apeuen bilduma.

Kartel horien hastapenak XIX mendean dauka jatorria: hasiera batean, mendearen lehen erdian, paskin kolorebakarrak ziren, festak iragartzen zituzten testu hutsak, alde txiki batzuetan hainbat eszena egokiren irudiak jasotzen zituztenak. Geroago, 1877. urtean bezala, apeu piktorikoak, ikonografikoak eta koloredunak sortzeko aukera zabaldu zen. 1898an, festen kartela esku-programaren azala apaintzeko erabili zen lehendabiziko aldiz. Ez zen beti horrela gertatu, beste hainbat garaitan bi irudi ezberdin, hala motiboetan nola gaietan, erabili zirelako. Eta kontuan hartzen badugu ez direla kontserbatu urte guztietako kartelak, eta gai honetaz bezainbatean egin diren argitalpenetan ordezko kartelak paratu direla, jatorrizkoen ordez, horiek aurkitzerik ez zegoenean betiere, lehentasuna emanez zegokion programatik hartutako motiboei, kontu handiz ibili beharko dugu kartela ez dena karteltzat ez jotzeko.

Udal Agiritegiak kudeatzen duen kartel bildumak ale guztiak biltzen ditu modu jarraituan 1882. urtetik hona, salbu eta XIX. mendeko 1884, 1886, 1887, 1891, 1892, 1893, 1894, 1896, 1897 eta 1899. urteetakoak, eta XX. mendeko 1901, 1917, 1918 eta 1922. urteetakoak. 1923ra bitarte, inprimaki gisara gorde dira kartelak. Izan ere, une hartan jarduteko moduarekin bat, litografiako enpresek bere zerbitzupean zeuden artistek egindako ereduak eskaintzen zizkioten Udalari. Halakoetan, festetara etor zitezkeen espainiar zaleentzako ezagun ziren zezenen inguruko gaiekin nahasita agertzen ziren Iruñeko hainbat eszena aukeratu, esaterako, Foruen monumentua, antzinako zezen-plaza, argindarra jarri izana edo Pablo Sarasateren irudiren bat. 1888. urtetik aitzina, hainbat urtetan zehar, Zaragozako Portabella eta Valentziako Ortega enpresa litografikoen diseinuak nagusi izan ziren. Gorde izan dira, bestalde, 1924az geroztik kartelak paperaren gainean inprimatzea ahalbidetu duten jatorrizko pinturak. Ez, ordea, 1964 , 1972 eta 1976 , 1981 aldietako fotolitoak egiteko behar ziren argazkiak.

Egileei dagokienez, eta azken urteetako saridunak alde batera utzita, badira Espainian edo Nafarroan ospe artistiko handia duten hainbat, hala nola Salvi, Unceta, Penagos, Bartolozzi, Mongrell, Cañas, Istúriz, Pueyo, Tejedor, Ciga, León Astruc, Zubiri, Briñol, Basiano, Lizarraga, Muro, Elvira, Urzanki, Crispín eta Lozano de Sotés. Javier Cigak du errekorra, kartelen kopuruan, tokiko zaporea darien sei koadro baititu, hemengo-hemengoak, 1908, 1909, 1910, 1917, 1918 eta 1920. urteei dagozkienak.


Bisita ezazu Udalaren Agiritegia