1. Hasi

Menuak "Hemengoak-De Aquí"

Milango Ituna sinatzearen ondorioz, Iruñeko Udalak "Hemengoak - De Aquí" proiektua abiatu zuen, eta horren barruan gauzatu dira elikadura-sistema jasangarriago batekin lotura duten hainbat jarduketa eta estrategia.

Iruñeko Udalak zuzenean kudeatzen ditu 11 haur-eskola, Haur Eskolen Erakunde Autonomoaren bidez. Horietako hamarretan jantoki-zerbitzua eskaintzen da, eskolak egonaldi osokoak baitira. Salbuespena José María Huarte HE da; egonaldi erdia soilik eskaintzen duenez gero, ez du aukerarik ematen haurrek eguerdiko otordua bertan egiteko. Gainerako eskolek sukaldea eta jangela dute instalazioen barruan.

Jantoki guztietan zuzeneko kudeaketa egiten da, proiektu berari jarraikiz, eta horrek esan nahi du eskolak berak ematen duela zerbitzua, janaria prestatzeaz bezainbatean. Behar diren lehengaien hornidurari buruzko baldintzak ezarrita daude zerbitzua ematen duten enpresen kontratazio-espedienteetan, eta Iruñeko Udalari dagokio horiek tramitatzea.

Iruñeko Udalak onetsi zuen, 2016ko otsailaren 5ean Alkatetzak emandako Ebazpenaren bidez, Milango Itun gisara ezaguna den Hiriko Elikadura Politika Itunarekin bat egitea, honako inguruabar hauetan:

  • Hirien jarduna estrategikoa da elikagai-sistema jasangarriak garatu eta dieta osasungarriak sustatzeko.
  • Nekazaritza arloko familia-enpresak eta elikagai-ekoizle txikiak funtsezkoak dira hiriak zein horien alboko lurraldeak elikagaiez hornitzeko, eta modu horretan, kulturarekin bat datozen elikagai-sistema erresiliente eta bidezkoak babesteko. Halaber, elikadura-sistemak eta balio-kateak dieta jasangarriei begira berbideratzeak bide emango du kontsumitzaileak eta landa zein hirietako ekoizleak elkarri hurbiltzeko.
  • Funtsezkoa da lotura estua egotea elikadura-politiken eta hiri-esparruko bestelako erronka eta politiken artean, horrela ikuspegi ulerkor eta integratu bat edukitzeko, diziplinartekoa eta zenbait erakunderen artekoa.

Horrez gain, Itun hori sinatzen duten alkate eta ordezkariek honako konpromiso hauek hartzen dituzte:

  1. 1. Lan egitea elikagai-sistema jasangarriak, inklusiboak, erresilienteak, seguruak eta dibertsifikatuak garatzearen alde, modu horretan bermatzeko herritar guztiek janari osasungarria eskuratu dezaketela, betiere eskubideetan oinarritutako ekintza-esparru baten barruan, eta xede hartuta elikagai-hondakinen kopurua gutxitzea eta biodibertsitatea zaintzea, eta, aldi berean, klima-aldaketaren ondorioak baretzea eta horietara egokitzea.
  2. 2. Koordinazioa bultzatzea Udaleko eta lurralde-esparruko departamentu eta sektoreen artean, horrela lortzeko hiri-elikadurako politikekin loturiko ideiak aintzat har daitezen hala politiken barruan nola gizarte, ekonomia eta ingurumen-arloetako programa eta ekimenetan, baldin eta interesgarriak badira honako gai hauei begira, besteak beste: elikagaien banaketa eta hornidura, gizarte-babesa, nutrizioa, ekitatea, elikagaien ekoizpena, aginduak, elikagaien segurtasuna eta hondakinen murrizketa.
  3. 3. Koherentzia sustatzea elikadurari buruzko politiken eta udal-programen artean, bai eta politiken eta kasuan kasuko nazioko, nazioz gaindiko, eskualdeko zein nazioarteko prozesuen artean ere.
  4. 4. Elikadura-sistemako sektore guztiak engaiatzea (tokiko autoritateak, erakunde tekniko eta akademikoak, gizarte zibila, ekoizle txikiak eta sektore pribatua barne), elikadura-esparruan politika, programa zein ekimenak garatu, gauzatu eta ebaluatu ditzaten.
  5. 5. Berrikusi eta aldatzea hirietan dauden politikak, planak eta arauak, elikadura-sistema bidezko, erresiliente eta jasangarriak sortzen laguntzeko.
  6. 6. Hiri bakoitzean, Jarduketa Markoa erabiltzea hiriko elikadura-sistema propioa antolatzeko abiapuntu gisa, eta egindako aurrerabideak partekatzea Itunean parte hartzen duten hiri, nazio-gobernu pertinente eta nazioarteko erakundeen artean, halakorik badago.
  7. 7. Beste hiri batzuen parte-hartzea sustatzea gure jardunaren esparruan, betiere elikadura-politiken alde.

