1. Hasi
  2. Erakundea
  3. Haur-eskolak: zer dira?

Haur-eskolak: zer dira?

“Iruñeko Udalaren Haur Eskolak” erakunde autonomoa 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza-etapa betetzen duten hamar eskolak osatzen dute

Erakunde honen xede nagusia Haur Eskolak sustatu, kudeatu eta koordinatzea da, Iruñeko haurrak haietara joan daitezen. Haur-eskolak inguru egokia dira haurrek beren gaitasun guztiak garatu ahal ditzaten: gaitasun fisikoak, intelektualak, sozialak, afektiboak eta komunikaziokoak.

Hezkuntza-prozesu nahitakoa eta kalitatezkoa abiapuntu harturik, laguntza ematen diete haurrei nortasuna eta balioak finkatzeko eta munduaz edukiko duten irudia osatzeko, bai eta harreman eta adiskidetasun berriak beste pertsonekin gauzatzeko ere.

Hezkuntzako proiektua

Haur-eskoletako heziketa-lanak haurrak eta haurren garapen- eta ikasketa-prozesua ulertzeko modu jakin bati erantzuten dio:

  • Horren arabera, haurrek sentitzeko grina dute, elkartrukeak egiteko irrikan daude, beren ezaguerak osatzeko gauza dira eta berezko gaitasunak dituzte, zeinak garatu eginen baitituzte, inguruan aldeko baldintzak izanez gero.
  • Garapen- eta ikaste-prozesua "elkarri eraginez eta elkarrekin parte hartuz esanahiak eraikitzeko prozesu aktibo gisa" hartzen da.

Horiek horrela hartuta, haur eskoletako heziketa lanak ondoko alderdi praktikoak biltzen ditu:

  • Eguneroko bizitza hartzen da prozesu osoa antolatzeko eta egituratzeko ardatz gisa.
  • Segurtasuna eta konfiantza izan behar dira nagusi, harremana eta elkar trukea zein interakzioa eta komunikazioa bultzatzeko.
  • Aniztasuna, esperimentazioa, ekintza eta komunikazioa bultzatzeko giroa eta proposamenak eskaintzen dira.
  • Hezitzaile-bikotea baliatzen da haurren harremanak zabaltzeko, lanak elkarrekin antolatzeko eta horien kritika eta berrikuspena egiteko aukera gisa.

Protagonista ez da haurra bakarrik, baizik eta harremanetan dagoen haurra. Hau da, eskola unibertso txiki baten antzera eratzen da ikasteko, hausnarketa egiteko eta banaka zein taldeka ikertzeko. Izan ere, eskola haurren, familien eta eskolako langileen arteko elkarbizitzarako, elkarrizketarako, topaketa anitzetarako, elkarlanerako eta elkartrukerako gunea da.

L. Malaguzziren hitzetan, “haurren, langileen eta aita-amen arteko harremanen kantitateak eta kalitateak, harreman horiek egituratzen dituzten espazioak eta harreman horiek betetzeko denborak zedarritzen dituzte eskolaren kalitatea eta identitatea”.

Ingurune-espazioa

Haur eskola batean, haurra edozein tokitan garatzen da, edozein momentutan eta edozein materialarekin.

Horregatik, espazioak, altzariak, txokoak, argia, koloreak, materialak, jolas-proposamenak eta abar nahita planifikatu eta pentsatzen dira, haurrek orok aurki ditzaten beren espazioak –zeinek bereak– eta baldintza egokiak beren behar eta interesei erantzuteko, horiek edozein direla: fisiologikoak, afektiboak, mugimenduzkoak, esperimentatzeko eta aurkitzekoak, harremanetan sartu eta komunikatzekoak, adieraztekoak edota autonomia lortzekoak.

Lantegia

Lantegia banaka zein taldeka esperimentatzeko, adierazteko eta sortzeko tokia dugu. Bertan haurrei aske aritzeko eta esperimentatzeko aukera ematen zaie, askotariko materiala erabiliz. Materialok –hainbat motatako pinturak, papera, kartoi meheak, buztina, plastilina, pintzelak, arrabolak...– ikusgai daude, eta eskuragarri, baina betiere txukun antolaturik.

Lantegian, talde txikitan lan egiten da, haurrek giro lasaian lan egite aldera eta hezitzaileak bana-banan ikus ditzan haur bakoitzaren lana zein bilakaera, pertzeptzioaz, estetikaz, trazuaz, grafiaz, koloreez, orbanaz eta keinuaz bezainbatean.


Haur Eskolen erakunde autonomoarekin harremanetan jartzeko

948 420 098

Udala adi duzu

010

948 420 100
Iruñeaz kanpotik edo sakelako telefonotik deitzeko