1. Hasi
  2. Erakundea

Erakundea

Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoa 0 eta 3 urte bitarteko hezkuntza-etapa betetzen duten hamairu eskolak osatzen dute.

Erakunde honen xede nagusia Haur Eskolak sustatu, kudeatu eta koordinatzea da, Iruñeko haurrak haietara joan daitezen. Haur-eskolak inguru egokia dira haurrek beren gaitasun guztiak garatu ahal ditzaten: hala trebetasun eta abilezia fisikoak nola intelektualak eta giza-harremanetakoak, bai eta estetikoak, komunikaziokoak eta beste hainbat ere.

Hezkuntza-prozesu nahitakoa eta kalitatezkoa abiapuntu harturik, laguntza ematen diete haurrei nortasuna eta balioak finkatzeko eta munduaz edukiko duten irudia osatzeko, bai eta harreman eta adiskidetasun berriak gauzatzeko ere, beste pertsonekin eta inguruan duten munduarekin.


Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko lehendakariaren agurra

MAIDER BELOKI UNZU, Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko lehendakaria

Familia agurgarriak:

Udaleko Haur Eskolen sarea 4 hilabete eta 3 urte bitarteko haurrei zuzenduriko hezkuntza-zerbitzu publikoa da, familia-testuinguruko hezkuntza egoki eta ezinbestekoaren osagarri.

Profesional tituludun eta prestatuen lanari esker, proposamen txukun eta ondo pentsatutako materialen bidez, bai eta adin bereko haurren arteko harremanen bidez, haur guztiek jaiotzetik beretik dituzten gaitasun bereziak garatu ditzaten aukerak eskaini nahi ditu zerbitzu honek.

Abangoardiako pedagogia baten aldekoak gara, zeinak eraikin eta gune estetiko, egoki eta modernoak baliatzen baititu haurren ongizatea uneoro bermatzeko. Ikasgeletan jorratzen diren alor ezberdinak ukitzen dituzten proiektuak, lantegietako material adierazkorrak, eta batez ere, lo hartzeko unea, pixoihalak aldatzekoa edo bainua hartzekoa. Horra bereziki zaintzen diren alderdi batzuk, horiei esker sortzen baitira harreman afektiboak eta potentzialtasunak aditzera emateko aukerak, betiere etengabeko behatze- eta ikerketa-prozesuen bidez.

Elikadurak ere aparteko aipamena merezi du. Egonaldi osoko eskola guztiek sukaldea eta janaria prestatzeko langile kualifikatuak dituzte. Une honetan proiektu esperimental batean murgilduta gaude, gertuko eta sasoiko produktu fresko eta ekologikoetan oinarritzen dena, “Hemengoak-De Aquí” izenekoa. 2018-2019ko ikasturteari begira eskola guztietan ezarriko dugu proiektu hori. Halaber, hezteko une aparta denez gero, behar bezalako garrantzia ematen diogu bazkalorduari: zaindu egiten ditugu, alde batetik begirunea eta harremanak, eta bestetik, haur bakoitzaren nahiak eta gustuak.

Orobat, erabakia hartu dugu Iruñeko zonalde ezberdinetan hizkuntza-eredu zabala eta orekatua eskaintzeko.Gure desioa da, hezkuntza zerbitzu hau aukeratu duzuen guztiok, kolektibitatean heztearen abentura honetan gurekin batera gozatzeko aukera izan dezazuela.

MAIDER BELOKI UNZU

Iruñeko Udaleko Haur Eskolen Erakunde Autonomoko lehendakaria

Iruñean, 2018ko otsailean

Haur Eskolen erakunde autonomoarekin harremanetan jartzeko

948 420 098

Udala adi duzu

010

948 420 100
Iruñeaz kanpotik edo sakelako telefonotik deitzeko