Milango Itunaren testuak badu, eranskin gisa, Jarduteko Marko Estrategikoa, eta hori da abiapuntua hiriaren elikadura-sistema tokian-tokian antolatzeko. Marko Estrategiko horren barruan gomendatzen da neurri hauek hartzea, besteak beste:

  • Elkarlana bultzatzea agentzien eta udal-alorren artean, eta elkarren pare jartzea sektore eta maila-administratibo desberdinetan elikadura-sistemari eragiten dioten politikak eta programak.
  • Dieta jasangarriak sustatzea (osasungarriak, seguruak, kulturalki egokiak, jasangarriak ingurumenari dagokionez eta eskubideetan oinarritutakoak) hezkuntza-arloan programa egokiak abiatzearen bitartez, eta arreta berezia jarrita eskoletan.
  • Dieta desegokiekin eta obesitatearekin loturiko gaixotasun ez transmitigarrien aurka egitea, halako moduan non arreta berezia jarriko baitzaie, hala jotzen denean, azukre-ekarpenaren murrizketari, trans gantz azidoei eta haragi, esneki zein gazta-produktuei, eta areagotuko fruta, barazki eta prestatu gabeko elikagaien kontsumoa.
  • Ildo jakin batzuk zedarritzea dieta jasangarrien alde, argibideak emateko kontsumitzaileei, hiriko plangintzen arduradunei (bereziki elikagaien kontratazio publikoarekin lotura dutenei), elikadura-zerbitzuen hornitzaileei, txikizkako saltzaileei eta elikadura-ekoizpen eta transformazio arloko operadoreei; eta bultzada ematea komunikazio- zein prestakuntza-kanpainei. Laguntza ematea hornidura-kate laburrei, ekoizle-erakundeei, ekoizle-kontsumitzaileen sare eta plataformei eta bestelako merkatu-sistemei, baldin eta azpiegitura sozialak eta ekonomikoak txertatzen badituzte hiri-eremua eta landa eremua lotuko dituen hiriko elikadura-sistema bat lortze aldera. Horrek barne hartzen ditu gizarte zibilaren ekimenak, ekonomia sozial eta solidariokoak, bai eta merkatu alternatiboen sistemak ere.

Hori horrela, proiektu esperimentala abiatu da bi haur-eskolatan (Hello Buztintxuri eta Donibane), xede duena menu bat proposatzea lehentasunezko irizpide hauek beteta: gertuko elikagaiak erabiltzea, freskoak, sasoikoak, ekologikoak, eta zuzenean ekoizleei erositakoak, erosketa-prozesu publiko baten bitartez.

Proiektu esperimental horren balorazioa positiboa da, erabat, eta lizitazio-prozesu publiko bat abian da horrelako menuak Udalaren haur-eskola guztietara hedatzeko.

Proiektuak harreman holistikoa dauka Haur Eskolen Ildo Pedagogikoarekin. Izan ere, proiektuak ongizatea, begirunea, lagun egitea eta inklusioa bilatzen ditu, halako prozesuetan, non haurtzaroaren eta ingurumenaren kulturarekiko errespetua den nagusi.

AZTERLANA, IRUÑEKO UDALAREN HAUR ESKOLETAKO ARRISKUEN ETA KONTROLGUNE KRITIKOEN GAINEAN (pdf, 587Kb )


Haur Eskolen erakunde autonomoarekin harremanetan jartzeko

948 420 098

Udala adi duzu

010

948 420 100
Iruñeaz kanpotik edo sakelako telefonotik deitzeko